Bi euskal film luzek lehen aldiz hartuko dute parte Fant jaialdiko Sekzio Ofizialean

uriola.eus 2017ko api. 10a, 10:30

Zinemaldi Fantastikoaren - Fanten 23. edizioa martxan dago jada, eta aurtengo ediziorako, nazioarteko 16 film luze jasoko dituen Sekzio Ofizial interesgarria programatu dute. Lehiaketara aurkeztuko diren lanen artean bi euskal film egongo dira lehen aldiz: Roberto Santiagoren La noche del virgen eta Haritz Zubillagaren El ataud de cristal.

Sekzio Ofizialeko lanen artean Jeremy Gillespieren eta Steven Kostanskiren The Void lan saritua edo Billy O`Brienen I Am Not a Serial Killer aipa daitezke, Marcos Cabotaren Noctem filmaren erabateko estreinaldiaz, estatu mailako bi estreinaldiz eta Europan lehen aldiz ikusi ahal izango den beste film batez gain. 

Fant 23ko programazio osoa gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Udaletxean. Aurkezpen ekitaldian Nekane Alonso Kultura zinegotziak, Justo Ezenarro Kultur Programazio Zuzendariorde eta FANTeko Zuzendariak, Eugenio Puerto FANTeko programatzaileak eta Roberto San Sebastián eta Haritz Zubillaga zuzendariek hartu dute parte. 

Berrikuntza gisa, azken edizioetan ikusi den ikus-entzule kopuruaren hazkundearen eta Sekzio Ofizialaren barruan eta Fant Laburrean sekzioan euskal zinegileek duten presentzia azpimarragarriaren ondorioz  –aurten hamaika euskal lan lehiatuko dira bertan–, aurten, asteburuan, emanaldiak Azkuna Zentroko auditorioan izango dira –leku gehiago duelako– eta aste osoan eutsiko zaio 16:15eko lehen saioari, Sekzio Ofizialeko filmekin.

Oraingo honetan Eduardo Casanova antzezle eta zuzendari madrildar ezaguna izango da zine fantastikoarekin dugun hitzordua inauguratuko duena, Bilbon eskainiko den Pieles (2016) bere lehenengo film luzearen premierearekin. Aurkezpena, maiatzaren 5ean, arratsaldeko 20:00etan, izango da, Campos Antzokian egingo den Fant 23ren inaugurazio ekitaldian. Casanova eta filmeko taldearen parte bat Bilbon egongo dira filma aurkezten. Lana Berlingo eta Malagako zinemaldietatik igaro da. Azken Zinemaldi horretan, Epaimahai Gazteak Sekzio Ofizialeko Film Hoberenari emandako Saria lortu zuen.

Aurreko edizioetan bezala, Sekzio Ofizialeko programazioa, doako sarrera izango duen eskaintza paralelo zabal eta anitzarekin osatuko da, Golem – Alhondiga aretoetako 2. Aretoan, Panorama Fantastikoa zikloaren barruko azken denboretako lanekin, bitxikeriekin, generoko lan klasikoekin, zinemaldia ikus-entzule berriei harik eta gehiago zabaltzeko xedez. FNAC, zinemaldiaren ohiko laguntzaileetako batek, sarrera librearekin, baita ere, Twin Peaks serieko zenbait kapitulu eskainiko ditu. 

Sekzio Ofiziala

Lehiaketako Sekzio Ofizialaren barruan, Film Luze Hoberenaren, Gidoi Hoberenaren eta Zuzendari Hoberenaren Fant 2017 Sariak eskura ditzaketen hamasei filmak –2016an baino hiru gehiago eta zinemaldiaren historiako aukeraketarik handiena– lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, baina horrez gain, horietako bi Estatu osoan eta bat Europan ere lehen aldiz ikusteko aukera izango da. Filmaren muntaketa amaitu aurretik hil zen Andrew Getty zuzendariaren The Evil Within (AEB, 2017); Gabriel Griecoren (Argentina, 2017) Hipersomnia eta Steven DeGennaroren (AEB, 2016) Found Footage 3D izango dira. Gainera, Fantek Marcos Cabotaren (Espainia, 2016) Noctem filmaren mundu mailako estreinaldia jasoko du. Zuzendaria Bilbora etorriko da filma aurkeztera.

