Loraldia 2017

Loraldiak, Lou Topet bandak eta euskal eszenako musikariek Pete Seeger omenduko dute Arriagan

uriola.eus 2017ko mar. 16a, 11:00

Pete Seeger (1909-2014) New Yorkeko folk kantariaren omenezko kontzertu berezia egingo dute, Loraldia Festibalaren baitan, hilak 26, igandea, 19:00etan, Arriaga Antzokian. Musikari bikaina izateaz gainera, estatubatuar ezkerraren izen nabarmenetakoa ere izan zen Seeger. Eta Euskal Herriko zein nazioarteko egile abeslariengan eragin handia izan zuen.

Arriagakoa emanaldia bakarra izango da, Loraldia Festibalaren ekoizpen propioa. Bertan, Lou Topetek eta Harkaitz Canok gidatuta, errepasoa emango zaio Seegerren kantutegi oparoari. Festa borobilduko dute, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, King Konsul, Joseba Irazoki eta Izaro musikari gonbidatuek, Harkaitz Canok euskarara eramandako Seegerren kanten bertsioak jotzen.

Loraldia Festibalak Harkaitz Canori eta Lou Topet Bandari egindako enkargu baten emaitza izango da Arriagako kontzertua. Lour Topetek  -Oier Aranzabal (ahotsa, gitarra, armonika), Rafa Rueda (gitarra, ahotsa), Oihan Larrañaga (baxua), Ander Zulaika (bateria) eta Joserra Senperena (pianoa)- Abesti bat gutxiago bertsioen diskoa atera zuen 2015ean eta hor bazegoen Pete Seegerren abesti bat: Loreak non dira (Where have all the flowers gone). Loraldiaren proposamena jaso eta gero, musikariek eta Harkaitz Canok elkarlanari eutsi zioten. "Bertsioak egiterakoan, ahalik eta geureen egiten saiatu gara -azaldu du Oier Aranzabal Lou Topet bandako fundatzaileak-. Loraldiaren mandatua aukera bat eta gure aurreko diskoaren apendize bat bezala hartu genuen, oso gustura hartu ere. Pete Seegeren zale amorratuak gara".

"Kontzertu oso berezia izango da Arriagakoa. Seegeren kantutegiari errepaso bat emango diogu, baina gure eremura ekarrita. Dibertigarria izango da, ze publikoak batzuetan asmatu egin beharko du zein abesti jotzen ari garen. Guretzat handia da Pete Seegeren abesti sorta gure kantutegira ekartzea, hemendik aurrera abestu ahal izango dena", gaineratu du Aranzabalek.

Lou Topet taldeak 'Pete Seeger gogoan' EP laburra grabatu du eta disko horren edizio mugatu bat argitaratu da Loraldiarekin elkarlanean, kontzertuaren amaieran eskuratu ahal izango dena. Arriagako emanaldirako prestatutako errepertorioaren testigantza uzteko asmoz grabatu da EPa. 300 ale argitaratu dira, eskuz egindako tirada zenbakidunean. Euskarri digitalean ere eskuratu ahal izango da, doan, seeger.loutopet.com webgunearen bidez. 

Itzal handiko musikaria

Ekimen honekin, Loraldia Festibalaren asmoa Seeger omentzea izan da. Belaunaldi jakin batentzat mitikoa izan zen kantari iparamerikarra. Bruce Springsteen bezalako nazioarteko puntako musikari askok euren kanten bertsioak argitaratu dituzte. Euskal egileen artean, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak edo Garik egin dituzte Seegeren bertsioak.

Euskal Herrian behin egon zen Seeger, 1971an, Donostiako Victoria Eugenian, Ez Dok Amairu mugimenduak gonbidatua, eta kantaldi historiko eta emozioz beteta eskaini zuen, Poliziak antzokia inguratzen zuen bitartean. 

40 hamarkadan, Estatu Batuetako Partido Komunistako kidea izan zen Seeger eta, ondorioz, kondena eta Gobernuko boikota sufritu zuen. 2009an, berriz, Obamaren presidentziaren inaugurazio festan parte hartu zuen. Bere lan ezagunen artean 'Historias del Batallon Lincoln' diskoa, Guantanameraren bertsio ospetsua edota Little boxes abesti ironikoa aurkitzen dira.