Zuberoako Pastorala oinarri artistikoa izan arren, XXI. mendeko ikuskizun modernoa da bi ikastoletako kideek prestatutakoa. Urretxindorra Ikastolako antzerki lanak Eneko Aritza Nafarroako errege-erreginen dinastian lehen izen ezaguna izango du ardatz. Deustuko Ikastolakoak, berriz, euskal mitologia gaia jorratuko du. Gaiak ikasleek eurak hautatu dituzte. Zereginak bezalaxe, nork bere interesaren arabera aukeratu du aktore, zuzendari, musikari, jantzien arduradun edota eszenografo izan.
10 eta 11 urteko ikasleek Erika Urangak sortutako gida pedagogikoa izan dute sormen bidea. Unai Iturriagak gidoian lagundu du eta ikastolako hainbat irakaslek gidatu dituzte gazteen taldeak.
Geletan atalka prestatu dituzte ikuskizunerako atal desberdinak, azkenean gela handi batean zati guztiak batzeko. Prestaketan ikastolan ohikoak diren baliabideak erabili dituzte: kartoia, plastikoa... horiek moldatuta konpondu dira. Eta batik bat gogoa eta denbora baliatu dute pastoral moderno hau gauzatzeko.
Ikuskizuna gaur, hilak 5, 19:00etan taularatuk dute Campos Antzokian. Sarrerak hiru euro balio du. Doakoa izango da 16 urtetik beherakoentzat.
Loraldiaren azken txanpa
Ostegunean, apirilak 6, ez da emanaldirik egongo. Korrika 20 Bilbora helduko da 17:00ak aldera, eta Loraldiak 1.820. kilometroan hartuko du parte. 19:15etan Zabalbide eta Zumalakarregi gurutzean, bus geltokian biltzeko deia luzatu dute antolatzaileek, "euskararen alde korrika egiteko".
Ostiralean E, Petrel! Julio Villarrekin solasean antzezlan musikatua egingo dute Campos Antzokian. Donostiako Julio Villar abenturazaleak 60ko hamarkadan bira eman zion munduari itsasontzi txiki batean. Lau urteko bidaian bizitakoa liburu batean idatzi zuen, orain Astrolabium Teatroa antzerki-konpainiako kideek antzezlan bihurtu dutena. Bi aktorek eta musikari batek Villarren bidaia eta bizipenak eszenan jarriko dituzte modu “original eta hunkigarri” batez.
Azkenik, asteari eta Loraldia Fetsibalari amaiera emateko, Mikel Urdangarinek Margolaria diskoa aurkeztuko du lehenekoz. Larunbateko 20:00etatik aurrera, Mikel Urdangarin igoko da oholtzara, Rafa Rueda, Koldo Uriarte, Angel Celada, Jon Cañaveras eta Nika Bitchiasvilimusikariekin osatutako bandarekin batera.