Udal Musika Banda 70. hamarkadara itzuliko da 'La decada prodigiosa' eta Serafin Zubirirekin batera

uriola.eus 2017ko mar. 9a, 08:00

Serafin Zubirik, La Decada Prodigiosa taldeak eta Udal Musika Bandak euren talentuak elkartuko dituzte hurrengo igandean, martxoak 12, publikoari 'Bidaia 70. Kutxara La Decada Prodigiosa eta Serafin Zubirirekin' hamarkada horretako abestirik adierazgarrienak eskaintzen dituen ikuskizuna eskaintzeko. Kontzertua Euskalduna Jauregiko Auditorioan izango da 12:00etatik aurrera.

Iñaki Urkizu bandaren zuzendariordearen batutapean 70. hamarkadako mitoen abestiak interpretatuko dira, besteak beste: Nino Bravo, Joan Manuel Serrat, Camilo Sesto, Roberto Carlos, Miguel Gallardo, Pablo Abraira eta Mari Trini. Halaber, abeslari hauen obrak, Mocedades edota La Decada Prodigiosa talde mitikoen abesti ezagunekin tartekatuko dituzte. Gura oraintsuko musikaren historian garrantzizko aztarna utzi zuen hamarraldia gomutatzeko aukera ezin hobea izango da.

'Bidaia 70. Kutxara La Decada Prodigiosa eta Serafin Zubirirekin' kontzerturako sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira. Prezioa 5 eurokoa izango da.

Hurrengo hitzordua: Denboraldiko azken emanaldia

Bilboko Banda eszenatokietara itzuliko da martxoaren 26an Ximo Vicedo tronboiarekin batera 'Bidaia memorian zehar' egiteko. Emanaldia, Bandarekin Bidaiatuz denboraldiaren barruan Euskalduna Jauregian egiten den azkeneko kontzertua izango da.

Oraingo honetan, bi obra estreinatuko dira. Un monstruo viene a verme lanarekin Soinu Banda Onenaren Goya Saria jaso duen Fernando Velazquez euskal konpositore ospetsuak, Ximo Vicedori dedikatutako Tronboi eta Bandarako Kontzertu bat idatzi du. Ximo Vicedo RTVE Orkestra Sinfonikoaren tronboi bakarlaria da eta kontzertu honetan, bandarekin batera izango da, solista gisa. Halaber, Sucro Oppidum ere estreinatuko da, Javier Martinez Campos, BOSeko txelo irakaslea den, konpositore gaztearen partitura berria. Egitarauan amerikar konpositoreen bi obrak ere interpretatutako dira: David Maslankaren Requiem eta Robert Jageren Epilogue: Lest we forget. Lan guztiek, iraganeko momentuak ekartzen dituzte gogora, El olvido poeman Vicente Aleixandrek idatzi zuen bezala: "Gogoratzea zatarra da; okerragoa, tristea da. Ahaztea hiltzea da".

La Decada Prodigiosa

La Decada Prodigiosa taldeaz jardutea, Espainiako musika-panoramako talde aspaldikoenetako bati buruz hitz egitea da. 32 urteko ibilbidean 19 disko grabatu dituzte, euretako batzuk urrezko disko eta platinozko disko izan direnak, eta komedia musikal bi egin dituzte. Eurovision Jaialdian Espainiako ordezkari izan ziren, Bernidormeko Nazioarteko Kanta Jaialdia irabazi zuten, Disney faktoriarekin egin dute lan, Espainiako poparen historian talde adierazgarrien moduan aukeratu zuten 2008ko Expo Zaragozan, hainbat bira egin dituzte artista handiekin partekatuta kartela eta, garrantzizkoena, publikoaren estimua jasotzen jakin dute. Gaur egun La Decada Prodigiosaren aurrendariak Javier Enzo, Jesus Lara, Patrizia Navarro eta Keisy, guztiak ere Javier de Juan taldearen sortzailearen agindupean.

Serafin Zubiri

Serafin Zubiriren bizitza norabide zehatz eta finkoa duen abentura da: egunetik egunera ontzea musikaren bidez eta kirola eginez. Itsu jaiotzeak ez dio eragotzi aurrera egitea bere ibilbide artistikoan, 8 disko grabatu eta kirol arloko curriculum bikaina osatu baitu. 1992an Eurovision Jaialdian Todo esto es la Musica kantarekin Espainia ordezkatzeko aukeratu zuten. Urte bereko Gabonetan Disneyren Ederra eta Piztia filmaren soinu-bandaren gai nagusia interpretatu zuen, oihartzun handia lortuz. 2000ko maiatzaren 13an, herritarren botazioaren bidez aukeratu zuten bigarren aldiz ordezkatzeko Espainia Eurovision Jaialdian Colgado de un sueño abestiarekin. 2007ko irailean TVEko ¡Mira quien baila! saioaren seigarren edizioan parte hartzen hasi zen. Munduko aurreneko lehiakide itsua izan zen dantzarako zituen dohainak erakusten horrelako saio batean. 2012an plazaratu zen bere zortzigarren albuma X una causa justa izen generikoarekin, kanta bakoitza arazo sozial bati eskainita. Lan horretan, modu aktiboan parte hartu nahi izan zuen sentsibilizazio berezia dien kausa sozial batzuetan, euren alde borrokatzea merezi du eta.

Iñaki Urkizu zuzendaria

Beasaingo Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gomez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musicalen ere.

Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Arrasate Musical Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big-Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen. Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen hiru zenbakiak argitaratuta daude: Jaialdia, Dantzaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina.

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan zen 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. 2006an Bilboko Udalaren Musika Bandaren zuzendariordearen postua jaso zuen. 800 kontzertutik gora zuzendu ditu eta bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, Jose Franco, Luis Aramburu, Jose M ª Gonzalez Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Banda biekin zenbait CD grabatu ditu. Errepertoriorako egindako ekarpena ere handia da, egungo gai askoren hainbat bertsio eta moldaketa eginda, bandarentzat egokituta eta ezaugarri pedagogikoetara moldatuta.