Enplegu Planak 516 lanpostu sortuko ditu hirian

uriola.eus 2016ko urr. 5a, 13:02

'Bilbao 2016 Enplegu Planak' hiru erronka nagusi hauei erantzuna emateko helburua du: jarduera ekonomikoa sortzea, enplegurako aukera berriak sortzeko prozesua bultzatzea eta kohesio- eta ongizate-politikak sustatzea. Gaur bertan aurkeztu dute ekimen hau Juan Mari Aburtok eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua den Angel Toñak.

Ekimena hiriko udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatzen duten estrategiaren barruan kokatzen da, eta bere helburu nagusia lan-merkatua suspertuko duten eta kontratazioari mesede egingo dioten programa eta esku-hartzeak martxan jartzea da, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei arreta berezia jarriz.

Horrenbestez, '2016 Enplegu Plana', batetik, erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta, bestetik, enpresa pribatuekin, laneratzeko enpresekin, enpleguko zentro bereziekin eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin egindako elkarlanaren fruitua. Alkatearen esanetan: "Ezaugarri hauetako proiektu bat sustatzeko bide bakarra elkarrekin egindako apustua da, horri esker ahalegin eta gogoak batzen baitira lan-merkatua aktibatzeko". Hori guztia Udalaren Gobernu Plana betez, zeinak bere lehen jarduketa-ardatzean zehazten duen enpleguaren gaineko zuzeneko ekintzen programak bultzatuko direla, bereziki gazteenen eta lan-merkatuan txertatzeko zailtasun gehien dituztenen artean.

Juan Mari Aburto alkatearen iritziz: "Erakundeek eta enpresek elkarlanean jarraitu behar dugu, gure hiriko ekonomia sustatzeko eta enplegu gehiago sortzeko. Hori da gure erronka eta ahalegin nagusia".

Bestalde, Angel Toña sailburuak tokiko enplegu planen garrantzia nabarmendu du. Aurten Euskal Autonomia Erkidego osoan guztira 21 milioi euro bideratu dira horretara. "Guk ulertzen dugunaren arabera –adierazi du– aukera produktibo berriak antzemateko lekurik aproposena tokiko eremua da. Azken finean, enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartu nahi dugu".

Genero berdintasuna eta auzoen garapena

Edizio honetan, Udalak indartu egin du aukera berdintasunarekin eta genero perspektiba txertatzearekin duen konpromisoa, joan zen otsailean osoko bilkurak hartutako erabakia betez. Erabaki horren bitartez, emakumeek lanpostu bat eskuratzeko prozesua hobetzeko neurri-sorta jakin bat onetsi zen, eta udalaren enplegu planetako kontratazio-kuota ehuneko 40tik ehuneko 50era igo zen. Lehenengo aldiz, emakume kopurua gutxienez %50ekoa izango da –hau da, 258–, eta guztira 516 izango dira kontratatutakoak. Programa honen lehenengo deialdiaz geroztik mantendu den beste nortasun-ikur bat auzoen garapen orekatua sustatzea da, auzoetan merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera ekonomikoa sustatuz.

5.707.660 euroko aurrekontua

'Bilbao 2016 Enplegu Planak' 5.707.660 euroko aurrekontua du; Eusko Jaurlaritzak 4.269.660 euroko ekarpena egin du Lanbideren bitartez, eta Bilboko Udalak, berriz, 1.438.000 eurokoa.

Egitasmo honi esker guztira sortuko diren 516 lanpostuetatik, Bilbao Ekintzak zuzenean 191 kontratazio kudeatuko ditu. Beste 300 kontratu enpresa pribatuek gauzatuko dituzte, eta beste 25 erakunde sozialek, laneratzeko erakundeek eta zentro bereziek. Aurreko urtean 457 lanpostu eskaini ziren, eta horietariko 193 Bilbao Ekintzak kudeatu zituen, enpresa pribatuek 222 kontratu gauzatu zituzten, eta gainontzeko 42 lanpostuak irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatu zituzten.

Aurreko ekitaldiarekin alderatuta zenbateko osoa ehuneko 13 hazi da, hau da, 59 pertsona gehiago.

