Saioa Bacigalupe: “Adibideekin erakutsi nahi dugu alternatibak egon badaudela ekonomia sozial eta solidarioaren baitan”

bertonaldizkaria 2016ko abe. 16a, 12:42
Argazkiak: Iñigo Azkona

Ekonomia Sozial eta Solidarioa (ESS) hedatzen ari da, neurri garrantzitsuan, besteak beste, geroz eta gehiago direlako ekonomia eraldatzeko garaia dela pentsatzen dutenak. Alternatibak sortu dituzte sektore ia guztietan, eta horiei buruz hausnartu dute REAS Euskadi sareak azaroan Bilbon antolatu duen kongresuan. 

Ekonomia Sozial eta Solidarioak (ESS) altenatiba izateari utzi eta errealitate izatea lortu duela ondorioztatu duzue ESSren II. Kongresuan. Zein neurritan lortu duzue erreal izatea?

Neurri handian. Tokiko politika publikoei buruzko mintegiarekin hasi zen kongresua, eta bertan aurkeztu zen politika publikoen gida bat non azaltzen den zer nolako praktikak gauzatzen ari diren erakunde publikoak ekonomia sozial eta solidarioaren arloan. Praktika errealak dira. Udal txiki, udal handi edota foru aldundiek abian jarritakoak. Kongresuan Hernaniko Udaleko eta Gasteizko Udaleko ordezkariek nork bere praktiken berri eman zuten. Oso gauza interesgarriak esan zituzten.

Adibidez?

Lehentasunak desberdinak dira bi udalen kasuan, baina hor ari dira gizarteratzeko prozesuak lantzen, energia berriztagarrien kooperatibekin lan egiten, erosketa publikoa egiten edota ekonomia solidarioarekin konpromisoa daukaten enpresekin lankidetza sustatzen.

Ekonomia inklusibo eta solidarioa da kongresuan landu duzuen sei adarretako lehena.

Pobrezia gaietan eta prozesu inklusiboetan aditua den Maria Luz de la Calek hitzaldia eman zuen. Bere esanetan, pertsonen inklusioa sustatzeko lanaren garrantzia funtsezkoa da. Adibideak bigarren egunean eman zituzten arlo horretan aritzen diren Peñascal kooperatibak, Traperos de Emausek eta Observatorio DESCek. Esaterako, Peñascal kooperatibak gizarteratzeko prozesuetan lan handia egiten du Bilbon, ikasketatik praktikara oso esparru desberdinetan: catering zerbitzuan, zurgintzan… Azken egunean, tailer batean bildu zituzten partaideen iritzi eta ekarpenak kongresu amaierako manifestua elikatzeko.

“Ekonomia solidarioa izango da feminista bada”, adierazi duzue kongresuan. Zer esan nahi du zehazki?

Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sarearen (REAS) baitan gaudenok uste dugu eraldaketa haratago eraman behar dugula feminismoan oinarrituta, gure buruarengandik hasita. EAEn badago EkoSolFemek taldea, ekonomia sozial eta feminista sustatzea xede duena, eta bere laguntzari esker, feminismoa adar gisa landu dugu kongresuan eta gainerako adarretan era transbertsalean. Besteak beste, kongresuko partaidetza parekidea izan da eta lan boluntarioa bistaratzen ahalegindu gara. Gauza asko eta txikiak dira, baina kontuan izan beharrekoak. 

Ekarpenen arloan, emakume baserritarren ikuspegia eskaini zuen Malu Muñozek. Euskal Herritik oso ekarpen potentea egiten dute EHNE Bizkaiko kideek. Emakume baserritarren lana bistaratzen ari da, baserriaren biziraupenerako funtsezko lanen egiletza aitortuz. Hazien zaintzaile moduan, lurraren zaitzaile moduan... Horiek bistaratzen eta goraipatzen dituzte.

Potentziak eta mugak gainditzea posible dela diozue. Zelan?

Besteak beste, kooperatiben mundutik ekonomia solidariorantz ematen diren aldaketen bitartez. Kongresuan aztertu dugu zer nolako ekarpena egiten duten ekonomia sozialeko enpresek, kooperatibek alegia, ekonomia solidarioan. MCC dugu erreferente hemen. Batik bat, lan prozesuei eta lan egiteko moduari bideratutako ekarpenak egin dituzte, ekoizpen ehunaren sorreran, garapenean eta eraldaketan. Bilboko ColaBoraBorak parte hartu zuen tailerraren dinamizazioan.

Kooperatiba egitura zabalak aurkeztu dituzue, besteak beste, irismen handiko egiturak.

