Artearen “macdonalizazioaren” aurrean, enplegu duina exijitu dute Guggenheimeko hezitzaileek

uriola.eus 2016ko ira. 8a, 13:13
Argazkia: Ecuador Etxea @EcuadorEtxea

Irailaren 5ean Bilboko Guggenheim Museoan Manpower Groupek azpikontratatuta dauden gida eta hezitzaileek greba mugagabea hasi zuten 18 hezitzaileren kaleratzea salatu eta lan-baldintzak hobetzeko eskatuz. Harrezkero hainbat mobilizazio burutu dituzte. Gaur "Burguerheim" irudikatuko dute, "artearen fast-food"-a.

Guggenheim museoaren zuzendaritzaren eta bere patronatua osatzen duten instituzio publikoeei "enplegu duina emango dien konponbidea" exijitu diete gaur museo aurreko plazan langile kaleratuek. Joan den uztailetik egin bezala, azken bost urtetan pairatu duten "prekarietatea" salatu dute. Hezitzaileen hitzetan, bai zuzendaritzaren bai patronatuaren kudeaketa "negargarria" izan da. "Gure kasua, guztion artean finantzatzen ditugun instituzio kulturaletan ematen den artearen 'macdonalizazioaren' adibide argia da. Instituzio hauek gutxi batzuen kortijo pribatua bilakatu dira". 

Museoak azpikontratatutako Manpower enpresaren bitartez eskaintzen dituen heziketa programen bitartez, hezitzaileak museoaren 'aurpegia' izan dira. "Oinarrizko eta lehentasunezko funtzioa" bete dute Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariaren hitzetan. Guggenheim "nagusiki" instituzio hezitzailea dela adierazi du Vidartek orain baino lehen, "artea publiko zabalari gerturatu" nahi dion espazioa.

Museoko arduradunen hitz politen atzean dagoen errealitatea, langile azpikontratauen egunerokoa oso bestelakoa da. "Gure lana ilusioa, ahalegina eta hutsetik hasita zerbitzu bat aurrera ateratzeko gogoekin egiten digu, eta bisitariek (200.000 azken urtean) eta museoak berak langile bikain bezala aitortu gaitu", diote langileek. Hala ere, euren soldatek (orduko 5,35 euroko soldata oinarria) eta lan-baldintzek (antzinatasun, laneko kategoria, gauekotasun eta aitortutako jaiegunik eta laneko baja duinik gabe) "oso prekarioak dira" eta "bikaintasunetik oso aldenduta".

Gaurko agerraldian azaldu dutenez, "ez gara duintasunik gabeko baldintzak dituzten museoko langile bakarrak", baina bai enplegua duintzearen alde "pauso bat aurrera egitea" erabaki dutenak.

 

Patronatuaren isiltasuna

Arduradun gorenengana jo dutenean, museoko patronatoak "isiltasunarekin" erantzun die. "Eztabaidarik abiatu gabe eta ezertxo ere negoziatu barik", urriaren 1etik lanpostu guztiak suntsituko zirela jakinarazi zien 18 hezitzaileri. 

Marta Arzak Hezkuntza departamentuko zuzendariak eta Garbiñe Urrutikoetxea Giza Baliabideetakoak "paperaren gaineko indarkeria" erabiltzeaz salatu dituzte grebalariak mobilizaioetan banatutako eskuorrien bidez "gure benetako baldintzak zeintzuk ziren iritzi publikoari jakinarazteagatik". Museoaren irudiari "eraso egin" eta zikintzea leporatu die.

"Bertakoa izateaz harrotzea exijitzen zitzaigun bitartean, oroitarazten ziguten ez garela izan eta ez garela izango museoko langileak, hondarreko langileak baizik. Hau da, gure grebarako eskubidea baliatzeagatik, zuzendaritza eta patronatuak, gu ez kaleratzearren, zuzenean suntsitu ditu lanpostu guztiak, baldintza hobetu eta aurretik negoziatu barik. Hauxe da Udalak, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Juan Ignacio Vidartek sustatzen duten kultur-eredua".

Neurri berriak ez dio "prekarietateari amaiera jartzeko"

Urriaren 1etik aurrera urtebetez "berregituratuko" dute Hezkuntza departamentua. Aldaketa hori "langileon zilegizko aldarrikapen batek ekarri duen presazko erabakia" da. Orain arteko 18 langileak 3 pertsonak ordezkatuko dituzte. Zuzenean kontratatuko dituzte urtebeterako, 2011tik gaurdaino "lan-poltsa itxita duen enpresa batean bidez". Enpresa hori instituzioekin "ados-jartzearen susmopean" dago. Greban dauden 18 hezitzaileek ez dute lanpostu horiek eskuratzerik izango.

Neurri horrekin, Hezkuntza zerbitzuak modu "nabarmenean" murriztuko dira, gelako orientatzaileak desagertuko dira eta ikastetxeentzako bisita komentatuak "kopuru eta kalitatean murriztuko dira", taldeko bisitari kopurua 25eraino "masifikatuz".

Tailerrek 2 ordutatik 1,5 ordutara murriztuko dute euren ordutegia eta bisitak 5 ordu desberdinetan 2 talderekin era berean egitetik 3 ordu desberdinetara egingo dira. 

Hiru langileak "ez dira nahikoa" izango orain arteko irizpideen arabera zerbitzuak eskaintzeko. Lehengo 18en aldean askoz gutxiago izan arren, lan baldintza hobeak iznago dituzte. Aitortutako kategoria duten profesional bezala kontratatuko dituzte. Honela, museoak "modu inplizituan aitortzen du azken bost urteotan ez gaituztela kontratatu zegokigun kategoria profesioanalaren arabera".

"Beste profesional batzuk" beharrezkoak balira, eta "horrela izango da zerbitzuaren kalitateari eutsi nahi bazaio", kanpotik kontratatuko dira. Modu horretan "ez zaio inola ere prekarietateari amaiera jartzen, arazoa izkutatu baino ez da egiten", grebalarien aburuz. "Prekarietateak hor dirau eta zerbitzu gutxiago izango da eta kalitate apalagokoak, baina pertsonak ez gara desagertzen, paretik kentzen gaituzte soilik. Ondorioz, erabili eta botatzeko langile eta pertsona bilakatzen gara".

Horregatik dei egin diete herritarrei, instituzio publikoei, alderdi politikoei eta komunikabideei, "pertsonentzako herria eta kalitatezko enpleguduna eraikitzea helburu dutenak, ez gaitzaten izkutatu". Enplegu duin eta kalitatezkoaren alde jarraitzen borrokan jarraitzeko prest agertu dira, "artearen macdonalizazioaren aurka eta kultur-instituzioen kortijismo politikoaren aurka. Ez dugu amore ematen, eta patronatoari, hezitzaileen lantaldeari enplegu duina emateko konponbidea eskatzen jarraitzen dugu. Ongi etorriak Burgerheimera, ongi etorriak artearen fast-food-era".

 

Aburtoren agerraldia

EH Bildu, Udalberri eta Goazen udal taldeen eskariz, Bilbo alkatearen agerraldia izango da udaletxean bihar, hilak 9, Guggenheimeko langileen egoeraz hitz egiteko.