Egoera zaurgarrienetan dauden pertsonei zuzendutako plana 

'Bilbao 2016 Enplegu Planaren' ezaugarri bereizgarri bat izaera soziala da, egoera zaurgarrienetan dauden kolektibo eta pertsonen eskarietan oinarrituta dagoena. Egingo diren 516 kontratazioetatik ehuneko 50 emakumeenak izateaz gain, proiektu honek lehentasuna ematen die 55 urte baino gehiago dituzten pertsona nagusiei, guztiaren ehuneko %55 alegia (77 pertsona).

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta Udalak Bilbao Ekintzaren bitartez sortutako lanpostuei dagokienez (216), Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat izango dira aipatutako lanpostuen %30 gutxienez; gainerako ehuneko 70a, berriz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten taldeentzako izango da, besteak beste lehenengo lanpostuaren bila dabiltzan 35 urtetik beherakoak, langabeak eta langabezian denbora luze daramaten pertsonak.

Bilboko Udalaren kontratuak: Hiriarekin konpromisoa

• Eraikin publikoak birgaitzea...

'Bilbao 2016 Enplegu Planaren' ezinbesteko zutabe bi dira izaera soziala duten esku-hartzeak identifikatzea eta hiria birgaitzea, auzoetan eta pertsonen bizi-kalitatean eragin positiboak sortuz. Horrekin lortu nahi dena da, aurreko edizioetan egin den bezala, hirian aztarna uztea.

Hala, Bilbao Ekintza udal erakundeak kontratatuko dituen 191 pertsonetatik 120 pertsonek udaleko higiezin eta eraikinak birgaitzeko lanetan hartuko dute parte, baita hiriko eta udaleko altzari eta ekipamenduak eguneratu, hobetu eta lehengoratzeko lanetan ere.

Horrez gain, kolektibo honetako kideek beste hainbat jarduera gauzatuko dituzte, hala nola Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko hasierako prozesuan laguntzea, Iralako auzoan birgaitze iraunkorra gauzatzeko kudeaketa dokumentala edo berregokitu behar diren eraikinetako jabeen erkidegoetan bitartekaritza-lanak egingo dituzte.

• Ostalaritza eta merkataritza

Ostalaritza eta merkataritza ezinbesteko sektoreak dira hiriko ekonomian, eta beraz, horiek ere espazio propioa dute 'Bilbao 2016 Enplegu Planean'. Ekimen honi esker 8 pertsona kontratatuko dira, eta pertsona horiek ostalaritzari zuzendutako beheko solairuetako lokalen azterketa bat egiteaz gain, alor honetako jarduera-baimenen kudeaketa dokumentalaren eguneratzeari buruzko txosten bat ere gauzatuko dute. Horrez gain, establezimenduetako gehieneko edukierari buruzko berrikuspen bat ere egingo dute, eta jarduketak gauzatuko dituzte merkataritza-jarduera dinamizatzeko.

• Baso-lantaldeak eta hiriko zizeroiak

Bilbao Ekintzak kontratatuko dituen 191 pertsonen artetik 21 pertsonako talde batek basoko lanak egingo ditu, hau da, landaketak egin eta hiri altzariak egokitu dituzte aisialdi eremuetan eta jolasteko esparruen bazterretan sasiak kenduko dituzte besteak beste. 12 pertsonako talde batek ezagutza guztiak partekatuko ditu turismoaren, ekimenak antolatzearen, nazioarteko foroak kudeatzearen eta beste hiri batzuekin dauden akordioen alorretan. 6 informatzaile edo hiriko zizeroi kontratatuko dira; horietako lauk Bilbao Turismoko sare sozialak digitalizatu eta kudeatuko dituzte, eta beste biek ekimenak eta nazioartekotzea kudeatuko dituzte.

• Elkarbizitza, berdintasun eta genero ikuspegia

11 profesionalek proposamen hauen inguruan arituko dira lanean: emakumeen aurkako indarkeria prebenitu eta sentsibilizatzea; kooperazioari eta immigrazioari zuzendutako baliabideen jarraipena; udaleko etxebizitzetan bizi diren pertsona nagusien egoeraren azterketa; auzoko agenteak, edo “Artxanda, tarte bat oroitzapenerako” proiektua.

