Izaro kantariak zabalduko du egitaraua, Alde Zaharreko BIBA gunean (Ronda kalean), 19:00etatik aurrera, sarrera doan. Azken sasoiko ahots deigarrienetakoa da. 22 urte baino ez ditu eta ondo ederto islatzen du gaurko paisaia musikala Izaro Andresek. Paradise kanta interpretatzen bideo bat igo zuen Youtubera eta 47.000 bisita jaso zituen. Iaz lehenengo diskoa argitaratu zuen Om; lan intimo eta pertsonalitate handikoa. Espainatik egiten ari den biran geldialdi bat egiten, Loraldia Festibalean aurkeztuko ditu formatu txikian berak sortutako azken kantuak.
Lukiek arituko da ondoren, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean, 21:00etan. 2015ean Mungian sorturiko rock alternatiboa jotzen duen taldea da Lukiek. Hirukotea da: Josu Ximun (gitarra ,ahotsa), Antton Goikoetxea (baxua) eta Christian Rodriguez (bateria). Rock garajeroa eta grunge dute gustuko. Strokes, Nirvana eta The Clash moduko taldeak hartzen dituzte erreferente gisa. Musika anglosaxoiaren eragina izan arren, euskara daukate oinarriko hizkuntza haren kantetan. Aurreneko albuma kaleratzeko zorian da.
Hesian taldeak itxiko du Badok Eguna, Kafe Antzokian, 22:30etan. Aurten Bizkaian egingo duen disko berriko lehen aurkezpen-kontzertua. Hamar urte bete ditu Sakanako taldeak rockaren errepidean eta ibilbide emankor hau ospatzeko asmoa du. Loraldia Festibala ospakizun honen lekuko aparta izango da. Fran Urias (ahotsa, gitarra), Eneko Garziandia (tronpeta), Iñigo (tronboia), Bruno de Zabala (baxua), Danel (bateria), Iker Toral (gitarra) eta Zuriñe Hidalgo (ahotsa) taldekidekin batera, Norton (EH Sukarra), Iñigito (Txapelpunk), Naroa Gaintza eta Xabi Hoo (Encore) arituko dira Kafe Antzokiko eszenatokian.