Sekzio Ofizialaren barruan egongo da, baita ere, El ataud de cristal (Espainia, 2016), Haritz Zubillaga zinegile bilbotarraren lehenengo lan luzea. Limusina batean bahituta dagoen emakumeren istorioa kontatzen du, eta Sitgeseko zinemalditik edo Donostiako Beldurraren Astetik igaro da dagoeneko. Las horas muertas (2007) eta She's Lost Control (2010) kultuzko film laburrak zuzendu dituen Haritz Zubillaga, "goraka ari diren Espainiako zineko hamar izarretako bat" izendatu du Estatu Batuetako Variety argitalpen ospetsuak. Bere film laburrek ehun sari inguru dituzte nazio eta nazioarte mailako jaialdietan. Las horas muertas lana Europako Fantasiazko Film Labur Hoberena (Urrezko Melies Saria 2008) izendatua izan zen.

Roberto San Sebastianen lehenengo lan luzea den La noche del Virgen (Espainia, 2016) filmari dagokionez, ia bi orduko iraupena duen lanak odol eta izerdi zurrunbiloa proposatzen die ikus-entzuleei. Orain arte hamabi sari inguru lortu ditu parte hartu duen zinemaldietan. Roberto San Sebastián Bilbon jaio zen 1987an. 2010ean hasi zuen zuzendari ibilbidea, Cumpleaños feliz lehenengo film laburra egin zuenean. 2011n bigarren film laburra zuzendu zuen, Agujero, eta 2013an Yayos. Biak ere Fanten ikusi ahal izan dira. 

Sekzio Ofiziala lan hauek osatzen dute: A.D. Calvoren Sweet Sweet Lonely Girl (AEB, 2016), Yeon Sang-horen Seoul Station (Hego Korea, 2016), Billy O´Brienen I Am Not a Serial Killer, Victor Dryereren 1974 (Mexiko, 2016), Geoff  Redknapen The Unseen (Kanada, 2016), Alice Loweren Prevenge (Erresuma Batua, 2016), Taneli Mustonenen Lake Bodom (Finlandia, Estonia 2016), Jeremy Gillespieren eta Steven Kostanskiren The Void (Kanada, 2016), Colin Minihanen It Stains the Sands Red (AEB, 2016) eta Nicolas Pesce zuzendariaren The Eyes of my Mother (AEB, 2016). Emanaldi guztiak jatorrizko bertsioan izango dira, gaztelaniazko azpi-tituluekin, eta 16:45ean programatutakoek euskarazko azpi-tituluak ere izango dituzte.

Film laburraren aldeko apustua

Azken edizioetan gertatu den bezala, film laburrek oso leku garrantzitsua izango dute, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sarirekin, Sekzio Ofizialaren barruan, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren bi film laburrei zuzenduta. Zinegile berrien lana bultzatu nahi duten –hori da Zinemaldiaren xede nagusietakoa– film laburren alorreko bi sari horiei, Euskal Film Labur Hoberenari ematen zaion 2.000 euroko saria gehitu behar zaie.

Sekzio Ofizialari dagokionez, Fanten edizio honek, mundu osotik etorritako 931 film labur jaso ditu –2016an baino ia 100 gehiago–, eta antolatzaileek 21 hoberenak aukeratu dituzte –animazioa eta fikzioan–. Lan horiek Fant Laburrean saioan eskainiko dira. Aurten ere bi saio izango ditu, maiatzaren 5ean eta 6an, eta lehenengo saioa euskal film laburrei eskainita egongo da erabat.

Euskal zinegileek lehiaketara aurkeztuko dituzten 11 lanak jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, euskarazko edo/eta gaztelaniazko azpi-tituluekin, Campos Antzokian, inaugurazio ekitaldiaren eta filmaren ondoren. Ikusi ahal izango diren film laburrak hauek dira: Bestealdetik Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi; Bright Lights Maria Zabala; Decorado Alberto Vazquez; Extatico Azahara Gomez; Ihesa Alejandro Diaz Castaño; Jules D. Norma Vila; Nunca pasa nada Javier Prieto; Precious Moments Asier Iza; Si la oscuridad nos lleva Mikel R. Alonso; Ulises Aitor Gutierrez; eta Villa Mnemosine Ruben Salazar.

Gainerako film labur gehienak, Erresuma Batutik, Frantziatik eta Estatuko gainerako lekuetatik etorritako lan europarrak dira, eta baita Kanadatik bidalitako film labur bat ere. Nazioarteko film laburrak maiatzaren 6an eskainiko dira, arratsaldeko 20:00etako saioan, Azkuna Zentroko Auditorioan.

Sekzio Ofizialeko Film Luze Hoberena, Nazioarteko Film Labur Hoberena eta Euskal Film Labur Hoberena aukeratzeko erabakia bere eskuetan izango duten adituen epaimahaia Melina Matthews antzezleak, Elio Quiroga idazle eta zine zuzendari eta gidoilariak eta Miguel Angel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetari sevillarrak osatuko dute.

