Erreferendumaren aldeko Itun Nazionala Katalunian independentziari buruzko erreferendum bat egitearen aldeko ehunka eragileak biltzen dituen ekimena da. Joan den abenduaren 23an eratu zen, Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itun Nazionala eraberrituz. Ekimen berri honen helburu nagusia Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko akordioa sustatzea da, erreferendum lotesle eta eraginkor bat ahalbidetzeko, Kataluniako herritarrek haien etorkizunaz bozkatu eta erabaki ahal dezaten.
Erreferendumaren aldeko Ituna dinamizatzeko batzorde eragile adostu bat izendatu zuten: Joan Ignasi Elena (koordinatzailea), Maite Arqué, Jaume Bosh, Francesc de Dalmases, Carme-Laura Gil, Itziar Gonzalez, Francesc Pané eta Carme Porta. Batzorde honek erreferendumaren aldarrikapen zabala biltzen duen agiria idazteko ardura hartu zuen, eta otsailaren 1ean, Itunaren batzarrak testua onetsi ondoren, atxikimenduak biltzeko kanpainari hasiera eman zioten. Dagoeneko, milaka atxikimendu jaso ditu erreferendumaren aldeko agiriak, horien artean Gure Esku Dago mugimenduarena.
Gure Esku Dagoren ustez, erreferenduma "tresna demokratiko eraginkor eta biltzailea da herritarrok euren etorkizuna erabakitzeko", eta, Kataluniako herritarrei "euren borondate politikoa botoaren bidez adierazteko eskubidea gauzatzea dagokie". Izan ere, erreferendumaren eskaerak "Kataluniako herritarren gehiengo zabalaren sostengua du".
Erreferendumaren aldeko Itun Nazionalaren aurkezpena antolatuz, Kataluniako prozesua sakonago ezagutzeko aukera eman nahi die Gure Esku Dagok euskal herritarrei. Hain zuzen ere, Erreferendumaren aldeko Itun Nazionalaren esperientzia gertutik ezagutzea "lagungarria izan daiteke", Gure Esku Dago lantzen ari den erabakitzeko eskubideari buruzko itun herritarra osatze aldera, ekainaren 10ean Bilboko mobilizazioan aurkeztuko duen itun herritarra.
Izena emateko: docs.google.com/forms