Kor’sia konpainiarekin abiatuko da 2016ko Dantzaldia

prestaldizkaria 2016ko ira. 23a, 08:15
Kor’sia konpainiaren 'Cul de Sac' (argazkiak: dantzaldia.org)

Egungo dantza sorkuntzari gertutik begiratzen dion "kaleidoskopio handia" da Dantzaldia jaialdia. Gaur emango diote hasiera nazioarteko jaialdiaren 17. edizioari Cul de Sac ikuskizunearen estreinaldi absolutuarekin.

Dantzak une hauetan ordezkatzen duen "kaleidoskopio handi horri begiratzeko" abagunea eskainiko du Dantzaldiaren edizio berriak, Marian Etxebarria La Fundicioneko kidearen esanetan. Dantzari "esplorazioz, sorpresaz eta enkontruz beteriko kaleidoskopio handiari so egiteko". Sortzaileen proposamenek "kolore-paleta horrek konposizio-askatasunera, behaketa estetikora, tradiziora, kritika sozialera" eramango ditu ikusleak. Begirada "bakun" eta "pluralak" izango dira, "berriro ere zuen begiraden enkontrura joango direnak".

Kor’sia konpainiaren Cul de Sac sorkuntza lana da horren adibide. Bertan, Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko dantzari batzuek parte hartu dute. Izan ere, Cul de Sac Dantza Konpainia Nazionalaren Sorkuntza Erresidentzietarako deialdian sortua izan da, ikerketa-proiektu bezala. Juan Muñoz artista plastikoaren lana omendu nahian, gaitzat hartu dituzte Mattia Russo eta Antonio de Rosa koreografoek "gizaki ororen errealizazio nahiak oztopatzen dituzten muga fisiko eta mentalak".

Gaur, 20:30ean, Barakaldo antzokian estreinatuko da.

Irailaren 24an eta 25ean, Helene Weinzierlek zuzentzen duen Vienako Laroque konpainia publikoarekin jolastuko da Democrazy-ari buruzko bere galdera sorta osoarekin. Urriaren 6an Claudia Dias Portugaletik etorriko da, eta K.O. utzi gaitzake ekarriko duen boxeo-konbate zorrotzarekin. La Veronalek eta Marcos Morauk Errusiara eramango gaituzte azaroaren 3an Russia izeneko piezarekin, Baikal lakura hain zuzen ere, beldurraren irudikapen geografiko bezala. Azaroaren 26an Po-Cheng Tsaik zuzendutako Taiwango B. Dance konpainiak Asia hego-ekialdeko tradizioetan inspiratutako lan batzuk ekarriko dizkigu bizitza eta bere errituei buruz hitz egiteko. Eta amaitzeko, Rocio Molinak bere Sorkuntza berria emango digu. Chaillot antzokian orain gutxi estreinatu den errezitaldi honek Molinaren gorputza dauka instrumentu bikaintzat, eta instrumentu horrek gainontzeko guztiei laguntzen die planteamendu diptikoko pieza honetan.

 

Sei espazio

17. Dantzaldiko proposamenak sei egoitza-gunetan taularatuko dira. Rekalde aretoan, Barakaldo antzokian, La Fundicionen, Azkuna Zentroan, BBK aretoan eta Guggenheim Bilbao Museoan, hain zuzen ere. 

 

Tailerrak

Dantza-profesionalentzat eta dantza-ikasleentzat tailerrak izango dira. Dantzabizekin (Bizkaiko Dantza Etxea) elkarlanean antolatu dira berriro ere, erakunde horrek antolatzen dituen Ibilbide Pedagogikoen osagarri. Mattia Russok eta Antonio de Rosak zuzenduko dituzte beren metodologia eta unibertso koreografikora hurbiltzeko eskolak.

 

Zinea eta solasaldiak

Ohikoa den legez, zineaz ere gozatzeko aukera izango da, kasu honetan Choreoscope jaialdiaren hautaketa batekin eta gorputzarekin nahiz dantzaren bilakaerarekin loturiko hainbat solasaldirekin. Profesionalen topaketek eta bitartekaritza lanak "kontaktu eta denbora partekatuen zirkulua osatzen lagunduko dute", Marian Etxebarriaren arabera, "bai ikusle amorratuekin bai hain amorratuak ez diren baina nahi izango luketen ikusleekin". 

 

dantzaldia.org

Irailak 23 ostirala
20:30 - Barakaldo, Barakaldo Antzokia: Kor’sia konpainia:Cul de sac

Irailak 24 larunbata
20:00 - Bilbo, La Fundicion: Laroque konpainia: Democrazy

Irailak 25 igandea
19:00 - Bilbo, La Fundicion: Laroque konpainia: Democrazy

Urriak 6 osteguna
20:00 - Bilbo, Azkuna Zentroa: Claudia Dias: Monday – Whatch out for the right!

Azaroak 3 osteguna
20:00 - Bilbo, BBK Aretoa: La Veronal:Russia

Azaroak 26 larunbata
20:00 Bilbo, Guggenheim Museoa: B.Dance konpainia: Floating flowers – Huginn/Muninn – Silence Scream – Innermost

Abenduak 7 asteazkena
19:30 - Bilbo, BBK Aretoa: Rocio Molina: Nueva creación