‘Los ritos del agua’ eleberriaren aurkezpena jasoko du ostegunean Bidebarrietak

uriola.eus 2017ko api. 4a, 10:30

Bidebarrieta Kulturguneak, egungo literaturako emakume idazleei eskainitako 'XXI. mendeko Emakume Idazleak' programa barruko beste ekitaldi bat jasoko du ostegunean, apirilaren 6an. Idoia Jauregi kazetariak gidatuko duen hitzordu horren barruan Eva Garcia Saenz de Urturiren Los ritos del agua (Planeta arg.) eleberri berria, La ciudad blanca trilogiako bigarren partea, aurkeztuko dute.

Ekitaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera librea izango du leku guztiak bete arte eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.

Eva Garcia Saenz de Urturik (Gasteiz) 2012an argitaratu zuen bere lehenengo eleberria, salmenta aldetik arrakasta handia lortu zuen, eta ingelesera itzuli ondoren Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan ere harrera bikaina jaso zuen La saga de los longevos. 2014an, Los hijos de Adan saga horretako bigarren lanak ikusi zuen argia, eta baita Pasaje a Tahiti eleberri historikoak ere.

2016an El silencio de la ciudad blanca, bere jaioterrian girotutako thriller zirraragarria argitaratu zuen. Lan horrek arrakasta handia lortu zuen kritikarien eta salmenten aldetik gure herrialdean, itzultzeko eskubideak Alemaniara eta Italiara saldu dira dagoeneko, eta zinera egokitzeko prozesuan dago. El silencio de la ciudad blanca lanarekin eman zion hasiera Los ritos del agua bigarren eta asko itxarondako entrega duen trilogiari.

Eleberria Arabako hiriburuan dago girotuta, baina baita Kantabrian ere, bertara eramaten baititu idazleak protagonistaren, Unai Lopez de Ayala polizia inspektorearen, ikerketa lanak. Lehen liburukiaren estiloarekin bat etorriz, eleberria, Ana Belen Liaño, Krakenen lehenengo neska-laguna, eraila agertzen denean, hasten da. Emakumea haurdun zegoen, eta duela 2.600 urteko erritual batean oinarrituta erail zuten: erreta, eskegita eta Brontze aroko galdara batean sartuta. Aldi berean, Unai eta bere hiru adiskide hoberenak Kantabriako herrixka baten berreraikuntza lanetan arituko dira. Bertan komiki marrazkilari neska enigmatikoa ezagutuko dute, eta lauen iritziz euren lehenengo maitasuna izango da.

Krakenek, Euskal Herriko eta Kantabriako Uraren Errituak imitatzen dituen eta biktimak seme-alabaren zain dauden pertsonak dituen hiltzailea aurkitu eta atxilotu behar du. Diaz de Salvatierra komisariordea haurdun dago, baina ondorio ikaragarriak izan ditzakeen zalantza bat dago aitatasunaren inguruan. Aita Kraken bada, Uraren Errituen mehatxua dutenen zerrendan sartuko da.