"Prekaritatearen txiringitoa" paratu dute Arte Ederretako Museoaren parean

uriola.eus 2016ko uzt. 15a, 08:25
Argazkia: ELA sindikatua

Greba mugagabean 37. eguna izan zuten atzokoa Bilboko Arte Ederren Museoan azpikontratatuta lan egiten duten beharginek. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen duten museoko patronatua jo dute "azpikontrataten prekaritatearen" erantzule. Hori dela eta, "prekaritatearen txiringitoa" muntatu zuten museoaren parean. 

Grebaren ondorioz itxita dagoen museoaren aurrealdean toallak eta eguzkitakoak zabaldu zituzten langileek 37. greba egunean. "Prekaritatearen txiringitoa" muntatu zuten, euren egoeraren "erantzuleak", "Aburto, Rementeria, Urkullu edota Viar on holiday" (oporretan) dauden bitartean. Museoko jabe diren erakundeak (Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) "erantzukizunak saihestuz" ari direla salatu du Juan Jose Capetillo langileen bozeramaileak. Ondorioz, aurtengo udarako museoaren apustu nagusia zen hiperrealismoari buruzko erakusketako artelanak "Alemaniara itzul daitezke inork ikusi gabe, eta muntaiak eragindako gastuak ordainduta, gainera".

Joan den astean Manpower Group enpresak orduko 0,25 zentimoko igoera proposatu zien beharginei. Eskaintza "miseria izozkiekin" parekatu dute. Luzatzen ari den negoziazioa bizkortze aldera, epe laburrean langileak izango dira enpresari eskaintza egingo diotenak. Hilean 1.200 euroko soldata garbia eskatzen dute, 14 pagatan, baina prest daude datozen hiru urteetan progresiboki jasotzeko igoera hori.