EMA sariak

Piztu Bilbo: "Bilbo bat eraikitzeko hiri eredu hegemoniko honen aurka aurrez aurre jartzea ezinbestekoa ikusten dugu"

uriola.eus 2018ko aza. 20a, 10:38

"Piztu Bilbo, Itzali MTV" eragileak, MTV Music Week-ari buruz eta aste horretan aurrera eramandako mobilizioen inguruan egindako irakurketa egin du:

"Poliziaz lepo dauden auzoak, hesiz jositako plazak eta publikoarentzat itxitako sarrerak, auzokideei kontrol eta identifikazio masiboak euren etxeetan sartzeko, etab.  luze bat. Setiatuta dagoen herri baten egoera dirudien arren, Bizkaian MTV MusicWeek-aren lurreratzeaz baino ez gara ari. Aburto, Rementería eta oligarkia vasco-españolaren ordezkarien gerriak dantzan jartzen dituen erritmoen lurreratzeaz hain zuzen.

 

Urriaren 29ko astean eman zioten hasiera espektakuluari, egoitza bezala Barakaldo, Bilbo eta Durangoko kaleak hartuz. Getxoren okupazioa ere aurreikusita zegoen arren, azken orduko ezbeharmetereologikoek show handiaren lekualdaketa behartu zuen Miribillako Bilbao Arenara. Ezerk ezin zuen hutsik egin, azken finean, Bizkaiko errekurtso publiko guztiak makroenbento berri baten menean zeuden, beste behin ere. Garrantzitsua dela uste dugu makroebento hau ospatzeko bideratu den diru publiko guztia nabarmentzea, itzultzeko inongo aurreikuspenik gabe, noski. Izan ere, ez dira gutxi kontzertu batzuen doakotasunarekin harrotu diren ordezkari politikoak. Hau guztia, noski, besteak beste, garbiketa zerbitzuek, suhiltzaileek, anbulantziek eta metroaren ordu gehigarriak suposatzen duten kostua kontuan hartu gabe. Bideratutako diru kopuru totala ez da guztiz argi geratu.

 

Ahots ezberdin askok, Udaletxetik hasi eta Aldundiraino, enpresa pribatu eta Eusko Jaurlaritzatik pasatuta, erabateko optimismora deitzen gintuzten. Bilbok agertoki internazionalean txoko bat irabaziko zuen eta aurrerapausu erraldoi bat emango zuen hiri global, zabal eta kosmopolita baten eraikuntzan. Euskal Kulturak –eta euskarak– eta “feminismo urbano” gisa izendatu zuten horrek urrezko aukera bat zuten erakuslehio internazionalean agertzeko.

 

Alabaina, foku eta kartel publizitario handien atzean, Herri Langile bat dago,  MTVak ordezkatzen duen kultura eredu eta hiri eredu elitista, patriarkal, kolonial eta prefabrikatu honen inposizio saiakerarekin kontraesan antagonikoan dagoena. Herri Langileaz hitz egiten dugunean, subjektu politiko batez ari gara, kontzientea, eta periferiatik, albo batera utzitako auzoetatik eta auzo militarizatuetatik eraikitzen dena. Alde batera uzten duen eta bere eraikuntzan parte hartzera inoiz gonbidatua izan ez den hiri eredu honetan islatuta ikusten ez den subjektu bat. Ikusi, ikutu, usaindu eta sentitu ezin ditzakeen kulturaz eta ospeaz nekatu den Herri Langileria batetaz ari gara.

 

Artea edo kultura ez dira prefabrikatu daitezkeen, kontsumo arinera bideratutako eta masetatik hurrun produzitu daitezkeen paketeak. Kontrara, artea eta kultura, –beraz musika ere– Herri Langiletik jaiotzen dira, eta baita bere konradikzioetatik. Vladimir Mayakovsky poeta eta antzerkigileak esan bezala “Artea ez da mundua islatzeko ispilu bat, mundua kolpatzeko mailu bat baizik”. Uste dugu hau bai euskal kulturari eta baita euskarari eslei dakiokeen esaldi bat dela. Ez dugu uste euskaran eta euskal kulturan kuoten erabilpenak, MTV Music Week bezalako makroebento batean, guk nahi dugun gizartea eratzen lagunduko digunik. Are gehiago kontuan baldin badaukagu MTVak enpresa multinazional bat direla, egunero ideologia burgesa erreproduzitzen eta estereotipo arrazista eta matxistak betikotzen dituena. Ez dugu uste euskara eta euskal kultura kuota bat izan beharko liratekeenik, ez eta elementu folkloriko hutsal bat, kontrara poetak aipatzen zuen martiloa izan behar dute, guk mundua ikusteko, ulertzeko eta eraldatzeko herraminta izan behar dute. 

 

Honegatik guztiarengatik, pasaden Urriaren 29an egin genuen prentsaurrekoan, Piztu Bilbo-Itzali MTVtik, beste Bilbo bat eraikitzeko hiri eredu hegemoniko honen aurka aurrez aurre jartzea ezinbesteko ikusten duzuen guztioi antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea luzatu genizuen. Lehenengo ekintza azaroaren 1ean egin genuen, Alde Zaharreko kaleetatik kalejira bat egin eta Arriaga Antzokian bukatzea  zen asmoa. Ez genuen baina plaza Ertzaintzaren indar polizialez lepo egongo zenik espero. Ertzaintzek, gure presentzia hutsarekin nahiko haserre, kalejira girotzen zuen musika amatatzera derrigortu gintuzten. Dirudienez, MTVMusicWeek-ean MTV ahalguztidunak markatutako erritmoetara eta ekitaldiaren antolatzaileek pribatizatutako espazioetan soilik abes eta dantzatu daiteke. Guk argi utzi dugu, ez diogu inongo enpresari ez eta txapela buruan eta korbata lepoan darabilen inongo oligarkari non dantzatu eta abestu dezakegun esaten utziko. Izan ere, konbentzituta gaude espazioek hirian gehiengoaren ongizatera bideratuta egon behar dutela eta guztion arteko elkargune izan behar dutela. Horregatik helburu bezala espazio publikoaren pribatizazioa eta komertzializazioa dutenek, gure hiria turisten argazkietarako izango den erakuslehio bihurtu nahi dutenek, aurrean edukiko gaituzte.

