"Eguneroko murrizketak eta soldata zein lan baldintza gero eta okerragoak" pairatzen dituzte langileek egun. Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiaren esanetan, egoera hori aldatzeko "langile asko antolatzen ari dira, bizi eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko". Horren "adibiderik agerikoena" Bizkaiko erresidentzietan dago Txikiren aburuz, beste askoren artean. Baina kasu honetan, gainera, emakumeen protagonismo nagusiarekin. "Genero berdintasunaren aldeko borroka uztartzen da langileen borrokarekin".
Gaur, Bizkaiko zahar-etxeetako langileek lau astez luzatuko diren grebaldia hasi dute patronalarekin elkarrizketa eta negoziazioetan akordiorik adostu ez dutela eta. Guztira, 160. greba eguna dute gaurkoa. Lan baldintzak "duinduko dituen lan hitzarmena" eskatzen dute langileek. Ondo bidean, ostiralean berrabiaraziko dituzte negoziaziorako bilerak "zentroz zentro". Sektorearen blokeoa gainditzea izango dute xede.
Atzo Bizkaiko Foru Aldundiak administrazioarekiko auzi-prozesura jo zuen. Epaileari eskatu dio Aldundiak gutxieneko zerbitzuen gaineko erabakia hartu bitartean, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak behin behinean bertan behera utz ditzala, beti ere Bizkaiko zahar-etxeetako "erabiltzaileen arreta bermatzeko". Orain arte %70-80 bitartekoak izan dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak.
ELAk iragarri duenez, Maiatzaren Leheneko manifestazioan Bizkaiko erresidentzietako langileak "lehen lerroan" izango dira. Bilbon 11.45ean abiatuko dute protestaldia Jesusen Bihotzetik.