Hamar edizio hauetan, ehun idazlek baino gehiagok parte hartu dute hitzordu honetan, beren esperientziak ikusleekin partekatzen. Mundu osoko literaturako erreferentziako idazleak, Nobel sariak ere bai, euskal letretako ordezkariak, eta literatura-arloko kazetariak izan dira Alondegian.
Eta hitza ez da izan protagonista bakarra. Musikak, zinemak eta arte eszenikoek ere garrantzia nabarmena izan dute jaialdian, urtero Azkuna Zentroa sorkuntza artistikoaren erdigune bilakatzeko.
Gaur jasiko den Gutun Zuriaren hamargarren edizio honetan, Olatz de Andres koreografo eta dantzariak berak zuzendutako The Endgame piezaren laburpen bat aurkeztuko du 19:30ean Natalia de Miguel, Pilar Andres, Paula Serrano, Isabel Alvarez interpreteekin batera. The Endgame proiektuak begirada kaleidoskopikoa zuzentzen dio mila urte baino gehiago dituen xake-jokoari, eta joko horren arauetan, metaforetan eta aukera amaigabeetan inspiratuta dagoen mugimenduaren mundua sortzen du.
Ondoren, auditoriumean 'Ospakizuna' izango da protagonista, Alberto Manguelek zuzenduko duen inaugurazioan literaturari egingo diote partaideek gorazarre. Ospe handiko izenak izango dira harekin batera: Annie Proulx, Siri Hustvedt, Diamela Eltit, Kirmen Uribe, Jean-Claude Carriere eta Guillermo Arriaga. Literatura ardatz gisa duten adierazpide artistiko desberdinekin jarriko dute harremanetan beren sorkuntzako esperientzia.
Aurten, poesiak ere protagonismoa izango du, poetarik onenetako batzuek ordezkatuta: Chantal Maillard, Clara Janes, Dario Jaramillo, J.A. Gonzalez Iglesias eta Beñat Sarasolak errezitaldi poetiko bat eskainiko dute, hau ere auditoriumean, itxuraz gogoangarria izango den elkarketan.
Edizio honetan ere argitalpenen munduak tokia izango du, eta, bertan, Ofelia Grande (Siruela), Manuel Borras (Pre-Textos), Joan Tarrida (Galaxia Gutenberg), Claudio Lopez (Penguin Random House) eta Mikel Soto (Txalaparta) editoreek katalogo editoriala nola prestatzen den azaldu, eta liburuen edizioaren eta sustapenaren azpian dagoen egitura konplexuaren berri emango dute.