Loraldia 2017

"Arriskuak hartuta", berritzaile dator hilabeteko iraupenarekin hirugarren Loraldia

uriola.eus 2017ko ots. 13a, 12:49
Argazkia: Loraldia.eus

Festibal "handi" baten egitaraua xehetu dute gaur Loraldia jaialdiko antolatzaileek. Hilabetez 150 sortzaile eta eragile 30 kultur hitzordutan elkartuko ditu, martxoaren 7an hasita. 

Euskal kulturaren "azken joerak" Bilbon loratuko dira "dagoneko hilabete osoko iraupena" eta "egitarau oparo eta betea" duen jaialdian. Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak gaurko aurkezpenean aurreratu duenez, matxoaren 7tik apirilaren 8ra, Loraldiak proposamen "zabal eta askotarikoa" eskainiko du Bilbo osoan zabalduta: "Kultura maite duen edonork topatuko du lekua 3. Loraldian". 

Hirugarren urtera festibala "handi" iritsi da Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoaren esanetan. "Festibal handia plazaratzen ari gara gure uste apalean", adierazi du Agirrek. Azkuna Zentroan eta "kulturaren beste hamaika tenplutan ekoizpen propioak, estreinaldiak, lehiaketa aintzindariak eta abar" izango dira, "elkarlanean" antolatuta Bilboko kultura eragile eta programekin batera. Indarrak batuz "euskal kultura euskal mundutik haratago ikusaraztea" nahi dute.  

Bide horretan "bi kartografia" ditu oinarritzat Loraldiak, "udaberria eta berritasuna". Udaberrian egiten da, Durangoko Azoka udazkenean izaki, "euskal kulturaren mapa orekatu nahian". Aurtengoan, iraupena luzatu diotenez, jaialdiaren hasiera neguaren hondarretara aurreratuko da. Hortaz, zubi funtzioa beteko du neguaren eta udaberriaren artean.  

Modernoa eta berritzailea ere ezaugarritzat ditu Loraldiak. "Arriskuak hartu ditugu, eta bat egiten dugu beste Ez Dok Hamairu bat adarrikatu zuen Benito Lertxundirekin", esan du Agirrek. Ekoizpen propioan arriskatu du Loraldiak. Esaterako, Arriaga bezalako espazio handian, 800-900 lagunentzako gunean, lau eskena zuzendariri strip-tease pieza bana prestatzeko eskatu die edota Lou Topet bandari Pete Seegerren kantu gehiago euskarara ekartzeko. Agirreren arabera, bi ikuskizunak "oso arriskutsuak dira".  

 

Antzerkia eta dantza

Loraldia jaialdiaren lehen ekoizpen propioaren titulua Strip-tease da. "Sormenezko saiakuntza bat da, lau eszena-zuzendari handiren beste horrenbeste antzerki-pieza argitaragabeek osatzen dutena": Fernando Bernues, Mireia Gabilondo, Jokin Oregi eta Garbi Losada. Horiei guztiei gai baten inguruan antzezlan bat sortu dezaten eskatu zaie: strip-teasea. Emaitza Arriaga antzokian ikusteko aukera izango da martxoaren 24an eta 25ean.

Baina aurretik, beste erabateko estreinaldiak izango dira. EZ DOK HIRU. Euskal musikaren benetako istorioa lanak emango dio hasiera jaialdiari. Euskal musika herrikoiaren historiari errepaso umoretsua emango diote Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak(Tartean Teatroa).

Lehen aste horretan Lorca, Dali, Buñuel. Aborigenak lana ekarriko du Loraldiak, Pabiloi 6ko Gazte Konpainia taldearen eskutik. Felipe Lozaren zuzendaritzapean, Garcia Lorcaren bizitza eta obra ditu ardatz. Beste estreinaldietako bat Loraldia Eskola (Lore jokoak eskola ekimena) ikuskizuna izango da. Antzerkia, dantza, musika eta bertsoak uztartuko ditu emanaldiak, ikasturte hasieratik Urretxindorra ikastolako eta Deustuko Ikastolako 10 eta 11 urteko 100 ikasle inguruk prestatzen dihardutenak.

Antzerkiaren atala osatzeko, batetik, Julio Villar nabigatzaile donostiarraren liburu ezagunean oinarritutako E, Petrel lana izango da ikusgai; bestetik, Logela Multimediak familia osoarentzako diziplinarteko lana ekarriko du, Drag.e, robotak protagonista dituena. Era berean, Dario Foren eta Franca Rameren testuen irakurraldi dramatizatua eskainiko dute Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak. Ekitaldi horiez gain, Ander Lipusek eta Onintza Enbeitak gorputz-hizkuntzari buruzko tailerra eskainiko dute, beren esperientziatik abiatuta.

Dantzaren atalean, 2017ko Loraldiak "bi proposamen indartsu" ekarriko ditu: Mikel Laboaren unibertsora bidaia egingo dute ikusleek Dantzaz konpainiaren eskutik Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan, eta Kukai dantza taldearen 15. urteurrena ospatzeko gala izango da Iñaki Salvador, Oreka Tx, Juan Mari Beltran eta beste gonbidatu batzuk lagun direla. Halaber, Oskara Plazara! dokumentala aurkeztuko dute. Lan horretan, Arena Comunicacion ekoizle sarituak Kukairen sortze-prozesua azaltzen du eta, aldi berean, komunikazioari, tradizioari, identitateari eta dantzari buruzko hausnarketa proposatzen du. Proiekzioarekin batera dantza garaikideko zuzeneko emanaldia izango da.

