Aratusteak 2017

Las Tea Party DJ's eta Jon de Miguel ostalaria izango dira aurtengo Farolin eta Zaranbolas

uriola.eus 2017ko ots. 3a, 09:17
Argazkia: Las Tea Party dj’s

Jai Batzordeak Bilboko Aratusteetako pertsonaiarik ospetsuenak aukeratu ditu: Farolin eta Zaranbolas. Aurten, Las Tea Party DJ's eta Bilboko Plaza Nueva Plaza tabernako ostalaria Jon de Miguel izango dira Farolin eta Zaranbolas, hurrenez hurren.

Lorea Argaratek eta Eva Gutierrezek osatzen dute Las Tea Party DJ's bikotea. 2010etik ari dira jendea dantzan jarriz diskoteka, areto, txosna zein museoetan. Sonora Aretoan bi urte eman dituzte talde egoiliar gisa eta egun Fever Bilbao (Bullshit Club) aretoan ari dira bigarren urtea betetzen. Bertako eta kanpoko eszenatokiak zapaldu ditu bikoteak, besteak beste, hainbat musika jaialditakoak. 

Jon de Miguelek bere anaiarekin batera zuzentzen du Plaza Nueva Plaza taberna. Ostalaritzaren inguruan jaio eta bizi da Jon, egun Plaza Barria epizentro duela. Bere tabernak Aratusteetako hainbat sari jaso ditu gaurkotasuneko apaindura gatzdun eta orijinalengatik. Ezaguna da baita eskaintzen duen jatekoagatik. Esaterako, Aste Santuko kofradeen pintxoak erreferente bilakatu dira.

Las Tea Party DJ's eta Jon de Miguelek epaituak izateko prestatu beharko dute 2017ko Farolin eta Zaranbolasen aurkako auzi publikoan. 

Bilboko Aratusteak otsailaren 18tik 28ra izango dira aurten.  

 

Nor da nor

Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da –ez du zertan Bilbon jaiotakoa izan behar–, Bilboren izena ahotan erabili eta bilbotarra izatea azpimarratzen duen pertsonaia da, eta Semper Plus Ultra-k (beti haratago) laburbildu dezake bere ustea. 

Zaranbolas, aldiz, gibel-handi bat da, Bilboko hiritar tipikoa, ezerk edo inork bizitza aldatuko ez diona. Ondo bizitzea atsegin duen jauntxoa, Carpe Diem-ek laburbiltzen du bere bizi-lema. 

1984ko Aratusteetan ezarri zen lehenengoz Farolin eta Zaranbolasen epaiketa Bilbon, aratuste tradizional eta baserri-girokoetan ohikoa zen urteroko pertsonaia gaiztoa epaitu eta zigortzearen eredua parodiatuz. 

Bilbon gaiari kutsu txirenea ematea erabaki zen, zintzoaren eta gaiztoaren arteko dikotomia hautsi eta umore kutsua ezarriz, hiritarren izaera arketipikoaren bikoiztasun barregarria agerian uzteko.