Gerra Zibilean Italia faxistako tropek egindako dokumentalen zikloa abiatu du Zinebik

uriola.eus 2017ko api. 4a, 08:00

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, dokumentalen ziklo bat jarri du martxan. Atzo hasi zen, apirilak 3 eta hilaren 6ra arte iraungo du. Zikloa Gerra Zibilari buruzko Italia faxistaren zinematografia-produkzioari eskainita dago, eta emango diren piezek propaganda-helburuak dituzte soilik. Gaurko egunean 9 lan eskainiko dituzte 20:00etatik aurrera UPV/EHUren Bizkaia Aretoan; film gehienak orain arte proiektatu gabekoak dira.

Gerra Zibila hasi zenetik 81 urte igaro dira, eta, tropa frankisten Bilboko okupazioaren edo Gernika eta Durangoko bonbardaketen 80. urteurrena izanda, zikloa oroitzapen-proiektu zabalago batean kokatuta dago. Hauxe da proiektu horren izenburua: Imagenes para la memoria. Iconografia fascista y Guerra Civil Española (2016-2019”). Kataluniako Zinematekan inauguratu zen joan den azaroan, eta helburua iragan hurbileko gertaera traumatiko eta erabakigarriei buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzea da. Gertaera horietan, Hitlerrek eta Mussolinik estatu-kolpe frankistari eman zioten laguntza materiala eta ideologikoa funtsezkoa izan zen gerra horrela amaitzeko eta, ondoren, diktadura bermatzeko.

Helburu horrekin, lehen aldiz emango dira Bilbon Italia faxistako propaganda-aparatuak ekoitzitako eta, kasu gehienetan, identifikatu gabeko kamerariek egindako dokumentalak. Europako zenbait artxibo zehatz-mehatz arakatu ondoren aurkitu ahal izan dira. Zikloaren antolatzailea Centro di Studi sul Cinema Italiano (CSCI) da, Bilboko Udalarekin eta Zinebirekin batera. Gure hiriko eta gure lurraldeko gertaeren memoria historikoa berreskuratzeko ekintzen esparruan dago antolatuta.

Programa atzo, apirilak 3 abiatu zen emanaldi berezi batekin: Daniela Aronica zinemagintza-ikertzaileak eta saiakeragileak eta ziklo honen komisarioak idatzitako liburuaren aurkezpenarekin. Liburuaren izenburua La Guerra Civil Española en la propaganda fascista. Noticiarios y documentales italianos (1936-1943) da –Zinebik argitalpenerako laguntza eman du–. Aronicak, gainera, mahai-inguru batean hartu zuen parte, Santiago de Pablorekin batera (UPV/EHUko Historia Garaikideko katedraduna). Emanaldian I legionari italiani in Catalogna (1939. 44´) dokumentala ere eskaini zuten.

Filmazio asko oraindik proiektatu gabekoak dira, eta garai horretan ere ez ziren estreinatu. Aukeratutako film batzuetan balio dokumental handia duten Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietako irudiak ageri dira; bestek beste, herri hauetakoak: Amorebieta, Bermeo, Bilbo, Dima, Durango, Eibar, Gernika, Mungia, Plentzia eta Errenteria. Dokumental batzuetan, faxistek Euskal Herrian egindako erasoaldia ageri da, hain zuzen, honako hauetan: La Liberazione di Bilbao film laburrean, Volontari film ertainean eta No pasaran film luzean.

Irudi gehienak ezezagunak ziren orain arte, baina harrigarriak eta, zenbait kasutan, oso hunkigarriak dira. Francoren eta Mussoliniren arteko harreman estua eta, aldi berean, gatazkaz beterikoa erakusten dute; izan ere, diktadoreen interesak barneko eta kanpoko egoeraren arabera aldatzen ziren, eta, hain zuzen, egoerak baldintzatzen zituen eta birbideratzen zituen haien ildo politikoak. Ezinbestean, horrek ondorioak izan zituen zinemagintzan, agintariek propaganda-kontsignen tresna nagusi eta erresonantzia-kaxa bihurtu baitzuten.

Hori dela eta, lan hauetan Gerra Zibilari buruz irudikatutakoa erabat ideologizatuta dago, eta oso alderdikoia da. Dena dela, lerro artean eta azpian dauden propaganda-asmoez harago, eszena askok errealizadoreek lortu nahi zutenaren aurkako kontraesan esanguratsuak iradokitzen dituzte.

Egitaraua

Apirilak 4, asteartea

Le organizzazioni falangiste a Palma di Maiorca (1936, 10’, soinurik gabe).

¡Arriba España! (1936, 14’, JBA).

Sulla soglia di Madrid. La Dolorosa (1937, 9’, soinurik gabe).

La liberazione di Malaga (1937, 13’, JBA).

La liberazione di Bilbao (1937, 15’, JBA).

Orfani spagnoli in Italia (1937, 11’, soinurik gabe).

El fin del frente rojo cantabrico: la toma de Gijon (1937, 8’).

La tierra del Cid (1938, 11’, soinurik gabe).

La battaglia dell’Ebro (1938, 14’, JBA).

Apirilak 5, asteazkena

Volontari (1938, 47’, gehiena soinurik gabe).

Los Novios de la Muerte. Il film dell'Aviazione Legionaria nel cielo della Spagna (1938, 30’, JBA).

Cielo spagnolo (1938, 19’, JBA).

¡España una, grande, libre! Dalla barbarie rossa al trionfo della civilta fascista (Giorgio Ferroni,1939. 23’, JBA).

Apirilak 6

¡No pasaran! (1939, 87’, JBA).

Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da, aretoaren edukiera bete arte.