Musika

Loraldiaren "funtsezko oinarrietako bat" musika da, eta esparru horretakoa da jaialdiaren bigarren ekoizpen propioa. Pete Seeger New Yorkeko folk abeslari mitikoaren omenezko kontzertua izango da, martxoaren 26an egingo dutena. Eutsiko diogu Pete! The Seeger Basque Sessions da ikuskizunaren izenburua, eta Arriaga antzokiko oholtza gainean bilduko ditu Oier Aranzabal buru duen Lou Topet taldea eta zenbait musikari, besteak beste, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, Joseba Irazoki edota Izaro. Seegerren kantuak interpretatuko dituzte guztiek, Harkaitz Canok euskarara egokitu dituenak.

Campos antzokiak hartuko du jaialdia itxiko duen Mikel Urdangarinen emanaldia, ​'Margolaria' disko berriaren aurkezpena. Baina aurretik, eszenatoki hori soinu zeltez beteko da Xabi Aburruzaga trikitilaria martxoaren 17rako prestatzen ari den kontzertuarekin. Nazioarteko folkaren esparruko gonbidatuak etorriko dira bertara.

Musika sinfonikoak ere tokia izango du eszenatoki horretan. Martxoaren 19an Donostiako Musika Eskolako Orkestrak hainbat euskal musikariren abestiak eskainiko ditu. Aitor Amezagak egokitutako kantak izango dira, besteak beste, Oskorri, Hertzainak, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Itoiz edota Sorotan Beleren lanak.

Camposetik irten gabe, "jazz musika ekarriko dute Bartzelonan bizi diren bi euskal musikari handik eta haien taldeek": Angel Celada bateria-jole gasteiztarrak -Carla Sevilla abeslariarekin batera- eta Gorka Benitezsaxofoi-jole bilbotarrak.

Rock musika, berriz, apirilaren 1ean izango da entzungai, Badok Egunean, Hesian eta Lukiek taldeak eta Mallabiako Izaro bakarlaria arituko baitira, lehenengo biak Kafe Antzokian eta hirugarrena Biba aretoan.

Hip hop eta rap musikarik ere ez da faltako, 2zio (Iparralde), Acykal & Layiee (Londres) eta EH2000 & Laize (Bizkaia) taldeen eskutik. Emanaldi horiek 'kaleko kulturaren' inguruko Bilbronx programaren barruan antolatu dira. Martxoaren 18an egingo da Azkuna Zentroan, eta parkour, body modification eta scratch-ari buruzko ikastaroak eta erakustaldiak ere izango dira.

Azkenik, Esne Beltza taldeko buru eta trikitilari Xabi Solano 'Maizak' bere azken disko-liburua aurkeztuko du Elkar liburu-dendan.

 

Literatura

Literaturak "leku garrantzitsua" izango du hirugarren edizio honetan. Apirilaren 2an, igandean, goizez, literatura, bertsoak eta musika uztartuko dituen ekitaldia izango da Guggenheim Museoan. Kirmen Uribek argitaragabeko literatur testua irakurriko du, bi bertsolari bertsotan arituko dira eta Angel Unzuk musika eskainiko du zuzenean.

Era berean, musika eta literatura dira Hiri hori da hiri hau emanaldiaren osagaiak. Azken hamarkadetako euskarazko literaturan Bilbo hiriak izan duen islari egindako gainbegirada kritikoa da, eta Lutxo Egiaren gogoetek Mikel Inunen akordeak izango dituzte lagun. Kritikarekin batera umorea ere azalduko dira Iban Zaldua idazleak Iñigo Astiz kazetariarekin izango duen elkarrizketan. Euskarazko literatura garaikidearen ingurumaria izango dute hizpide apirilaren 4an.

Eta literaturaz eta musikaz osatuta dago Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna. ITU bandako idazle gazteek eta Kaluse rock psikodelikoko taldeak Itsas Museoan eskainiko dute beren ikuskizuna martxoaren 31n.

Horrez guztiaz gain, Miren Amurizak eta Kattalin Minerrek beren azken literatur argitalpenak aurkeztuko dituzte Bilbon.

 

Zinema

Duela 80 urte Rene Le Hennaff zinegile frantziarrak 3D teknikaren antzekoa erabiliz errodatu zuen Euskadi 20 minutuko film laburra lehen aldiz erakutsiko dute jendaurrean, Loraldiari eta UPV/EHUri esker. Filma galduta egon zen Josu Martinez ikertzaileak Parisen aurkitu zuen arte. Martxoaren 14an izango da ikusgai Azkuna Zentroan. Egun horretako egitarauaren barruan euskal kulturari buruzko bi dokumental bitxi erakutsiko dituzte, Suediako telebistak 1960an filmatu zituenak.

Zinemarekin jarraituz, euskal zinemagintzan aitzindari izan zen Mirentxu Loyarteri buruz egin duen dokumentala aurkeztuko du Iratxe Fresnedak, Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren.

Sarrerak salgai daude webgunean eta baita antzoki eta areto bakoitzeko leihatiletan eta online txarteldegietan ere. Aurten, Loraldia Elkarteak Lorazainaren figura jarri du martxan, festibalaren inguruko komunitate bat sortzeko asmoz. Ekimen honen arabera, webgunearen bidez izena ematen duenak deskontuak izango ditu sarreren prezioan, beste aukeren artean.

 

Programa www.loraldia.eus/2017-festibala

Sarrerak www.loraldia.eus/sarrerak