Lanuzte eta mobilizazio gehiago egingo dituzte Bizkaiko erresidentzietako langileek

uriola.eus 2017ko ots. 1a, 07:00

Argazkia: Ecuador Etxea

Bizkaiko zahar-etxeetako langileak kalera aterako dira gaur, otsailak 1, hilabete honetarako adostutako greba egutegiaren baitan. Sektoreko patronalak "negoziatzeko borondaterik agertu gabe jarraitzen duela eta Bizkaiko Foru Aldundiaren berririk ez dela" salatzeko manifestazioa egingo dute langileek Arriagatik Foru Aldundira.

Lanuzte berriak hasiko dira gaur Bizkaiko zahar-etxeetan, eta otsailean zehar luzatuko dira. Sektoreko ordezkariek "borrokan jarraitzeko" asmoa adierazi dute, harik eta "azaldutako eskakizunak betetzen diren arte, ratioak hobetzeko behar besteko diru sailak bideratzen diren arte, zentroetako pertsonala handitzen den arte, eta langileei lan-baldintza duinak eskaintzen zaizkien arte".

Izan ere, ELAren esanetan, sektoreko patronalek ez dute proposamen berririk aurkeztu "langileek egindako eskakizunak betetzeko adinakoa, eta sektoreari duintasuna emateko modukoa". Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak "patronalaren ikuspuntua babesten" jarraitzen duela adierazi du ELAk.

Sindikatuentzat patronalak luzatutako azken proposamena "ganora gabekoa" izan da, langileei "begirunea galtzearenaino". Orduz geroztik erabiltzaileek eta haien senideek "pairatu behar izan dituzte zerbitzuaren gabeziak", eta hala islatu da "behin baino gehiagotan" Bizkaiko egoitzetako arreta-kalitateari buruz egin diren txostenatan.

Langileentzat eta erabiltzaileentzat "hobekuntzak sinatzen ez diren bitartean", mobilizazioak gogortuko direla iragarri du ELAk.

Mobilizazioak egingo dituzte otsailaren 2, 3, 4 eta 5ean.