Euskal nazioaren aldeko konpromisoekin Autonomia betetzeko deia

uriola.eus 2021ko aza. 19a, 11:22

EH Bilduk deitutako manifestazio nazionalak Bilboko erdigunea hartuko du bihar, azaroak 20, 17:30ean La Casillatik abiatuta. Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte izango da leloa, eta autobusak etorriko dira hainbat herritatik.

Independentziaren alde eta euskal nazio berriaren ardatz izan beharreko konpromisoei babesa adierazteko hitzordua izango da bihar arratsaldekoa. Data, gainera, ez dute ausaz hautatu: "A-20a Franco hil zen eguna izan zen, baina gaur egun,frankismoa eroso ikusten dugu Estatuaren botere organoetan ezarrita. Santi (Brouard) eta Josu (Muguruza) ere hil zituzten Estatuaren terrorismoaren bidez, egun oraindik aitortu ez duten estatu terrorismo bera. Horregatik, Bilbokoa ere memoria eta iragana izango da. Etorkizunarenalde borroka egitea, memoria ariketarik sendoena delako".

Hala, independentismoa mugiarazi nahi dute agerraldi masiboaren bitartez, eta nazio "justua, librea, feminista, ekologista, antifaxista, euskalduna eta baketsua" lortzeko urratsak abiatu. Horrez gain, presoen etxeratzea ere izango dute aldarri, eta 2022ko urtarrilaren hasierako manifestazio handiaren atarikoa izango da zentzu horretan.

Brouard eta Muguruzari omenaldia

Manifestazioaren aurretik, goizez, Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan izango dituzte. Hala, 12:00etan lore eskaintza egingo diote Ametzolan Brouardi, eta jarraian, 12:30ean, Muguruzari omenaldia Errekaldeko plazan.