Aste Nagusia 2019

Aste Nagusiko txupinera guztiei omenaldia egin diete

uriola.eus 2019ko abu. 22a, 19:48

Aste Nagusiko osteguna txupineren eguna izaten da. Azken urteetan kargu hau bete duten emakumeak goiz goizetik elkartzen dira bilbotarren omenaldia jasotzeko. Euskaraz Bizi eguna ere izan da eta bertan Hau Pittu Hau konpartsak Seaska Ikastolako presidente Peio Jorajuriari eman dio Euskara Saria. Arratsaldean konpartsakideek Ikurriñari dantzatu eta urteroko omenaldia egin diote.

Txupinera Aste Nagusiko ikur garrantzitsuenetarikoa da, gaurko egunez batez ere. Bilbotarrek omenaldia egin diete urte hauetan kargua bete duten emakume guztiei. Horretaz gain, Euskaraz Bizi eguna, bakailaoa bizkaitar erara eta Ikurriñari omenaldia izan dira eguneko ekitaldi nagusiak.

Txupinera aspaldiko ikurra da Bilbon. Antzina, udal langilea zen txupinera, hirian gertakari aipagarriren bat zegoenean biztanleak ohartarazteaz arduratzen zena, txupinen bitartez. Zeregin honetan emakumeak bakarrik aritzen ziren eta dirudienez, kargua ama eta alaben artean eskualdatzen zen. 

1978. urtean, lehenengo Jai Batzordearen sorrerarekin, pertsonaia honen berreskurapena proposatu zen. Geroztik, txupinera da Aste Nagusian zehar goizero txupina jaurti eta jaiei hasiera emateaz arduratzen dena.

Gaur omenaldia egin diete 41 urte hauetan kargua bete duten emakumeei. Jantzi gorria armairutik atera eta Areatzan elkartu dira, urtero legez haien eguna ospatzeko.

Eguneko beste protagonista bakailaoa izan da. Areatzan elkartu direnek bizkaitar erara prestatu dute arraina; bihar pil-pil eraren txanda izango da.

Bestalde, Hau Pittu Hau konpartsak Euskaraz Bizi eguna antolatu du. Bertan Euskara Saria banatu dute. Aurten Seaskak eraman du, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak. Arratsaldean, konpartsetako kideek Ikurriñari omenaldia egin diote.