Justice eta The 1975 dira BBK Live Jaialdiko azken baieztapenak

uriola.eus 2017ko urt. 3a, 12:40

2017an besteak beste, Kobetamendiko zelaiak musikaz jantziko dituzte honako izar hauek: Depeche Mode, The Killers, Phoenix eta Two Door Cinema Club taldeek. Kartelaren parte dira ere Sundara Karma, Cabbage, Coque Malla eta Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrak, nazioarteko eszena elektronikoko DJ onenekin batera. Gaur, Justice eta 1975ek ere baieztatu dute jaialdian egongo direla.

Justice taldea guztien ahotan dabil 2006 urtetik, hain zuzen, Simian taldearen Never be Alone lanaren nahasketa txundigarria plazaratu zuenetik. 2007an '†' (Cross) diskoa eman zuten argitara eta 2012an, rock elektronikari eskainitako oda: 'Audio, Video, Disco'. Bi LP horiek argi utzi dute duoak mugarik gabeko aukerak dituela. Elektronika du beti erreferente nagusi, baina Justice gai da edozein estiloarekin magia egiteko, rock-and-rolletik technora, bitartean pop, R&B edo funk estiloak baliatzen dituelarik. 'Woman' lana atera berri du eta, horrekin, beste behin altxarazi ditu bere jarraitzaileak eta kritika.

The 1975, egun, indie musikako talderik ospetsuenetarikoa dugu nazioartean, eta mundu osoan sold out ia sistematikoak lortzen dituzte. Taldearen azken LPa salduena izan da Erresuma Batuan; NME aldizkariak urteko albumik onenentzat jo du; eta Mercury Prize sarietan Urteko Diskorik Onena kategoriarako izendapena jaso du.

Sundara Karmako taldekideen gaztetasunak ez dezala inor engainatu. Euren belaunaldiko gazteak haien bizitzarekin zer egin zoro dabiltzala, badirudi musikari horiek ibilbide-orri bikaina dutela estadioak beteko dituen hurrengo taldea bihurtzeko. Taldearen EPa talentuz eta freskotasunez betea dago, eta haien berehalako debutak, ziur aski, bide bera jarraituko du.

Cabbage britaniar musikan suspertzen ari den talderik adierazgarriena dugu. Besteak beste, The Guardian egunkariak honako hau esan du haren inguruan: "euren Manchesterreko benetako post-punk musikak beteko du Brexitaren Ingalaterran dagoen rock hutsunea".

Agerraldia baieztatu duten azken artisten artean, estatu eta toki mailakoak ere baditugu, esate baterako, Coque Malla, Dellafuente & Maka eta Niña Coyote eta Chico Tornado.

Coque Mallak bere album berria aurkeztuko du, post-Ronaldos aroko zazpigarrena. Mujeres diskoak izandako arrakasta eta gero eman du argitara. Izan ere, aurreko diskoarekin bi urteko bira egin du estatu osoan, etenik gabe eta sarrerak agortuz.

Niña Coyote eta Chico Tornadoren stoner soinuek Kobetamendi astinduko dute donostiarrek bertan beren hirugarren albuma aurkeztean: Eate, soinu sakon, bortitz eta soilek osatutakoa.

Dellafuente & Makak nahasketa paregabea proposatu dute flamenkoa, hip hopa, reggaetona eta soinu prozesadoreak bateratzean. Emaitza kaleko melodia berritzailea da, sentimenduz josia.

Basoan, izen gehiago

Basoa Kobetamendiko jaialdian mundu-mailako elektronikarik onenerako gordeta dagoen esparrua da, eta DJ multzo harrigarrirako izenak gehitzen jarraitzen du.

Bawrutek beti bilatu izan du klasikoen eta azkeneko nobedadeen arteko oreka. Besteak beste, Erol Alkan-ek eta Marvin & Guy-k leialki babestu dituzte haren lan berriak. Hainbat komunikabidek, DJ Mag eta Data Transmission kasu baterako, aldarrikatu dute artistaren azken Epa, urteko lanen artean, eskuratu beharrekoa dela.

The Black Madonna Smart Bar klubeko etxeko DJa da, erreferentziazko kluba Chicagon. 2012. urtetik bertatik astintzen du hiriko eszena eta underground estilorik dark-eneko zaleak liluratzen dituzten konposizioak egiten ditu. Azpimarratzekoak dira bere saio harrigarriak eta arrakasten katalogo amaigabea; horregatik, egun, gehien eskatzen diren DJetako bat dugu.

Dixon artistaz aritzea house estiloko DJ nagusiari buruz hitz egitea da; hau da, munduko onenetariko bat. Alemaniarra Innervisions diskoetxeko arduraduna da, eta 2016. urtean Resident Advisor sareko aldizkarian lehen postua eskuratu zuen berriz ere, laugarren urtez jarraian.

Job Jobse Amsterdamgo Trouw klubeko etxeko DJ gisa aritu zen, eta gaur egun Berlingo De Schooles-en dihardu. Horrez gain, Life and Death diskoetxeko managerra da; era berean, hainbat kolaborazio egin ditu Barnt artistarekin.

Lena Willikens ez da estilo batekin ere ez gogaitzen. Bere lana beti dago dantza egitera bideratuta, baina oso intelektuala izan ohi da; bere aukeraketak, beseak beste, proto-techno estiloa, diskorik sintetikoena edo house estilorik gogorrena hartzen ditu barne.

Motor City Drum Ensemble musikagileak erronken alde egiten du beti, eta inoiz ez du harritzeari uzten; izan ere, sentikortasun tradizional berdingabea berrikuntzarekin nahasten du. Konbinazio horrek Resident Advisoreko DJ onenen Top 10eko zerrendan nahitaezko bilakatu du.

Pop Up Store Bilboko Kale Nagusian eta eskaintza-amaiera

Urtarrilaren 9ra arte (hilaren 8a, igandea, salbu), 10:00etatik 20:00etara, Bilbao BBK Live jaialdiko bonuak erosi ahalko dira banaketa-gasturik gabe (110 euro) jaialdiak Kale Nagusiko 30. zenbakian ireki duen Pop Up Store dendan, hain zuzen. Jaialdiko bonua bertan erosiz gero, Bilbao BBK Live 'Christmas Edition' izeneko packa oparituko da; bakarra eta mugatua da, eta Ricardo Cavolok diseinatutako merchandising ofiziala dauka. Dagoeneko bonua daukaten pertsonek pack hori eskuratu ahal izango dute 30 euroko prezio berezian (45 euro, eskaintzarik gabe). Pop Up Store dendan Bizkaiko Kultur Txartela (B mota) erabil daiteke.

Bonuek orain daukaten prezioa (110 euro gehi gastuak) otsailaren 9ra arte egongo da indarrean, une horretan amaituko baita eskaintza.

Kanpalekura sartzea: 10 euro + banaketa-gastuak.

Pop Up Store Enjoy Fests (Kale Nagusia, 30. Bilbo): bonua 110 euroren truke (banaketa-gastuak kanpo) eta jaialdiko merchandising esklusiboa eta mugatua.

Informazio gehiago: www.bilbaobbklive.com