Herri Eskolaren martxan jartzea

uriola.eus 2017ko mai. 9a, 09:14

Euskal Gune Ekosozialistaren aurkezpena (Arg. guneekosozialista.noblogs.org)

Irailean Bilbon izan zen Nazioarteko III Topaketa Ekosozialistan irekitako bideari jarraipena emateko sortu dute topaketako hainbat partaidek Euskal Gune Ekosozialista. Gogoeta, eztabaida eta akziorako espazioa. Gaur, saio irekian, industriaren trantsizioari buruz hausnartzea izango dute xede. 

Euskal Gune Ekosozialistak gaur jarriko du abian Herri Eskola. Lehen hitzordua Bolsa auzo etxean izango du 19:00etan, eta bertan "Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosoziala" aztertzeari ekingo diote Joserra Becerrak (Equo, Elkarrekin Ahal Dugu), Ana Perezek (Bilboko Emakumeen Asanblada) eta Zorion Ortigosak (LAB-Industria Federakundea), besteak beste.

Gaurko eztabaidari ekainaren 3an emango diote jarraipena Santutxuko Karmela espazioan (10:00). Bigarren hitzordu horretan esperientziak partekatzeko tailerra egingo dute. 

Lau puntuk osatzen dute Euskal Gune Ekosozialistaren lan markoa. Gaur abiaraziko duten Herri Eskolaren martxan jartzea da horietako bat. Beste hirurak honakoak dira: egutegi ekosozialista bat eskaintzea, Nazioarteko IV. Topaketa Ekosozialistei begira harremanak egitea eta "Euskal Herrian dauden ingurumenarekiko onartezinak eta sozialki justifikaezinak diren kapitalismoaren proiektu bortitzenen aurka" lan egiten duten agente sozialekin lankidetza bilatzea.

 

Ekologismoa, sindikalismoa eta feminismoa

Iñaki Barcena, Ana Perez edota Mikel Otero dira Euskal Gune Ekosozialista honetako kide ezagun batzuk. Aurrerantzean, funtsean, "elkartzea, kolaborazioa eta kontrastea" bultzatuko dute hiru oinarrien artean, "ekologismoaren, sindikalismoaren eta feminismoaren artean", alegia. Horregatik lehentasuna emango diote hiru mugimendu sozial horietatik hurbilduko zaizkien pertsonen presentziari. "Egoki ere hartzen dugu, akademiko eta politika eremuetatik, eta bereziki, beste eremu batzuetatik datozen pertsonekin kontatzea", gaineratu dute.

 

Euskal Gune Ekosozialista

"Gogoeta, eztabaida eta akziorako gunea" izan nahi du Euskal Gune Ekosozialistak. Pertsona-talde bat dago espazio horren baitan, bai aktibistak, bai ikertzaileak. Titulu indibidualean parte-hartzea erabaki dute, eta ez erakundeen izenean, "espazio irekia eta plurala" izateko eta eztabaida "aurretiko inongo atxikimendugatik mugatuta ez izateko".

Pertsonak biltzearen bideragarritasuna esploratuko dute eta kolaborazio egonkorra proposatuko dute, bai ezaguera indibiduala, bai inguruneetako eta taldeetako adimen kolektiboa handitzeko xedearekin. Horrela iritsi nahi dute "egunerokotasunean ideiak eta, batez ere, praktika ekosozialistak hedatzera".

 

[2017-05-04] Euskal Gune Ekosozialista: gogoeta, eztabaida eta akziorako espazioa

twitter.com/ekosozialistak

facebook.com/ekosozialistak

guneekosozialista.noblogs.org