Ibaiondoko barrutiak Gizazinea ekimena jasoko du ostiraletik aurrera

uriola.eus 2017ko mar. 15a, 09:00

Gizazinea programaren beste edizio bat abiatuko da ostiralean. Programa martxoaren 31ra arte luzatuko dute, Ibaiondoko barrutiko hainbat lekutan, San Frantziskoko Udaltegian, Bidebarrietako Liburutegian, BilbaoArten, eta Ibaialdeko eta San Adriango liburutegietan, besteak beste.

Caostica elkartearen lankidetza duen ekimenaren barruan, ikus-entzuleei, gizarte errealitate eta arazo desberdinetara hurbiltzeko aukera emango dieten film laburrak eta luzeak –dokumentalak eta fikziozkoak– eta solasaldiak eta musika eta beste arte proposamen batzuk eskainiko dira.

Gizazinea programak, arte eta ikus-entzunezkoetako sormenarekin lotu nahi ditu balioetan oinarritutako hezkuntza eta giza eskubideak, gaurkotasuna duten gai batzuetara hurbiltzeko, emakumeen berdintasunaren alde aurrera daramaten borrokara, aniztasun funtzionalera, askatasun ezera, indarkeria instituzionalera edo babesera, besteak beste, zinearen, arte plastikoen, musikaren edo literaturaren bitartez, gogoeta, solasa eta tolerantzia sustatzeko xedez.

Ostiraletik aurrera Juan Torre argazkilariaren Imagenes para tocar erakusketa bisitatu ahal izango da San Frantziskoko Udaltegian. Gainditze proiektu bat, erronka bat, da. Erakusketak, artearen historiarekin izandako 40 hitzordu zati jasotzen ditu, izoztuta. Ukitzeko irudiak erakusketa horrek, irudiei erliebea ematen dien inprimaketa teknika berritzailearen garapena erakusten du. Begiratzeko modu berria, aurrerapen teknologikoari esker. Argazkira hurbiltzeko beste modu bat, eskuak aurrean direla.

1987an, gaixotasun larri baten ondorioz (Beçheten sindromea) Juan Torrek alde batera utzi behar izan zuen bere lanbidea denbora tarte batez. 1991n Organizacion Nacional de Ciegos Españoles (ONCE) erakundeko kide egin zen, eta une honetan %8 baino ez du ikusten ezkerreko begitik, baina hori ez da oztopo izan banakako eta taldeko erakusketak egiteko zenbait aretotan eta museotan (1998 – 2014). Erakusketa ostiralean inauguratuko da, arratsaldeko 20:15ean, eta Getxoko argazkilaria bertan egongo da.

Zine programazioaren zati nagusia ere ostiral honetan hasiko da, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren - Zinebiren azken edizioan ikusi ahal izan diren zenbait film laburren –dokumentalak eta fikziozkoak– emanaldia jasoko duen saioarekin, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, San Frantziskoko Udaltegian.

Zine programazioaren barruan azpimarragarriak dira, gainera, orain denbora gutxi egindako zenbait lan, askatasunik gabeko pertsonak gizarteratzerako Suediako ereduan, mundu osoan gehien miresten denetako batean, zentratzen den Gabriel Gonzalez – Andriok zuzendutako Second Chance, besteak beste. Filma martxoaren 21ean ikusi ahal izango da, arratsaldeko 19:00etan, San Frantziskoko Udaltegian, eta emanaldiaren ondorengo solasaldian filmaren zuzendaria eta Miguel Yuste, Bidesariko, aldaketa prozesu horretan guztian kolektibo horri laguntza ematen dion elkarteko, kidea, arituko dira.

Hurrengo egunean, leku berean, eta arratsaldeko 19:00etan, baita ere, Marc Crehuetek zuzendutako El rey tuerto filma eskainiko da. Kasu honetan ere, zuzendaria emanaldiaren ondorengo solasaldian egongo da. Lana Davidengan, gomazko pilota batekin manifestari bati begia errementatu dion istiluen aurkako poliziarengan, zentratzen da. Kasualitatearen ondorioz, manifestari hori, Nacho, bere etxean agertuko da gau batean, eta bertan, gizarteko rolei eta egiaren bilaketari buruzko komedia garratza hasiko da.

Zine programazioak oso gai anitzeko beste lan batzuk ere jasotzen ditu, Iratxe Mediavilla Elorrioko zinegilearen Argi (2016, 85´) proiektu autofinantzatua –euskaraz– garai frankista neskato baten begietatik erakusten duena. Filmaren ondorengo solasaldian, zuzendariaz gain, Amara Monasterio argazki arduradunak hartuko du parte. Filma martxoaren 24an ikusi ahal izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bidebarrietako Liburutegian.

Zine saioek beste lan batzuk ere jasoko dituzte, Parisko auzo bateko arraza eta kultura gatazkei buruzko Tony Gatlifen Geronimo, bi orduz Bob Marleyren bizitzatik eta lanetik ibilbidea egiten duen Kevin MacDonalden Marley, eta Bigarren Errepublikako ministro aukeratua izan zen lider anarkistari buruzko Jean-Michel Rodrigoren Federica Montseny, L’Indomptable. Federica Montseny osasun sistema unibertsala ezartzen ahalegingu zen, eta metodo antikontzeptiboei eta ama ezkongabeen eta prostituten eskubideei buruzko legeak planteatzen ausartu zen.

Animaziozko zinea

Berrikuntza gisa, edizio honek umeei zuzendutako bi animaziozko zine saio jasotzen ditu, Ibaialdeko –martxoaren 29an– eta San Adriango –martxoaren 30ean– udal liburutegietan, Caostica Film Labur eta Bideoklip Nazioarteko Jaialdiko film laburren aukeraketarekin.

Programazioak, Aullidos de Otxar taldearen –auzoan sortutako antzerki komunitario taldea– La vida en una maleta lana ere jasotzen du. Lan horretan, 50eko hamarkadan Galiziatik, Burgosetik edo Extremaduratik etorri ziren eta, lehenengo Los Caños, Monte Banderas edo Enekuri gaina bezalakoetan zeuden infra-etxebizitza multzoetan bizi ostean, 60ko hamarkadan Otxarkoagara heldu ziren bertako biztanleen testigantzak jartzen dira eszenatokian. Tokiko istorioa izateaz gain, euren lurra utzi eta etorkizun hobea bilatzera doazen pertsonen sentimenduei eta emozioei buruzko istorio unibertsala ere bada.

Ohikoa denez, programari jai batekin emango zaio amaiera. Oraingo honetan, festa horretan Tode, Mudafasah Beatbox Jam Session, Aiala & DJ Mudo eta Big Sound Boy arituko dira Kremlin Aretoan, martxoaren 31n, gaueko 22:00etatik aurrera. Festa horrek Rap, MC eta beatbox barruko eszena berriko puntako figura batzuk ere izango ditu.

Jarduera guztiek sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte.

Informazio gehiago hemen: www.kulturabarrutik.eus