Guggenheimeko hezitzaile kaleratuek manifestazioa egingo dute Bilboko kaleetan

uriola.eus 2016ko ira. 13a, 08:30
Argazkia: EH Bildu Bilbo ‏@ehbildubilbo

Guggengeim Bilbao Museoko patronatua osatzen duten Bizkaiko Foru Aldundira eta Bilboko Udalera euren protesta eraman ostean, 18 hezitzaile kaleratuak Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkartuko dira bihar euren "lanpostuen defentsan". 

"Soldata duina eskatzearren" kaleratuak izan direla salatuko dute Bilbon, Kale Nagusian, Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean. Bertatik abiatuko da bihar 10:00etan manifestazioa 'Guggenheimean kaleratzerik ez!' goiburupean. 

Joan den ostiralean, Bilboko Udalean izan zuten hitzordua. Lehenik, udaltxeko eskaileretan, elkarretaratze laburra burutu zuten eta, ondoren, barrura sartu ziren Udal Gobernuaren agerraldia jarraitzera. Izan ere, EH Bildu, Udalberri eta Goazen udal taldeen eskariz, Bilboko alkatea Guggenheimeko langileen egoeraz hitz egitekoa zen talde politikoen ordezkariekin. "Alkatea alkatea dela eta", azkenik, Mikel Alvarez Yeregui Giza Baliabideetako zinegotziak eman zituen eskatutako azalpenak. 

Udal gobernuak "ontzat" eman du Guggenheimek hezitzaileen grebaren aurrean hartutako erabakia. Hau da, ontzat eman du 18 langile kaleratzea eta 6 lanpostu deuseztatzea. Alvarezen esanetan, Guggenheimek "ezin du bere gain hartu langile kopuru hori. Etorkizuneko ekonomiaren ikuspuntutik, subrogazioa da". 

 

"Udalari ez zaio askorik axola Guggenheim Bilbao Museoko prekarietatea"

Alvarezek 18 profesionalen zeregina "mespretxatu" duela uste dute hezitzaileek. Museoko heziketa programa "esperimentala" dela esanez, nahiz eta urte luzez eskaini izan den eta errotua dagoen. Hezkuntza museoetan ez da ez "esperimentala" ezta "hondarrekoa" ere.

Bilboko Udaleko arduradun politikoen hezkuntza zerbitzuaren inguruko "ezjakintasuna" argi geratu da hezitzailen iritzi. "Nahiz eta 3 hezitzailek soilik 18 langileren lan karga jasatea ezinezkoa den, aurreko urteetako jarduera kopurua mantenduko dela ziurtatzen dute. Guggenheim Museoak argitaratutako hezkuntza programa ikusita, non zerbitzuak murrizten diren, badakigu hau guztiz faltsua dela".

Ondorioztatu dutenez, Udal Gobernuari "ez zaio askorik axola" Guggenheim Bilbao Museoko lan prekarietatea. "Herritarren lan duintasunaz ez arduratzea" leporatu diote: "Zer nolako udal ordezkariak oinarritzen du bere agerraldia soilik datu ekonomikoetan, artea kulturan zabaltzeko zeregina duen onuragabeko Fundazio bati buruz hitz egiten ari garenean?".

 

EH Bildu eta Udalberriren kritikak

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak Udal Gobernuaren jarrera gogor salatu du. "Langileek eskatzen duten bakarra lan baldintza duinak dira. Eta hori museoak bere gain har dezake. Are gehiago, museoak bere gain hartu behar du. Museoko hezitzaileek orduko 5 euroko soldata daukate, lanera joan baino egun pare bat lehenago esaten diete zein egunetan egin behar duten lan… Horiek ez dira lan baldintza duinak".

Langileei ezarritako "zigorra" azpimarratu du Amaia del Arenal Udalberriko zinegotziak. Museoko hezitzaileak euren lan egoera hobetu asmoz hasitako greba dela eta, kaleratuak izan direla nabarmendu du. Arenalek ere gogor gaitzetsi du erakunde publikoek kaleratzeak "babestu izana". Erakundeek "enpresa eredu kapitalistaren aurpegi krudela erakutsi dute".