Horregatik, asteburu osoko jardunaldiak antolatu dituzte Bizkaian OEE plataformako kideek. Ostiralean oinez, bizikletaz, trenez eta autobusez, Euskal Herriko txoko guztietatik milaka lagun abiatuko dira Gernikara. Larrabetzun igaroko dute gaua, hurrengo egunean bidearekin jarraitu eta Muxikan gainontzeko zutabeekin elkartzeko. Muxikatik Gernikarako bidea denek elkarrekin eta oinez egingo dute, azken kilometroa isilik egingo dutelarik. Iganderako egitarau oparoa antolatu dute OEEko kideek Gernikan, Euskal Herria "harrera herria" dela aldarrikatu eta migratzaileei "ongietorriak" direla esateko.
Gernika, abiapuntua baino ez
Ongi Etorri Gernika 2017 ekimena "abiapuntua besterik ez" dela adierazi dute OEEko kideek. Bizkaia osoan "sare potente bat" eraiki nahi dute, Gernikakoa sorreratzat hartuz. Iazko azaroan hasitako prozesuari esker Euskal Herriko herri gehienetara heldu direla eta Bizkaiko "bazter guztietan" bilerak egin dituztela nabarmendu dute.
Gernikan jendetza biltzea espero dute, eta plataformako kideen hitzetan "5.000 lagun inguru joango dira bonbardaketaren urteurrena gogoraraztera eta giza eskubideak defendatzera". Horren adibide, igandean Gernikan egingo dituzten tailer eta hitzaldietarako lekurik ia ez dagoela eta plataformak bertan bazkaldu eta lo egiteko antolatutako espazioak beteta daudela.
Astelehenekoa, azken elkarretaratzea
Urtebetez astelehenero-astelehenero egin dituzte errefuxiatuen aldeko elkarretaratzeak Kaiak portuko langile eta langile ohien taldeak deituta Plaza Biribilean. Atzokoa azken elkarretaratzea izan zen, eta Ongi Etorri Gernika 2017 ekimenean parte hartzeko deia luzatu zuten, lurrean "gerrarik ez" lema idatzi zutelarik. Hemendik aurrera lekukoa auzoei pasatuko dietela adierazi dute, azken hilabeteotan errefuxiatuei babesa adierazteko hainbat talde sortu baitira Bilboko auzo desberdinetan.
Bilbotik Gernikara
Ostiralean, hilak 28, Gernikaraino oinez joango diren taldeak abiatuko dira Bizkaiko eskualde guztietatik. Bilbotik hainbat zutabe aterako dira barikuan bazkalostean. 15:15ean Bost Auzo plataformako kideak Sarriko metro geltokiaren paretik aterako dira 15:45ean Arangoitiko lagunekin elkartzeko. Santutxutik, 16:00etan abiatuko da zutabea Karmelo plazatik eta 15:30ean Errekalde, Irala, Bilbo Zaharra eta beste hainbat auzotako kideak Unamuno plazan elkartuko dira. Zutabe guztiek Avril mendian, Tetuane landan (Leon jatetxearen ondoan) bat egingo dute elkarrekin Larrabetzurako bideari ekiteko.
Viverotik igarota, Lezaman egingo dute lehen geldialdia. 19:00ak aldera harrera egingo diete Lezamako herritarrek eta atsedenaren ostean Larrabetzurako bidearekin jarraituko dute. Iluntzeko 21:00etarako dago aurreikusita Larrabetzura iristea, eta bertan harrera egingo diete Bilbo eta inguruetatik oinez joango direnei. Hurrengo goizean 10:00etan hasiko dira berriz martxan, eguerdi partera Muxikara heltzeko, Euskal Herriko zutabe guztiak elkartuko diren puntua.
Bizikletaz, trenez eta autobusez ere joateko aukera egongo da. Larunbatean Bilboko Areatzatik 09:30ean txirrindulari talde bat aterako da Muxikara, aurreko egunean Pedaleando por los refugiados hitzaldia eman eta gaua Karmela espazioan igaro ostean. 15:00etan Ellakuria Fundazioak, Munduko Medikuak eta CEAR Euskadik autobusa hartuko dute Abandon Muxikara joateko, eta trenez joateko aukera ere izango du nahi duenak.
Muxika izango da Gernikarako martxako punturik garrantzitsuena. Goiza mendi eta baserri artean ibiltzen igaro ostean Muxikako gurutzean elkartuko dira Euskal Herriko zutabe guztiak, oinez, bizikletaz, trenez eta autobusez joandakoak. Gernikarainoko azken kilometroa "denek batera eta isilik" egingo dute pasealekura arte. 16:30ak aldera Astra arma-lantegiko sirena entzungo da, "orain dela 80 urte bezala". Harrera ekitaldian migrante eta errefuxiatuek hartuko dute hitza, bai eta 1937ko bonbardaketako lekuko batek ere.
Hortik aurrera, igande iluntzera arte iraungo duen egitarau zabalari emango diote hasiera. Larunbat arratsaldean hainbat hitzaldi eta solasaldiz gain, argazki erakusketak, performanceak, antzerkiak, kontzertuak eta zinema antolatu dituzte. Igandean tailer eta hitzaldi gehiago, esperientzia mahaiak, dokumental emanaldiak, dantza erakustaldiak… egingo dituzte. Gainera, asteburu osoan zehar txikigunea egongo da umeentzako.
Jardunaldiei amaiera emanez, tailer eta hitzaldien ondorioak eta agurtzeko ekitaldia egingo dituzte igande iluntzean. Astelehenean, aldiz, Maiatzaren 1eko manifestazioekin bat egiteko deia luzatu dute Bertoko edo atzerriko, lankide pareko lelopean. 11:45ean batuko dira Plaza Eliptikoan, "bakoitzak nahi duen sindikatuarekin baina talde bezala" joateko goizeko manifestaziora.
[2017-04-06] Jokin Alberdi: “Iraganeko eta gaurko ‘Gernika’ guztien omenez bi egun antolatu ditugu”
Informazio gehiago: ongietorrierrefuxiatuak.info