Horrez gain, beste bi lagun egongo dira lanean sei hilabetetan zehar Udal Bandaren artxibo fisiko eta digitala garatzen eta Bilbao Musikari loturako proiektuak bultzatzen.

Kontratuak eta diru-laguntzak

'Bilbao 2016 Enplegu Planaren' bidez sinatuko diren lan-kontratu guztiek gutxienez 3 hilabeteko eta gehienez 6 hilabeteko iraupena izango dute lanaldi osoan edo erdian eta 2017ko maiatzaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.

Udalak Bilbao Ekintzaren bitartez sustatuko dituen enplegu guztiak lanaldi osokoak izango dira. 

Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez finantzatutako diru-laguntzak honakoak dira:

Esparru publikotik (Bilbao Ekintza) sustatutako kontratazioak, eta laneratzeko enpresen, enplegurako zentro berezien eta laneratze- eta gizarteratze-arloetan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko gizarte erakundeen bidez egindakoak: 

- Gehienez ere 12.500 euro lanaldi osoan edo erdian egiten den lan-kontratu bakoitzeko (12 pertsona kontratatzen dituen erakunde bat dago, lanaldiaren % 75ekin), sei hilabetez.

Tokiko enpresa pribatuek egindako kontratazioak:

- Gehienez 3.000 euro lanaldi osoko 3 hilabeteko kontratu bakoitzeko.

- Gehienez 6.000 euro lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratu bakoitzeko. 

- Gehienez 9.000 euro lanaldi osoko 6 hilabeteko kontratu bakoitzeko, Lanbidek ezarritako lehentasunezko taldeetako pertsonak kontratatzen direnean.

Proiektu partekatua

'Bilbao 2016 Enplegu Plana' lankidetza publiko eta pribatuko prozesuaren emaitza da eta, hasiera-hasieratik, hirian presente dauden erakunde, elkarte eta agente sozial eta ekonomikoen babes eta onespena izan du.

Proiektu hau errealitate bihurtu da abiarazteko fasean hainbat eragile inplikatu direlako, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, laneratzeko enpresak edota enplegu zentro bereziak, esaterako Gaztaroa Sartu, Sokaire, Agiantza elkartea, Zubietxe, Claret Sozial Fondoa fundazioa, Izangai elkartea, Aurrerantz eta Zaintzalan elkartea; guztira 25 pertsona kontratatuko dituzte.

Horrez gain, 'Bilbao 2016 Enplegu Planak' aurreikusten duenez, hainbat enpresa pribatuk 300 pertsona kontratatuko dituzte. Enpresa pribatuak inplikatzeak balio erantsi nabarmena dauka; izan ere, ekimen honen azken edizioan parte hartu zuten enpresa pribatuen % 92 proiektu honen babespean kontratatutako pertsonen lanpostuei eustearen alde agertu zen Bilboko udal erakundeak egindako gogobetetasun-inkesta batean. 

Zalantza izpirik gabe, datu ona da, 2014an izandakoa baino hobea (ehuneko 87), eta datu horrek programa honen berezko zutabeetako bat bermatu eta aurrera jarraitzeko bokazioa berresten du.

Hautapen-prozesua

'Bilbao 2016 Enplegu Planean' parte hartzeko ez da eskabiderik egin behar. Lau baldintza hartuko dira kontuan: Bilboko bizilaguna izatea, langabezian egotea, Lanbiden lanpostu-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta 2016ko ekainaren 15eko Ebazpenean ezarritako kolektiboren bateko kide izatea. Euskal Enplegu Zerbitzuak hasierako lehen hautaketa bat egingo du, eskainitako lanpostuetan oinarrituta, ezarritako irizpideak betetzen dituzten eta eskatutako profilera egokitzen diren horien artean. Bilbao Ekintza udal enpresak, ekimen honetan parte hartzen duten erakundeekin lankidetzan, azken hautaketa gauzatuko du, aurrez aurreko elkarrizketa baten bidez, prozesu ireki eta gardena bermatuz.