Ekimenak bi xede ditu. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontuek jasotzen duten Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) %7ko murrizketa salatzea eta, bestetik, "legeak dioena betez", DSBEri %8ko igoera aplika diezaiotela exijitzea, Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari (LGS) bezala.
Eusko Jaurlaritzak DSBEren %7ko murrizketa bertan behera utzi arte La Najan egongo dira grebalariak. "Pobreziaren kriminalizazioa" eta Eusko Jaurlaritzak "herritarrei eskubideak kentzeko arrazakeria eta xenofobia erabiltzea" salatu dute. Ekimenean parte hartzen duten gizarte kolektiboen artean Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Elkartzen, Munduko Munduak, Argilan-ESK, Bizkaiko SOS Arrazakeria eta PAH Bizkaia-Kaleratzerik EZ! daude.
Elkartasun karpa
Gose greba hasi zutenetik ekintzaileek elkartasun karpa ezarri zuten La Najan, DSBEren kontra agertu diren elkarte, sindikatu, alderdi, eragile, kolektibo eta norbanakoak hurbildu daitezen. Grebalariek azpimarratu dute "DSBE hainbat mobilizazio, greba orokor, manifestazio eta herri ekimenen bidez lortutako eskubidea dela".
Aste honetan zehar CCOO Euskadiko Unai Sordo, Elkarrekin Podemos koalizioko legebiltzarkideak eta EH Bilduko ordezkariak gerturatu dira elkartasun karpara ekimenari babesa adierazteko. Gaur goizean Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LABeko idazkari nagusiak izan dira grebalariekin, eta bihar UGT Euskadiko buru Raul Arza espero dute. Bestalde, gaur arratsaldean Etxeko Langileen Elkarteko Sarai Arcek Etxeko langileen erronkak hitzaldia emango du 19:00etan karpan.
Elkartasun karpaz gain, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko informazio bulegoa irekiko da egunero 16:30etatik 18:30etara eta asteburuetan 11:00etatik 13:00etara.
Apirilaren 1ean manisfestazioa
Larunbatean, apirilak 1, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituta "DSBE defendatzeko" manifestazioa egingo dute 17:30ean Jesusen Bihotzetik. Atzo aurkeztu zuten manifestazioa Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.