‘Seoul station’ animaziozko film luzeak eskuratu du Fant 2017ko Film Hoberenaren Saria

uriola.eus 2017ko mai. 12a, 13:46

Zinemaldiaren Sari Banaketa Ekitaldia gaur izango da, 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK aretoan. Film Labur Hoberenaren Epaimahaiaren Saria David Ullothen La Voce lanak jaso du; Euskal Film Labur Hoberenaren Saria Mar Gonzalez Ruizen Bestealdetik lanari eman zaio eta Zinemaldiko ikus-entzuleen iritziz, Film Labur Hoberena Julian Merinoren The App filma izan da. 

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren – Fanten XXIII. edizioko epaimahaiak, Melina Matthews antzezleak, Elio Quiroga idazle eta zine zuzendari eta gidoilariak eta Miguel Angel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetari sevillarrak osatutakoak, Yeon Sang-ho zinegilearen Seoul Station (Hego Korea, 2016) film luzeari eman dio Film Hoberenaren Fant 2017 Saria.

Fanteko epaimahaiak film hori aukeratu du, "animazioaren estereotipoetatik irteteagatik eta pertsonaiak erabat gizatiar bilakatzeagatik". Yeon Sang-hok berak sinatzen du Seuleko geltoki zentralean girotuta dagoen filmaren gidoia. Gauez eskaleentzako bizileku bilakatzen da. Bitartean, neska batek mutil lagunarekin moztu eta babeslekua bilatuko du geltokian, baina zonbie bilakatutako eskale taldea baino ez du aurkituko bertan.

Film laburren atalean, epaimahaiak, David Ulothen La Voce (Kanada, 2016, 20') lanari eman dio Film Labur Hoberenaren saria. Epaimahaiak fikziozko lan hori aukeratu du, "soinuaren, musikaren eta irudiaren bitartez protagonisten hipersentsibilitatea deskribatzeko, eta pentsa ezin daitezkeen lekuetan ere edertasuna aurkitzeko moduarengatik".

Epaimahaiko kideen iritziz, Euskal Film Labur Hoberena Mar Gonzlez Ruiz de Larramendiren Bestealdetik (2016, 15') fikziozko lana izan da. Saria justifikatzeko orduan, "proposamen estetikoaren arriskua" aipatu dute, eta baita "antzezle baten begirada hutsaren bitartez, biziaren amaiera bezalako zerbait transmititzeko duen gaitasuna" ere.

Aldiz, Fanten aurtengo edizioko ikus-entzuleen iritziz, Film Labur hoberena Julian Merinoren 16 minutuko The App (Espainia, 2016) fikzioa izan da.

Panorama

Zinemaldiaren edizio honetan, dirurik emango ez duten ohorezko bi sari banatuko zaizkie Panorama Fantastikoa sekzioko generoko Film Luze Hoberenari eta Film Labur hoberenari. Sari horiek banatu dituen epaimahaia, Angel Agudo genero fantastikoko gidoilari eta ikerlariak, Iratxe Fresneda kazetari eta zine kritikariak eta Javier Donate kazetari eta zine kritikariak osatu dute.

Horrela, Panorama sekzioko Film Luze Hoberenaren saria Jose Pedro Lopesen A Floresta Das Almas Perdidas (Portugal, 2016) lanak eraman du, eta Nathan Ambrosioniren Therapy (Frantzia, 2016) lanak aipamen berezia lortu du. Film laburren atalean, berriz, Olga Osorioren Einstein Rosen (Espainia, 2016) lanarentzat izan da saria.

Udalak antolatzen duen Zinemaldiaren Sari Banaketa Ekitaldia gaur arratsaldean izango da, 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK aretoan. Bertan, Carles Torrens zinegilearen PET lanaren emanaldi berezia eskainiko da. Horrez gain, Ohorezko Fant Sari berria emango zaio Pedro Rivero zinegile bilbotarrari, eta generoaren barruan egindako ibilbide osoa azpimarratu nahi duen Fantastikoaren Izarra sari berria Barbara Crampton antzezle estatubatuarrak jasoko du.