Gizarte antolatutik irteten diren kooperatibak sartzen ditugu saku horretan. Adibidez, Goiener bezalako kooperatiba ez da bat-batean sortu. Badago gizarte mugimendu desberdinen bitartez sentsibilizatuta dagoen lagun talde bat erabakitzen duena alternatibak sortu nahi dituela, eta energia berriztagarrien sorkuntza eta erosle kooperatiba sortu du. Edota, Fiare bezalako banku etiko bat. Beste banku mota bat nahi duten pertsonak biltzean sortu da Fiare. Ekhi moneta soziala izan daiteke beste eredu bat. Adibide handi eta txikiak daude.

Ondasun komunei berebiziko garrantzia ematen diozue. Zergatik?

Uste dugulako beste ekonomia batzuren eraikuntzan ondasun komunek garrantzia handia dutela. Egungo kontsumo ereduak aldatu nahi ditugu gure bizimodua eraldatzera iristeko. Horretarako tokian tokiko gobernuen aukerak aztertzearen aldekoak gara, beti ere norbere autonomia galdu gabe, bai talde praktikak sendotzeko bai hazteko. Helburua egunerokotasunetik aldaketak egitea da, justizia sozial eta jasangarritasun irizpideak oinarri ditugula.

“Energia trantzisioen hasiera” aipatu zuen Ortzi Akizuk kongresuan. Zein pauso proposatu ditu?

Energia fosilak xahutzetik tokian tokiko energia berriztagarriak sortzera eta banatzera pausoak ematea, eta gure eguneroko jardunean desazkunde energetikoaz arduratzea. Hau da, energia gutxiago eta garbiagoa erabiltzea eta hori gure eguneroko ekintzetan gauzatzea.

Elikagaien trantsizioa da denok egin beharreko beste aldaketa bat.

Kontsumitzaile ezjakinak izateari utzi behar diogu. Zer jaten dugun jakin behar dugu eta jaten ditugun elikagaiak ekoizten dituzten pertsonengan eragiten dugun ondorioetaz jabetu behar dugu. Elikadura burujabetzaranzko trantsizioa egin behar dugu. Zikloa osatu behar dugu, elikagaiak landatu eta konposta egiteraino.

Ekonomia aldatzeko, lehenik norbere burua aldatu behar dela diozue, eta horretarako kontsumo ohiturak aldatzea da lehen urratsa.

Ezin dugu kontsumitzaile konpultsibo jarrerarekin jarraitu. Bizirik dagoen guztiaren zaindari eta erantzule gara. Ekonomia solidarioak kapitala, mozkinen maximizazioa, erdigunetik ateratzen du eta alde batera jartzen du bai ingurugiroa bai pertsonak erdigunean jartzeko. Mozkinak beharrezkoak dira bizirauteko eta lana aurrera ateratzeko, baina ez da hori gure azken helburua. Guk mozkina erabiltzen dugu bizitza hobe bat izateko eta jasangarritasuna lortzeko.

Aldaketak maila askotan eman daitezke?

Ohiturak aldatzea ez da erraza, baina alternatibak egon badaude. Aldaketak guztion esku daude, eguneroko erabakietan. Kontratatzen dugun energia enpresan, hautatzen dugun bankuan, janaria erosteko lekuan… edota elikagai ekoizleekin edota gure senideen zaintzaileekin dugun harremanetan.

Ekonomia sozial eta solidarioa neurri garrantzitsuan hazten ari da?

Hausnarketatik ekintzara pasa nahi dugu. Horretarako eta adibideekin erakutsi nahi izan dugu alternatibak egon badaudela gaur egun ekonomia sozial eta solidarioaren baitan. Horma-irudi erraldoi batean bildu genituen jasotako 120 esperientzia baino gehiago, gehienak Euskal Herrikoak. Baina horiek baino askoz gehiago daude. Ia sektore guztietan dago proposamenen bat ekonomia sozial eta solidarioa oinarritzat duena. Banku etikora aldatu nahi izanez gero baduzu aukera, aldatu nahi baduzu energia konpainia baduzu aukera, aldatu nahi baduzu zure elikagaiak kontsumitzeko ohitura baduzu aukera.

Zein da REAS sarearen hurrengo pausoa?

Hedatzen jarraitzea eta hori posible egiteko aldaketa egin ez duten jendearengana hurbiltzea, badagoelako jendea ekonomia solidariotik oso urrun dagoena eta lagun horiek erakarri nahi ditugu.

IV. Ekonomia Solidarioaren Azoka antolatu duzue azaroan Bilbon.

Oso trensa garantzitsua da guretzat azoka, bertatik bertara azaldu ahal izateko jendarteari egun dauden alternatibak, galderak egin eta erantzuteko, eragile desberdinak saretzeko... Finean, alternatibak egon badaudela ikusteko eta ikutzeko.

 

www.economiasolidaria.org

esskongresua.net