3. lineako 7 geltoki berrietan soilik egingo den tarifa-bateratzea ere kritikatu dute, "Euskotrenen gainerako geltokiak kanpoan uzten dituelako" eta "lehen eta bigarren mailako garraio-erabiltzaileak sortzen dituelako". LABen arabera Metro Bilbao eta Euskotreneko erabiltzaileen artean "gehienez ere %10ak lortuko ditu onurak" tarifa berriekin.
Amaitzeko, azken egunetan Bilboko Metroko eta Euskotreneko langileek jaso dituzten ahozko kexen harira, langileek tarifaren igoeraren berri baino ez dutela ematen argitu nahi izan du sindikatuak, eta "benetako arduradunak" Bizkaiko Foru Aldundia eta Garraio Partzuergoa direla.
EH Bildu eta Goazen Bilbaoren eskariak
'Bidai 50', 'Bidai 70', 'Gazte 70', 'Bidai Oro' eta 'Gazte Oro' dira aurkeztutako hilabeteko bono eskaintza berriak. Denetan ordaindu beharreko prezioa garestiagoa da martxoaren 8tik. Horregatik, Goazen Bilbaok Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP) eskatu dio tarifen igoera bertan behera uztea, eta martxoaren 30ean Bilboko Udalbatzan aurkeztuko du prezioen igoeraren aurkako mozioa.
EH Bilduk "tarifen igoera justifikatzeko txartel berarekin zerbitzu gehiago lor daitezkeenaren aitzakia" erabiltzea egotzi dio BGPri. Txartel berriak metroaren erabilera %30 garestituko duela salatu du eta Euskotrenena %50. Era berean, koalizioak adierazi du Bizkaiko Garraio Partzuergoak ezarritako "metro sarea" sistemak Bizkaiko hirigunetik urrunen dauden eskualdeak "diskriminatzen" dituela, eta Bizkaiko gune eta operadore guztiak barneratu ez izana salatu du, Bilbobus eta Bizkaibus esaterako. "Bizkairako tarifa bakarra eta integratuaren beharra" ere azpimarratu du.