Aste Nagusiak 77,2 milioi euro utzi ditu EAEn

uriola.eus 2017ko ots. 9a, 09:15

Xabier Ochandiano Udalaren Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak agerraldia egin zuen atzo batzordean, berak eskatuta, Aste Nagusiaren inpaktu ekonomikoari buruzko analisiaren emaitza eta ondorio nagusiak ezagutarazteko; analisi hori Udalak egin du Bilbao Ekintza udal sozietatearen bidez.

Txostena 2016ko jaietakoa da eta zenbait datu azpimarragarri agerian utzi ditu: Aste Nagusiak 77,2 milioi euro utzi ditu EAEn, hau da, BPGn 80 milioi euro sorrarazi dituela eta 1.447 lanposturi eutsi zaiela. Gurera etorri den pertsona bakoitzaren gastua, batez beste, 239 eurokoa izan da.

Mugimendu handiena duten sektoreak ostalaritza, zehatz esateko, ostatua eta jan-edanak (inpaktuaren % 61) eta jarduera kulturalak, artistikoak eta ikuskizunak (inpaktuaren % 16) dira. Merkataritzako sektoreak ere bultzada izan du, hain zuzen ere, uritik kanpoko pertsonek jaietara etortzen direnean ematen diotena: bisitarien %24k erosketak egiten ditu Bilbon, batik bat arropa/ehunak, elikagaiak eta oroigarriak.

Zinegotziak aurreratutako datuen artean, azpimarratu daiteke, Aste Nagusira datozen pertsonen profila heterogeneoa dela; generoaren aldetik ia parean daude datuak (% 51 gizonezkoak dira eta % 49 emakumezkoak), baita adinean ere (% 45 35 urtetik beherakoak dira eta % 30 55 urtetik gorakoak); jaiak askotarikoak eta anitzak diren seinale.

Jatorria kontuan hartuta, % 43 Bilbon bizi da; % 40 Bizkaiko gainerako herrietatik dator, batez ere Getxo, Barakaldo, Santurtzi eta Portugaletetik; % 2a EAEko gainerako herrialdetakoa da; % 12 Estatuko beste leku batzuetatik dator (Madril eta Kantabria) eta gainerako % 2 atzerritarrak dira.

Aste Nagusia, turisten gustukoa

Aste Nagusiak oso nota altua izan du (10 puntutik 8,3), bai programazioaren kalitateagatik (ikuskizunak, jarduerak…), bai zerbitzuengatik (garbiketa, garraioak…). Jardueren arabera, balorazio altuena su artifizialek dute (8,12); ondoren, kaleko ikuskizunek (8,08); barrakak, txosnak eta kontzertuak daude hirugarren lekuan. Zerbitzuen arloan: garraioak (8,5), zerbitzu medikoak (8,4), garbiketa (8) eta segurtasuna (7,7).

Kanpoko bisitarien balorazioari dagokionez, hauek dira emaitzak: 3tik 1 aurreneko aldiz etorri da Aste Nagusira eta % 97,1 berriro etorriko litzateke jaietara eta guzti-guztiek gomendatuko lukete Bilboko jaietara etortzea.

Jaietan ematen dituzten egunei dagokienez, Bilboko Aste Nagusiak irauten dituen 9 egunetatik 4,1 egunetarako etortzen dira, batez beste. Suetara (guztien % 67,2), antzerkira (% 47,6), txosnetara (% 47,3) eta kontzertuetara (% 39) hurbiltzen dira bisitariak.

Gaualdiei dagokienez, Bilbotik kanpo bizi diren pertsonen % 23k 5,6 gau ematen ditu Bilbon.