Pott Bandaren itzal luzea

uriola.eus 2017ko mai. 9a, 08:00

Argazkia: artxiboa.badok.eus

Pott Banda. Ekilibrista Bihotza (1977-1980) omenaldi-liburua aurkeztuko dute arratsaldean Bidebarrietako liburutegian. 

1977an Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak, Joxemari Iturraldek, Jon Juaristik, Ruper Ordorikak eta Manu Ertzillak osatu zuten Pott Banda. Ondorengo belaunaldiengan eragin handia izan zuen literatur taldeak.  

Gaur Bidebarrietako liburutegian plazaratuko duten Jon Kortazarrek koordinatutako Pott Banda. Ekilibrista Bihotza (1977-1980) izeneko liburuak Pott Banda omentzea eta ondorengoengan utzi duen aztarna eguneratzea ditu xede.    

Besteak beste, Kortazarren lanean txandakatzen dira bandako protagonistei egindako elkarrizketak eta, Kirmen Uribe, Miren Amuriza edota Miren Agur Meabe euskal letren eta kulturaren ordezkarien zenbait testu, "irakurleari aukera emanda denboran zehar ibiliaz ohartu dadin talde horrek bere kideen diziplina artistikoetan utzi duen aztarnaz".

Liburua arratsaldean aurkeztuko dute Bidebarrietako liburutegian 19:30ean, sarrera doakoa dela. Aurkezpenean parte hartuko dute Jon Kortazarrek, Bernardo Atxaga Pott Bandako kideak, Unai Elorriaga idazleak eta Santi Lapatza-Gortazar editoreak. Ekitaldiaren aurkezlea, berriz, Idoia Jauregi kazetaria izango da.

Ekitaldia streaming bidez jarraitu ahalko da www.kulturguneatb.eus atarian. 

 

Argazkia: artxiboa.badok.eus