Aukera paregabea, erronka handia

Asier Madariaga Markoartu 2017ko api. 6a, 08:30
Argazkia: Champions Cup‏ (@ChampionsCup)

Bizkaian hiru rugby final handi jokatuko dira 2018an, horietatik bi San Mamesen: Challenge Cupekoa maiatzaren 11n eta Champions Cupekoa maiatzaren 12an. Bi hauek dira Europa mailan kluben arteko txapelketarik garrantzitsuenak.

EPCR (European Professional Clubs Rugby) da antolatzailea, eta Suitzan du egoitza. Konparaketa bat egitekotan, Champions Cup futboleko Champions Leaguen baliokidea izango zen, eta Challenge Cup Europa Leaguen baliokidea.

Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herri osorako aukera paregabea izango da, baita erronka handia ere. Azken finean, final hauek mundu osoan ikusiko dira telebista bitartez, eta Bilbao izena mundu osoko prentsa eta telebistan agertuko da. Lehen aldia izango da maila horretako ikuskizun bat Euskal Herrian ospatzen dela.

Horrez gain, aurreikuspenen arabera, 80.000 ikusle egongo dira partidu bietan, eta kanpotik etorriko diren ikusleak gutxienez 30.000 izango dira. Askok partidu biak ikusiko dituzte, eta gutxienez gau bi edo hiru egingo dituzte hemen. Horrek esan gura du hotelak gainezka egongo direla, ez bakarrik Bilbon, baita Bizkaia osoan eta Gipuzkoan eta Araban ere.

Rugby aldetik ere, garrantzia handia edukiko du Hegoaldeko rugbyrako, mapan jarriko baikaitu. Lehen aldia izango da horrelako txapelketa ofizial bat rugby tradizio herrialdeetatik kanpo egingo dena, eta Bilbo izan da horretarako hautatua. Kirol hau ezagunago egiteko balioko du, eta baita rugbyaren inguruko baloreak erakusteko ere.

Joan den urtean, Lyon hirian ospatu ziren finalak, eta emaitzak 20 milioi eurokoak izan ziren bisitari, babesle, telebista eta abarren artean. Horrez gain, bisitariengan eragindako eragina ere kontuan hartzekoa da. Aurtengo finalak Edinburgon izango dira, eta Edinburgon bertan adieraziko dute 2018koak Bilbon izango direla.

 

Testua: Asier Madariaga Markoartu

Euskal Errugbi Federazioko zuzendaritza batzordeko kidea

Argazkia: Champions Cup‏ (@ChampionsCup)

[2017-04-03] 2018ko Errugbiko Txapeldunen Kopako finala San Mamesen jokatuko da