 

Barrikada batean bizi gara eta hau nahiko argi geratu zen kalejira Arriaga Antzokira iritsi eta polizia eta segurtasun pribatuak porrazoka eta bultzaka bertatik urrunduarazi gintuztenean. Gainera, salatu nahi dugu arratsalde hartako poliziaren jokaera onartezina gutxi ez balitz, mobiliazioetan parte hartzen ari zen emakume bat atxilotua eta Ertzaintzaren komisaldegira trasladatua izan zela “autoritateari atentatu” egitea egotzita. Beste kide ugari identifikatuak eta isun ekonomikoekin mehatxatuak izan ziren. Piztu Bilbo Itzali MTVtik gure elkartasun guztia adierazi nahi diogu mobilizazioetan zehar errepresio polizialarengatik kaltetua izan zen edozeini. Eguna bukatzeko, beti ere “beltzen” zenbait furgonaren begiradapean, antolatuta geneukan performance-az disfrutatu ahal izan genuen, zirko eta antzerki talde batek MTVak humoretik salatu zituelarik. 

 

Hurrengo egunean, azaroaren 2an, Jule Goikoetxea filosofialari eta UPV-EHUko irakasleak dinamizatutako mahainguru bat antolatu genuen Zirika Herri Gunean. Gonbidatu ezberdinak eduki genituen: Monusek makroebentoek euren harrera hiriak direnekin dituzten harremanez eta hirian duten ondorioez hitz egin zuen; Lutxo Egiak espazio publikoaren okupazio sinbolikoarengatiko borrokaz hausnartu zuen; Errekaleor Bizirikeko auzokide bat espazio publikoek kapitalaren erreprodukzioan betetzen duten funtzioaz aritu zen; eta Harrera Auzoak-eko kide batek autogestioa eta elkarlaguntza nabarmendu zituen, azken hileetan Bilbon pertsona migranteen kolektiboarekin edukitako esperientzian oinarrituz. Espazio publikoaren eta hirietan egiten diren makroebentoen inguruko debatea oso aberasgarria izan zen eta hausnarketa oso interesantei bide eman zien, bai gonbidatuen aldetik eta baita entzuleen artetik ere. Debatea bukatzean, Bilboko alkatearen klon ugarik, “gymcana” desobediente bat eraman zuten aurrera. Petter Griffin haiek gure bizi eta hirien merkantilizazioaren errudun ezberdinen egoitzak markatu zituzten, BBK, Batzokia eta Turismo Ofizina kasu. Ekintza honekin, argi utzi nahi dugun kapital, burgesia eta oligarkia bezalako kontzeptuek abstraktuak eman dezaketen arren, identifikatzen errazak direla, barrikadaren beste aldean daudela eta herri mugimenduaren antolaketa eta sendotzearekin aurre egin behar zaiela ikusarazi nahi izan genuen.

 

Zapatu goizean, Azaroaren 3an, Bilboko kaleak zeharkatu zituen bizikleta martxa bat abiatu zen, lau haizetara hiri eredu berri baten aldeko gure aldarria bota zuena. Ozen eta argi MTVa Bilbon ongi etorria ez dela adierazi zuen. Ibilbidea bukatzean, parte hartzaile guztiak txokolatada batekin hartuak izan ziren, arratsaldeko manifestaziorako indarberrituz. Manifestazioa Eliptika Plazan hasi zen eta Udaletxera bere bidea “Piztu Bilbo, Itzali MTV”, “MTV kanpora” edo “Kultura herritik eta herriarentzat” bezalako ohi ozenen artean hasi zuen. Piztutako Bilbo bat beldurrik gabe zebilen, MTVaren kontra; baina haratago, kapitalaren espektakulu higuingarriaren aurka. Udaletxera heltzean, beste behin, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jazarpena jaso genuen. Bultzatu eta jo gintuzten, gazte bat atxikitu ere egin zuten. Hala ere, azken ekitaldia aurrera eraman genuen. Finean, euren errepresioa bertan geudenon ziurtasun eta osotasuna gainditzeko nahikoa ez zela erakutsi genien. Zentzu honetan, Piztu Biltzo, Itzali MTVtik eskerrak eman nahi dizkizuegu, egunotako presentzia polizial itogarria gainditu eta manifestazioan eta aste osoan zeharreko ekintzetan parte hartu zenuten guztioi.

 

Hau ezin da gelditu, Bilboren inguruko eztabaida mahai gainean dago berriz ere, sua bizitu egin da berriro ere. Kapitalismoaren ordezkarien errelato hegemonikoak kolpez kolpe gero eta arrakala gehiago ditu. Gu guztion erantzunkizuna da egunez egun, auzoz auzo, elkartasun eta elkar babesteko sareak osatzen joatea; bizi nahi dugun gizartea, etxetzat nahi dugun hiria, eraikitzen joatea. Kale eta plazak berreskuratzea. Integratuarazteko eta folklorizatzeko erabiltzen dituzten postalak apurtzea. Hau da gure lana eta horretan jarraituko dugu. Bukatzeko, Piztu Bilbo, Itzali MTVtik guztiok animatu nahi zaituztegu indarrak batu eta guztiz beharrezkoa den eztabaida honetan parte hartzera. "