Bilbao-Bizkaiak turismoaren aldeko apustua indartu du etorkizuneko sektore ekonomiko gisa

uriola.eus 2017ko urt. 13a, 09:00

Gaur, San Mames estadioan egindako topaketa batean, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Turismo Estrategia 2020 dokumentua eta Turismo Sustapena 2017ren ekintzak aurkeztu dizkiote turismoaren sektoreari. Horien bitartez, hain zuzen ere, Bilbora datozen turisten kopuruari eutsi nahi diote urte osoan zehar eta, bide batez, elkarrekin lan egiten jarraitu nahi dute jarduera ahalik eta gehien profesionalizatzeko.

Lurraldearen eta hiriaren xedea da turismoa etorkizuneko sektore gisa indartzea, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gai dena eta hazkundeari lotutako testuinguruan dagoena. Horretarako, 'Be Basque’ kontzeptuari lotutako Bilbao-Bizkaia markaren prestigioak, posizionamenduak eta ospeak betekizun erabakigarria dute.

Turismo-garapenaren inguruko bi programetako ildo nagusien berri emateaz arduratuko dira Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua den Imanol Pradales eta Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia den Xabier Ochandiano. Erakundeetako ordezkariek iazko turismoaren datuen garrantzia azpimarratu dute. 2016ko urtarriletik azarora, guztira, 815.739 pertsona heldu ziren Bilbora eta 1.253.087 Bizkaia osora. Ostatu-gauak, berriz, 1.575.203 eta 2.412.072 zenbatekoetara iritsi ziren, hurrenez hurren.

Zenbakiek 2015. urte osoan erregistratutakoak kopuruak gainditzen dituzte eta markak hautsi dituzte; hortaz, agerian geratzen da hiriko zein lurraldeko turismoak gaur egun bizi duen egoera ona.

Toki paregabe eta profesionala

Turismo Estrategia 2020ren funtsezko xedea da Bilbao-Bizkaia bisitatzeko toki bikain, operatibo, profesional eta koordinatua izan dadin lortzea, non bisitariak esperientzia bikain eta pertsonala bizitzeko aukera izango duen.

Horrez gain, sarreren kopurua urte osoan zehar egonkor egotea erdietsi nahi du. Helburu horiekin, planaren bitartez apustu irmoa egingo da kontsumitzaileen eskaeretara egokitutako produktuak sortzeko, bai eta bisita erosoagoak bermatuko dituzten baliabideak eta azpiegiturak edukitzeko ere. Askotariko eskaintza erakargarria eta profesionalizatutako sektorea edukitzea turistak erakartzeko bi ardatz nagusi dira. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak arreta berezia jarri nahi dute sustapen instituzionalean eta marketinean, turismoa garatzeko tresna erabakigarriak direlakoan baitaude, bai eta Bilbao-Bizkaia hedatzeko eta markari prestigioa emateko baliabideak ere.

Datozen hiru ekitaldietarako ezarritako erronken artean, honako hauek daude, besteak beste:

• Kontsumitzaile izan daitezkeen pertsona gehiago erakartzea.

• Bisitarien sarrerei egonkor eustea urte osoan zehar.

• Antolaketa-sare aktibo eta funtzional bat sortzea.

• Bilbao-Bizkaia digitalizatzea.

• Sektorearen neurketa-sistema eraginkorra edukitzea.

• Sektorea profesionalizatzea.

• Eskariaren arabera egokitutako esperientzia berdingabeak ematea.

• Turismoaren onurak gizartean txertatzea eta ikusaraztea.

Erakundeen lankidetza eta lidergoa

Turismo Estrategia 2020ren helburuak lortze aldera, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak turismoaren kudeaketan lidergoa partekatzeko apustua egin dute, eta lankidetza publiko-pribatua oinarritzat jotzen dute jarduerak bisitariengan, bertoko enpresengan eta gizarte osoarengan onuragarria den eragina izan dezan.

Erakundeen konpromisoa ezinbestekoa da estrategiak diseinatzeko, sektorea egituratzeko, aparteko komunikazioa lantzeko eta toki proaktibo bat bultzatzeko orduan. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak indarrak batuko dituzte eta sektoreko profesional eta eragileekin batera lan egingo dute; horri esker turismoa modu erabakigarrian egonkortu ahal izango da garapen ekonomikoaren motor gisa. Bilbao-Bizkaia, halaber, erreferentzia izango da Europako hegoaldea bisitatzeari dagokionez.

Turismoari buruzko dekretua, Marketin Plana eta BBAGren lan-mahaiak

Bizkaiko Foru Aldundiak turismoa 2017ri buruzko dekretu berri bat egiten ari da, lurraldeko eskualde zein udalerrietako turismo-egitura indartzeko tresna bihurtzeko xedea duena, bai eta bisitarien esperientzia hobetzen dituzten proiektuak sustatzea ere.

