Pre-Fant BBK Aretora, Bidebarrietara eta Guggenheimera helduko da gaur

uriola.eus 2017ko api. 24a, 09:30

Maiatzaren 5etik 12ra egingo den Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, Fant 22k aurretiazko zenbait jarduera aurkeztuko ditu aurtengo edizioan ere –gehienak doakoak– gaurtik, apirilaren 24tik 28ra, Kale Nagusiko BBK Aretoan, Bidebarrietako Liburutegian eta Guggenheim Museoan. Pre-Fantek Sitges Tour a Contracorriente esperientzia programatu du berriro ere edizio honetan, Kataluniako zinemaldiko azken edizioan parte hartu duten bost filmen aukeraketarekin. Amaitzeko, DJ Carlos Bayonak saioa eskainiko du Art After Darken barruan. 

BBK Aretoaren apirilaren 24, 25 eta 27rako programazioak bi saio jasoko ditu, arratsaldeko 18:00etan eta 20:00etan, hurrenez hurren, sarrera librearekin, Sitges Tour AContracorriente programako bost lan eskainiz. AContracorriente Films etxeak martxan jarri duen ekimen horretan, zinemaldiaren azken edizioan aurkeztu ziren filmak Estatuko zenbait zine aretotan eskainiko dira, modu ibiltarian.

2016an ekoiztu diren eta Pre-Fanten pantaila handian ikusi ahal izango diren bost filmak hauek dira: Andre Øvredalen The Autopsy of Jane Doe (euskarazko eta gaztelaniazko azpi-tituluekin), Hideaki Annoren eta Shinji Higuchiren Shin Godzilla, Kike Flanaganen Before I Wake (euskarazko eta gaztelaniazko azpi-tituluekin), Sang-ho Yeonen Train to Busan, eta Colm McCarthyren Melanie. The Girl with All The Gifts

BBK Aretoko programazioa, Sophia Takalen Always Shine film estatubatuarraren aurre-estreinaldiarekin osatuko da, Sony Pictures etxeari esker. Emanaldi guztiek sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte.

Horrez gain, Pre-Fanteko jardueren barruan, apirilaren 26an Robocop-i buruzko hitzaldia jasoko da, saga mitikoaren lehenengo filma estreinatu zenetik 30 urte betetzen diren honetan. Hitzaldia Toni Garzon Abad bilbotarrak emango du. Zine Ekoizpenean eta Zuzendaritzan titulatuta dago, eta film labur eta publizitateko spot ugari zuzentzeaz gain, Lo mejor de cada casa (Una semana en el parque) film luzea ere egin du. Publizitateko sortzaile eta zine kritikari gisa egin du lan, eta gaur egun gidoi eta zuzendari laguntzaile ikastaroak ematen ditu ikus-entzunezko zenbait erakundetan eta eskolatan. Hitzaldia 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegian, eta sarrera librea izango du.

Pre-Fantek luxuzko amaiera izango du aurten, apirilaren 28an, Rosemary Myersen Girl Asleep filma estreinatuko baita Bilbon, Guggenheim Museoaren auditorioan, La Aventura banaketa etxeak film hori Madrilgo eta Bartzelonako areto komertzialetan estreinatzen duen egun berean, hain zuzen ere. Emanaldia 20:00etan izango da, eta 22:00etatik aurrera, Art After Dark programazioaren barruan, Carlos Bayona DJk Fanterako saio berezia eskainiko du. Jarduera hori, Guggenheim Bilbao Museoaren XX. urteurrena ospatzen duen TopArte programaren barruan dago. Azken jarduera horretarako sarrerak 13 euroko prezioa izango du, eta 9 eurokoa museoaren adiskideentzat eta Fant bonua dutenentzat.

Carlos Garcia Bayonak (Bartzelona, 1975), –Un monstruo viene a verme bezalako filmen zuzendari ezagunaren anaia–, bere burua poparen eta elektronikaren arteko arlo guztietako batasunaren freak gisa definitzea atsegin du. DJ gisa Espainia osora heldu da, herrialdeko kabina garrantzitsuenetatik igaroz, eta Sonar (2014), 080 Barcelona, Cambrilrock, Palmfest… jaialdietan hartu du parte, besteak beste. Azpimarragarriak dira Alemaniako M’Era Luna, Zillo, Coliseum eta Kulturfabrik jaialdietan eskaini dituen saioak. Ekoizle gisa, Dos Rombos (Love Corporation, 2007) lana argitaratu du, bere taldearen, Lorena C electro-rock bikotearen, lehenengo lana. Bere taldetik aparte, La Bien Querida, OBK, De/Vision, Love Of Lesbian eta Delafe y las Flores Azulesen mailako artistentzako bir-nahasketak ere prestatu ditu.

Fant gehiago

Eta jaialdian bertan, Fantek aurten ere erakusketa bat eskainiko du, maiatzaren 5etik 12ra Azkuna Zentroko erabilera anitzeko aretoan bisitatu ahal izango dena. 'The Vault of Rob Zombie. A Comic Tribute' erakusketa, Zinearekin erlazionatutako 16 marrazkilarik Rob Zombieren irudietan oinarrituta egin dituzten kartelen bilduma da. Borja Crespok koordinatutako erakusketa, komiki zale eta marrazkilariaren ibilbide eklektikoari egiten zaion omenaldi grafikoa da. Dagoeneko finkatuta dauden artisten eta talentu berrien artea biltzen du, M. A. Martin, David Rubin, Manuel Bartual, Koldo Serra, Luis Bustos, Mamen Moreu... besteak beste.

Beste alde batetik, joan den asteartean, martxoaren 15ean, itxi zen 2017ko edizio honetara lehiaketara aurkeztutako filmak aurkezteko epea. Aurten Fantek 931 film jaso ditu, mundu osoko 53 herrialdetatik bidalitakoak. Herrialde horien artean daude Austria, Filipinak, Alemania, Georgia, Irak, Mexiko, Turkia, Serbia, Venezuela, Frantzia, Norvegia, Danimarka, Brasil, Irlanda, Belgika, Errumania, Zipre, Errusia, Iran, Portugal, Taiwan, Polonia, Argentina, Nepal, Italia, India, Eslovenia, Erresuma Batua…

Jaialdiaren antolatzaileek aukeratuko dituzte Sekzio Ofizialeko edo beste ziklo batzuetako film luze gisa programatu ahal izango direnak, eta Fant laburrean sekzioan lehiatuko diren eta ikus-entzuleen eta epaimahaiaren iritziz Film Labur Hoberenaren saria eskuratu ahal izango duten film laburrak. Lehiaketa horretan saritutako film bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, 2.000 euroko beste sari bat egongo da, epaimahaiaren iritziz Euskal Film Labur Hoberena denarentzat. Aurten ere euskal film laburrek euren saio berezia izango dute.