Ohikoa denez, sariak amaiera ekitaldiaren barruan banatuko dira. Aurten ere Kale Nagusiko BBK Aretoan izango da ekitaldia, maiatzaren 12an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ekitaldi horren barruan, Sitgesen gidoi hoberenaren saria lortu zuen Carles Torrens zinegile katalanaren PET lehen film luzearen emanaldi berezia eskainiko dute. Torrensek Film Labur Hoberenaren saria lortu zuen Fant 2014an, Sequence lanarekin.

Ohorezko Fant

Fanten edizio honek Ohorezko beste bi Fant sari emango dizkie Goya sari bat irabazi duten bi bilbotarri –Pablo Bergerrekin egin zen bezala–. Horrela, zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian, Alex de la Iglesiaren filmetan ohiko aurpegia den Terele Pavez antzezlearen ibilbidea aintzatetsiko da. Zuzendari bilbotarraren eskutik Taldeko Emakume Antzezle Hoberenaren Goya Saria lortu zuen 2014an, Las Brujas de Zugarramurdi filmean egindako lanarengatik.

Horrez gain, Terele Pavez Bilbon egongo da Diego Lopezen eta David Pizarroren Herederos de la bestia dokumentalaren aurkezpena dela eta. Dokumentalak, estatuko fantasiazko zinearen lan nagusietakoa errebindikatzen du, El dia de la Bestia, estreinatu eta 20 urte igaro direnean. Dokumentala maiatzaren 6an eskainiko da, arratsaldeko 18:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan, eta goizean, zuzendariek eta taldeko kide batzuek komunikabideen aurrean aurkeztuko dute. Herederos de la bestia lanaz gain, DokuFANTek, Asier Abio bilbotarrak 2016an zuzendu zuen Sputnik dokumentala ere eskainiko du.

Ohorezko bigarren Fant saria zinemaldiaren amaiera ekitaldian emango zaio Pedro Rivero zinegile bilbotarrari. Orain arte bi Goya sari lortu ditu, animaziozko Birdboy film laburrarekin eta, aurten bertan, Animaziozko Film Hoberenaren Goya Saria, Psikonautak, ume ahaztuak lanari esker.

Gainera, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak FANTastikoaren Izarra saria emango du, genero fantastikoan egindako ibilbide osoa aintzatetsi nahi duen ohorezko saria, Barbara Crampton (New York, 1958) antzezleari emango zaiona. Telebistako hainbat saiotan lan egin ondoren, Brian de Palmaren esanetara aritu zen Doble cuerpo lanean. Baina generoko zine zaleen artean ezagun bilakatu zuen lana, Re-animator (1985) filmean Stuart Gordonen esanetara egin zuena izan zen. Beldurrezko zinearen klasiko moderno horren ondoren, generoari oso lotuta jarraitu zuen, Re-sonator (1986), Trancers 2 (1991), Robot Wars (1993) edo Space Truckers (1996) bezalako lanekin, bere aurkitzailea izan zen Stuart Gordonen esanetara, berriro ere.

2011n You’re Next lanean aritu ondoren, Rob Zombie, Adam Wingard edo Ti West bezalako zinegile belaunaldi berriak antzezlea berreskuratu du, eta beldurrezko zinearen gorengo mailara eraman du berriro ere. Barbara Cramptonek zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko du FANTastikoaren Izarra saria, eta Jackson Stewartek zuzendu duen Beyond the Gates, bere azken filma aurkeztuko du. Horrez gain, Fant 23k Re-Animator mitikoa eskainiko du maiatzaren 11n, arratsaldeko 18:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetan.

Fantek, fantasiazko generoan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den figura aintzatesten duen Fantrobia Saria ere banatuko du zinemaldiaren amaiera ekitaldian. Oraingo honetan Sean Brosnan (Los Angeles, EEBB, 1983) –Pierce Brosnan antzezlearen semea– zinegile estatu batuarrak jasoko du. My Father Die (2016) bere lehenengo film laburra aurkeztuko du zinemaldian. Filma maiatzaren 9an eskainiko da, 20:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetako 1. Aretoan.

