CETA akordioaren alde dauden alderdien aurrean elkarretaratzera dei egin dute

uriola.eus 2017ko ots. 8a, 09:09
Urtarrilaren 21eko protestaldia (argazkia: www.eskubidesozialenkarta.com)

TTIP/CETA ez! Herriek erabaki lemapean eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP-CETAren aurkako plataformek deituta hainbat mobilizazio egin zituzten urtarrilaren 21ean, besteak beste, Bilbon. "Oraingoan, CETA akordioaren alde dauden alderdien aurrean" mobilizatzera dei egin dute.

Otsailaren 14an, Bilboko hitzordua, Sabin Etxean izango da, EAJ alderdiaren egoitzaren aurrean. "Gure bizitzak pobretzen dituen" Kanada eta Europaren arteko merkataritza eta inbertsioetarako hitzarmenari (CETA siglekin ezaguna) "ez" esateko protestaldia ez ezik "hitzarmenaren alde dauden alderdien aurrean" mobilizatzeko deia ere bada Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP-CETAren aurkako plataformek aurreratu dutenez. Baita "gure eskubideak defendatzeko" eta "CETA eta TTIPari ez esateko" ere. "Herriek erabaki" mezua aldarrikatzeko EAJren aurrean. 

Donostian PSEren egoitzaren aurrean deitu dute elkarretaratzea eta Gasteizen PPren egoitzaren aurrean.  

 

CETA hitzarmena
Baieztapen prozesuaren azken fasean dago CETA. Otsailaren hasieran Europar Parlamentuak akordioa bere osotasunean bozkatuko du, eta baiezkoa balitz behin behinean aplikatuko litzake eskualde eta nazio-parlamentuetan bozkatzen den bitartean.

"CETA eta TTIParen aurkako jarrera hartzeko" eskatu diote Gasteizeko parlamentuari, lehenago Nafarroako Parlamentuak egin moduan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP-CETAren aurkako plataformek: "Merkataritza interesak ezin dira demokrazia eta pertsona nahiz planetaren interesen gainetik egon. Herriek erabaki behar dutela aldarrikatzen dugu beste behin, TTIP eta CETAri ez!".