Bizkaiko garraio publikoko tarifa-igoera bertan behera utzi eta "sistema bateratu justuagoa" eskatu dute sindikatuek

uriola.eus 2017ko api. 7a, 08:08

Argazkia: @LABmetrobilbao

Garraio publikoan ordezkatuta dauden ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek bidaia txartel berrietan "10 eurotik gora izandako igoera baliogabetzeko" eskatu diote gaur Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari. Ildo horretan, garraio-sistema "bateratu justuagoa, kalitatezkoa eta Bizkaia osoaren beharretara egokitutakoa" exijitu dute. 

Duela hiru urte ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek bat egin zuten Bizkaian txartel bakarra izateko adierazpenean, Bizkairako tarifa-sistemak behar zituen sei oinarriak bilduz.

Kolektibo sozial eta alderdi politikoei aurkeztu zieten adierazpena, eta "babes handia jaso zuen, oro har", baita txartel bakarraren eta tarifa-sistema bateratuaren alde "etengabe lan egiteko konpromisoa" ere.

Hiru urteren ondoren, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) eta Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) "ezusteko desatsegina eman digutela" adierazi dute gaurko agerraldian "garraio-txartel sorta eta tarifa-sistema berriak sortu dituztenean garraio-alorrean ordezkatuta gauden sei sindikatuok 2014an eskatu genizkien baldintzak eta irizpideak inola ere bete gabe". Gogor salatu dituzte Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Saileko foru diputatuak Bizkaia zuretzat konektatzen dugu kanpainarekin "saldu gura dizkigun gezur eta zentzugabekeriak".

Besteak beste, sindikatuen iritziz, gezurra da tarifa berdin mantentzen denik, garraioa zenbat eta gehiago erabili, hainbat eta merkeago denik, txartelaren prezioa pertsonen errentaren araberakoa denik, zerbitzu publikoa eta kalitatezkoa bermatzen denik, edota Bizkaia osoan erabilgarria denik. 

Gezur horiek labur eta xehe azaldu dituzte. Sistema berriak "metroko bidaiak saritu eta beste operatzaileetan egiten direnak zigortzen dituela" adierazi dute. Baita hiriburutik urrunen dauden udalerriak zigortu ere, "metroaren sistema bateratutik kanpo ere utziz". Era berean, bidaia txartel berriekin hileko txartelak "metroan %30 eta Euskotrenen %50 garestitze neurrigabea" izango duela argitu dute. 

Zentzu horretan, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote, batetik, bertan behera uzteko "berehala" BIDAI 50, 70 eta ORO txartelen "tarifa-igoera neurrigabea" eta, bestetik, Bizkaiko tarifa-bateratzearen sistema "berriro pentsatzeko" eta 2014ko adierazpeneko irizpideak kontuan hartzeko. "Horrela baino ez dugu lortuko garraio publikoaren zerbitzua benetan hobetzea, orokorrean, erakundeen, operatzaileen, langileen eta gizartearen ikuspegietatik".

Sindikatuek jakitera eman dute hainbat eragile sozialekin hitz egiten hasiko direla "txartel bakarraren aldeko lan egonkor eta iraunkorra egingo duen foroa antolatzeko". Aldarrikapen hori gizarteratuz eta esparru ezberdinetatik aldarrikatuz "gizarteak mugikortasunarekin eta garraioekin loturik dauden erabakietan parte-hartzea bermatuko da". 

 

Elkarretaratzea

"Salaketarako eta aldarrikapenerako elkarretaratzera" deitu dute sindikatek Txartel bakarra bai, garraio publiko bateratu eta kalitatezkoa gehiago ordaindu barik lelopean gaur, apirilak 7, 11:30ean metroko 3. linearen Zazpikaleetako geltoki berriaren aurrean (San Nikolas plazan).

 

Informazioa gehiago: www.lab.eus eta www.ela.eus