Fantastikoaren panorama

Panorama Fantastikoak, doako sarrerako aretoko programazioa (egoitza nagusian: Golem – Alhondiga zine aretoetan) osatuko duen sekzioetako batek, orain denbora gutxi egin den eta ausardia eta independentzia genero fantastikoaren eta beldurrezkoaren kanonekin nahasten duen zinea eskainiko du. Horrela, edizio honetan, dirurik emango ez duten ohorezko bi sari banatuko zaizkie Panorama Fantastikoa sekzioko generoko Film Luze Hoberenari eta Film Labur Hoberenari. Sekzio horren barruan, Norberto Ramosen El cielo en el infierno, Benja de la Rosaren La Sexta Alumna edo, filma zine aretoetan estreinatu baino bi egun lehenago bere lana aurkeztera Bilbora etorriko den Martin Roseteren Money lanak eskainiko dira, besteak beste.

Sari horiek erabakitzeko ardura izango duen epaimahaia Angel Agudo genero fantastikoko gidoilari eta ikerlariak –2011n Fanten hartu zuen parte, Paul Naschyren bizitzari buruzko El hombre que vio llorar a Frankenstein dokumentalarekin–, Iratxe Fresneda kazetari eta zine kritikariak eta Javier Donate kazetari eta zine kritikariak osatuko dute.

Halaber, sarrera librea izango duten emanaldi berezien barruan, maiatzaren 6tik 12ra bitartean, La Aventura Audiovisual banaketa etxearen eskutik Estatuko aretoetara heldu diren lan garrantzitsuenetako batzuk biltzen dituen zikloa programatu da. Espazio horretan bertan bi erreferente diren Chicho Ibañez Serrador eta Brian de Palma zinegileen lau izenburu klasiko eskainiko dira. Lehenengoan ¿Quien puede matar a un niño? (1976) eta La residencia. The House that Screamed (1970) ikusi ahal izango dira, eta Brian De Palmaren ezinbesteko beste lan bi aukeratu dira, El fantasma del paraiso (1974) eta La furia (1978). 

Zinemaldia era ofizialean martxan jarri aurretik, Pre-Fantek, aurtengo edizioan ere, zenbait jarduera eskainiko ditu apirilaren 24tik 28ra, Kale Nagusiko BBK Aretoan, Bidebarrietako Liburutegian eta Guggenheim museoan. Aurten ere Pre-Fantek Sitges Tour a Contracorriente esperientzia programatuko du, Kataluniako zinemaldiaren azken edizioan parte hartu zuten bost filmen aukeraketarekin. Programazioari amaiera emateko, DJ Carlos Bayonak saioa eskainiko du Art After Darken baitan.

Fantek aurten ere erakusketa bat eskainiko du, maiatzaren 5etik 12ra ikusi ahal izango dena, Azkuna Zentroko erabilera anitzeko aretoan. The Vault of Rob Zombie. A Comic Tribute erakusketa, Zinearekin erlazionatutako 16 marrazkilarik Rob Zombieren irudietan oinarrituta egin dituzten kartelen bilduma da. Borja Crespok koordinatzen duen erakusketa, komiki zale eta marrazkilari ere badenaren ibilbide eklektikoari egiten zaion omenaldi grafikoa da. Dagoeneko finkatuta dauden artisten eta talentu berrien artea biltzen du, M. A. Martin, David Rubin, Manuel Bartual, Koldo Serra, Luis Bustos edo Mamen Moreu, besteak beste.

Fanteskola

Beste urte batez, zinemaldiak erabat euskaraz izango den programazio berezia diseinatu du, umeengan pentsatuz. Goizeko lau saio izango dira Golem - Alhondiga Bilbaoko auditorio nagusian (400 eserleku). Saio horietan animaziozko bi film eskainiko dira: Lotte 2 Ilargiko harriak  (animazioa) eta Oker (fikzioa).

Golem-Alhondiga zine aretoetako 1. aretoan ordaindu beharreko saio guztietara, Campos Antzokiko inaugurazio ekitaldira eta BBK Aretoko amaierakora sartzeko aukera ematen duen zinemaldi osorako abonua –beti ere aurretik txarteldegitik igaro ondoren– bihar, apirilaren 11n, jarriko da salgai, 30 euroren truke, Golem – Alhondiga aretoetako txarteldegietan eta zinemaldiko webgunearen bitartez (webgunean maiatzaren 1era arte).

Saio bakarrerako sarrerek 5 euro balioko dute (maiatzaren 8an, 9an eta 10ean Zinearen Jaia, sarrera 2,90 euro), eta bihartik aurrera egongo dira salgai proiekzio gune bakoitzeko txarteldegietan eta webguneetan: Golem – Alhondiga, BBK Aretoa eta Campos Antzokia. Golem-Alhandiga zine aretoetako 2. aretoan eta FNACen programatutako zine saio guztietara dohainik sartu ahal izango da, leku guztiak bete arte.