Era berean, aldundiak eta Bilboko Udalak elkarrekin lan egingo dute Marketin Plan bat sortzeko, eta bertan zehaztuko dituzte zein pertsona, merkatu eta produktutan jarriko duen arreta Bilbao-Bizkaiak. Bestalde, turismo-sustapenean egindako inbertsioen itzulkina neurtzeko balioko du.

Bilbao Bizkaia Action Group BBAGren esparruan lan-mahaiak sortzea izango da 2017ko beste proiektuetako bat. Iaz sortu zen lankidetza publiko-pribatuko erakunde bat da eta turismoarekin zerikusia duten eragile guztiak, erakunde publikoak eta enpresak biltzea du xede. Topaketa horietan jarduketa-estrategiak bultzatu eta adostuko dira, bai eta eskualde, udalerri eta enpresa-elkarteetako marketina zuzendu eta bateratu ere.

Berrikuntza, digitalizazioa eta marketina

Estrategia berria garatzeak honako hauek inplikatzen ditu: lurraldearen eta hiriaren erakargarritasun nagusien garrantzia nabarmentzea; bisitariari ahalik eta arretarik onena ematea; askotariko eskaintza erakargarria edukitzea; sektorea trebatzea eta profesionalizatzea; eta jarduerarekin zerikusia duten prozesu eta tresna guztien berrikuntza eta digitalizazioa hobetzea.

Bilbao-Bizkaiaren jomuga da informazio gehiago zein interes handiagoa duen eta independenteagoa eta interaktiboagoa den bisitariaren eredua erakartzea, esperientzia bereziak bilatu eta partekatzen dituena. Horrela, markaren bultzatzaile bihurtuko da.

Marketina Turismo Estrategia 2020ren oinarrietako bat da; izan ere, kontsumitzaileei zuzentzeko eta haien eskariak ezagutzeko bide bat da, eta, gainera, sektoreari produktuak merkaturatzen laguntzen dio. Komunikazio-estrategiak, halaber, Bilbao-Bizkaia bertako nahiz kanpoko merkatuetan zabaltzeko eta kokatzeko euskarria dira. Marketinarekin batera, planaren xedea da aurreikusitako ekintzekin erdietsitako emaitzen neurketa ahalik eta zehatzena garatzea, bai eta turismo-sustapenean egindako inbertsioen itzulkina eskuratzea ere.

Sustapena 29 hiri eta 14 herrialdetan

Bilbao-Bizkaiak bere xarma ezagutaraziko du nazioarteko azoketan, jardunaldi profesionaletan eta hiri zein lurraldearen aurkezpenetan, non bestelako toki bakar eta berezi bat eskainiko duen, egonaldia liluragarri bat ziurtatuko duten kulturarekin, identitatearekin, kostaldearekin, naturarekin eta gastronomiarekin uztartuta, besteak beste.

Sustatzeko lan horren bitartez, betiko merkatu igorleen aldeko apustua sendotu da, eta arreta berezia jarri da Frantzian, bisitari gehienak herrialde horretatik baitatoz. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren eskutik oratuta batzuetan, 29 hiri eta 14 herrialde ezberdinetan egotea ezarri dute elkarrekin. Hori guztia Turismo Sustapena 2017 egutegiaren barruan.

Frantzia eta Erresuma Batua lehentasunezko bi merkatu dira. Horrela, Bilbao-Bizkaia marka Tolosako Mahana Azokan (otsailaren 24tik 26ra), Pariseko IFTM Top Résa delakoan (irailaren 26tik 29ra) eta Canneseko International Luxury Travel Market ILTMan (abenduaren 4tik 7ra) egongo da. Britainia Handiko lurraldeari begira, Londresen egongo da bertan antolatuko diren Cityfair Travel (ekainaren 12an), The Meetings Show UK (ekainaren 13tik 15era) eta World Travel Market (azaroaren 6tik 8ra) ekimenetan. Horrez gain, Erresuma Batuko Foddies Festivals gastronomia-jaialdirik garrantzitsuenean egongo da, udan hainbat hiritan antolatuko dena.

Merkatu finkatuak, Europako iparraldea eta Amerika

Bilbok eta Bizkaiak sustapen-presentzia nabarmena daukate Europako merkatu finkatuetan, besteak beste, Alemania edota Italian, 2017. urtean Milaneko Sales Mission ekitaldiarekin indartuko dena; horrez gain, aurten ere estrategikotzat jo dira Europako iparraldeko herrialdeak eta Ameriketako Estatu Batuak. Horrenbestez, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia merkatu hauetan antolatuko diren sektoreko ekitaldi eta azoka nagusietara bertaratuko dira:

• Travel Match. Oslo (Norvegia). Urtarrilaren 12a.

• MATKA. Helsinki (Finlandia). Urtarrilaren 19tik 22ra.

• ITB. Berlin (Alemania). Martxoaren 8tik 12ra.

• European City Breaks Press Event. Amsterdam (Herbehereak). Apirilaren 4a.

• Destinazione Spagna 2017. Turin, Bolonia eta Padua (Italia). Maiatzaren 9tik 11ra.

