Saharar herritarren aurkako epaiketa politikoa salatuko dute Marokoko kontsulatuan

uriola.eus 2017ko urt. 23a, 09:11

Argazkia: @BigiteElkartea

Saharako 25 pertsona epaituko dituzte gaur, hilak 23, 'Gdeim Izik' izenaz ezaguna den kasuagatik. Auzia joan den abenduaren 26an hastekoa zen, eta gaur arte atzeratu dute. Epaituak izango diren askorentzat 30 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute.

ESK, STEILAS, LAB eta ELA sindikatuek saharar herriarekiko Euskal Herriko elkartasun taldeekin eta Saharako etorkinen Euskal Herriko taldeekin batera, gaur 11:30ean Bilboko Marokoko kontsulatuaren aurrean (Rekalde zumarkalea 27) egitekoa den mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dute.

Mezu honen bitartez, deialdi honekin bat egin nahi duten Euskal Herriko eragile guztiei mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diete, "ahalik eta indar metaketa handiena" lortzeko asmoz.

 

Gdeim Izik kanpalekuko preso politiko sahararren aurkako epaiketa 

El Aaiun hiriaren baitan Gdeim Izik izeneko kanpalekua, Duintasunaren kanpaleku moduan ere ezaguna, saharar erresistentziaren gune izan da. Sahararren eskubideen defentsan bat egin zuten herritarrek Gdeim Iziken agintari marokiarren aurrean. 

2010eko azaroan indar okupatzaileek kanpalekua deusestu zuten, eta Saharako gizarte eta politikako 25 ordezkari atxilotu zituzten. Epaiketa militarra izan zuten 25ek. Epaiketaren berme falta eta atxilotuei eginiko torturak salatu ziren orduan. Nazioartetik iritsi zen presioari esker, auzia bertan behera geratu zen. 

2010eko 25 akusatuak berriro ere epaituak izan behar zuten iazko abenduaren 26an, auzitegi zibil batek epaituak. Auzia gaur arte atzeratu da. 

 

[2016-12-26] Gdeim Izik kanpalekuko preso politiko sahararren aurkako epaiketa gaitzetsi dute