Kultura, identitatea eta transmisioa hizketarako gai izango ditu gaur Labayru fundazioak

uriola.eus 2017ko mar. 30a, 09:20

Argazkia: Labayru Fundazioa @labayrufundazio

Aurten 40 urte bete ditu Labayru Fundazioak. Hori dela-eta, gaur, martxoak 30, Geureak eta inorenak. Kultura, identidadea eta transmisinoa izeneko mahai-ingurua antolatu du.

Lau gonbidatu izango ditu jarduerak. Gaizka Aranguren kazetaria (Zoparen teoria orokorra), Agurtzane Intxaurraga aktore, gidoilari eta zuzendaria (Antzerkia Euskal Herrian: Nondik? Norentzat? Hizkuntza, aberastasuna ala oztopo?), Ane Ortega filologo eta soziolinguista (Euskera geurea eta denona) eta Xabier Paya bertsolari, idazle eta kultur kudeatzailea (Euskal kultura Europatik begira).

Ekimenaren moderatzaile Akaitze Kamiruagak jardungo du.

Mahai-inguru irekia izango da nahi duenarentzat.

Hitzordua: martxoaren 30ean Rekalde Aretoan (Rekalde zumarkalea 30) 18:30ean. 

Labayru Fundazioa

1977an sortu zen, euskal kultura ondarea ikertu, bultzatu eta gizarteratzeko asmoaz. Helburu zabal horri erantzun nahian, hainbat arlo lantzen ditu, ikerketa edo zabalkunde mailan: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabileraren normalizazio planak, etnografia, lexikografia…

Kulturgintza guzti horren osagarri garrantzitsua da Euskal Biblioteka, Euskal Herriari eta hizkuntzari lotutako gaien ondare aberatsa gordetzen duena: liburutegia, hemeroteka, argazki-artxiboa, ikus-entzunezkoak, kartelak eta papergintza mota guztiak (liburuxkak, pegatinak, egutegiak…).

Labayru Fundazioa bizkai euskara idatziaren arautze, ikertze eta bultzatze lanetan erreferentziazko erakundea da: corpusak batzen eta lantzen, jarraibideak ematen, lan didaktikoak sortzen eta irakasten. EGA titulurako zentro homologatua da.

Hizkuntza zerbitzuak eskaintzen ditu, batetik: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, erabilera planak, berariaz. Eta bestetik, ikerketari zuzendua dago, euskal hizkuntza, literatura, etnografia eta bibliografia ildoetan, bereziki. Jarduera biak lotuta daude, ikerketaren emaitzak zerbitzuetan eskaintzen direlako eta argitalpenen oinarria direlako.

 

www.labayru.eus