• TTG Incontri. Rimini (Italia). Urriaren 12tik 14ra.

• Hiriaren eta lurraldearen aurkezpenak Munich, Frankfurt eta Dusseldorf hirietan.

MICE negozio-turismoa areagotzea

Bilbao-Bizkaia ekitaldiak, hitzaldiak eta pizgarriak antolatzeko duen gaitasunaren eta erakargarritasunaren jakitun, udalak eta aldundiak presentzia areagotu dute MICE sektoreari lotutako azoka eta jardunaldietan (Meetings, Incentives, Conferences and Exhibitions - topaketak, pizgarriak, hitzaldiak eta azokak). 2017. urtean, hiria eta lurraldea elkarrekin abiatuko dira nazioarteko hitzordu hauetara:

• IMEX. Frankfurt (Alemania). Maiatzaren 16tik 18ra.

• The Meeting Show UK. Londres (Erresuma Batua) Ekainaren 13tik 15era.

• Bileren, negozio-bidaien eta pizgarrien nazioarteko IBTM azoka. Bartzelona. Azaroaren 28tik 30era.

• Pure Meetings & Events. Paris (Frantzia). Otsailaren 23a.

• Espainiako Turismo Bulegoaren (OET) jardunaldia. Frankfurt (Alemania). Martxoko bigarren hamabostaldia.

• SCB jardunaldiak. Paris eta Lyon (Frantzia). Ekaineko bigarren hamabostaldia.

• M&I (Meeting and Incentive) Forum Europa. Sevilla. Ekainaren 27tik uztailaren 1era.

• M&I (Meeting and Incentive) Forum Europa. Dubai (Arabiar Emirerri Batuak). Urriaren 30etik azaroaren 4ra.

• IMEX Amerika. Las Vegas (Ameriketako Estatu Batuak). Urriaren 10etik 12ra.

• M&I (Meeting and Incentive) Forum AMERICAS. Cancun (Mexiko). Maiatzaren 7tik 10era.

Luxuzko turismoaren eta itsas bidaien aldeko apustua

Luxuzko turismoaren merkatua Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jomuga izango da. Horrela, Canneseko International Luxury Travel Market ILTM delakoaren betiko hitzorduari beste deialdi hauek gehituko zaizkio: Tokioko ILTM (Japonia) eta Shanghai (Txina), zeinetan iaz egon ziren, eta Riviera Maya (Mexiko). Era horretan, hiriko eta lurraldeko erakundeek ILTMk antolatzen dituen sei ekitaldietako lau bisitatuko dituzte. ILTM luxuzko azokarik garrantzitsuena da mundu osoan. Gainera, itsas bidaietan espezializatuta dauden azoketan sustatzeko eta erakartzeko ekintza zehatzak garatuko dira. Hauxe izango da bi sektore horietako 2017ko hitzorduen egutegia:

• ILTM Japan. Tokio (Japonia). Otsailaren 27tik martxoaren 1era.

• Seatrade Cruise Shipping Convention. Fort Lauderdale. (AEB). Martxoaren 13tik 16ra.

• ILTM Asia. Shanghai (Txina). Ekainaren 5etik 8ra.

• ILTM Americas. Riviera Maya (Mexiko). Irailaren 25etik 28ra.

• ILTM. Cannes. Abenduaren 4tik 7ra.

Estatuko merkatua eta hazten ari diren herrialdeak

Hazten ari diren herrialdeak erakargarriak dira turismo-sustapenari eta sustapen ekonomikoari dagokienez; izan ere, biztanle asko dituzte eta hazkunde ekonomiko nabarmena dute. Txina eta India ahalmen turistiko handiko bi merkatu berri dira; hori dela eta, aipatutako Shanghaiko ILTM azokaz gain, Bilbao-Bizkaia markak aurten Mumbaiko European Cities Marketing ekitaldian emango du ezagutzera bere burua apirilaren 27an.

Bestalde, barneko eta estatuko turismoa sustatzeko asmoarekin aintzat hartuko dira betiko hitzorduak, besteak beste: Madrileko FITUR Nazioarteko Turismo Azoka urtarrilaren 18tik 22ra, Bilbao Exhibition Centre-eko Expovacaciones maiatzaren 5etik 7ra eta Valladolideko INTUR barne turismoko nazioarteko azoka azaroaren 24tik 27ra.

Bidaiak profesional eta kazetariekin

Iaz, Bilbao-Bizkaia markak Famtrips familiarizaziorako bidaiak antolatu zituen sektoreko profesionalentzat. Zehazki 3 kontinentetako 11 herrialdetan egin ziren, eta 94 parte-hartzaile egon ziren. Gainera, Fampress direlakoak programatu ziren mundu osoko kazetariei turismo-eskaintza aurkezteko. Ekintza hori 3 kontinentetako 19 herrialdetan jorratu zen, non harremanetan egon ziren gai orokorretako eta turismoko komunikabideetako 99 profesionalekin.