Gorabideko langileek borondatezko lanak egiteari utziko diote bihartik aurrera

uriola.eus 2017ko ots. 28a, 07:30

Gorabideko langileak protestan. Arg: LAB sindikatua

Bost urte daramatzate "konbenio eta onurarik gabe", eta protesta neurri bezala Gorabideko langileek ez dute borondatezko lanik egingo martxoaren 1etik aurrera.

Gorabideko enpresa-batzordeak atzo egindako manifestazioan akreditazio soziosanitarioko dispositiboa "berehala zabaltzea" exijitu zuten, "langileen lanpostuak arriskuan" baitaude. Bizkaiko Foru Aldundiari "inplikazioa" ere eskatu diote egungo hitzarmenaren negoziazioan lagun dezan. Enpresa batzordeak adierazi duenez, hitzarmenak "ez du langileentzako hobekuntzarik izan 2011tik hona".

Enpresak egindako azken proposamenarekin hitzarmena 2019ra arte itxi nahi du, eta langileek "enpresa-batzordea blokeatzeko asmo garbia" salatu dute. Izan ere, langileentzako "oso hobekuntza ekonomiko txikia" aurkezten du, eta "ez ditu gainontzeko lan-baldintzak berraztertzen".

Zentro arteko Batzordeak hainbat eskaera egin ditu. Besteak beste, "galdutako eros ahalmena berreskuratzeko" soldata igotzea, ordezkoei "egonkortasuna eta lan-baldintza duinak" bermatuko dizkien lan-poltsa sortzea, Aldundiarekin sinatutako lankidetza hitzarmenak erakustea, langileei kontratatutako baldintzak betetzen diren konprobatzea, "etengabe gorantz doazen" kanpo aholkularitza zerbitzuen kontratazioari buruzko informazioa ematea, kategoria profesionalen funtzioen errebisioa egitea, permutei buruzko akordioak adostea eta aurrejubilazioei buruzko lanerako mahaia sortzea.

Horregatik, martxoaren 1etik aurrera Gorabide enpresako langileek borondatezko lanak egiteari uko egingo diote.