Aurtengoekin alderatuta, %8,1 areagotu da Bilboko Udalaren 2022. urterako aurrekontua, gaurko ezohiko osoko bilkuran hasierako onarpena jaso duena botoen gehiengoari esker. Udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEk babestu dute proiektua, oposizioak (EH Bilduko, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk) ez bezala. Abenduan egingo duten beste bilkura berezi batean berretsi beharko dira aurrekontuok.
Ekonomia eta enplegua berreskuratzeko zein auzoetako proiektuak garatzeko aurrekontu "inbertsiogile" gisa deskribatu ditu Bilboko Udalak hurrengo urterako kontuak. "Zerbitzu publikoen aldeko apustua" egin dutela nabarmendu nahi izan dute, 115 milioi euro bideratuko baitituzte udal sail ezberdinetara, eta auzoetako inbertsioa ere iaz baino 10,5 milioi handiagoa izango delako (guztira, 50 milioikoa).
Proiektu estrategikoen artean azpimarratu dituzte Zorrotzaurreko irlarena, Artxanda ingurua egokitzearena, Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa handitzearena nahiz haurreskola gehiago irekitzearena, besteak beste.
Oposizioaren desadostasuna
Udalbatzan oposizioan dauden alderdiek, hau da, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk, ez dituzte begi onez ikusten udal gobernuaren aurrekontuak, eta lankidetzari mugak ezartzea leporatu diote. Taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota dituzte gaurko bilkuran, baina 34 zuzenketa partzial onartu dituzte. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk hamarna aurkeztu dituzte, eta PPk, berriz, 14.
Lehenengo biek ohar bana kaleratu dute gaurko bilkuraren ostean, udal gobernuari leporatu diote negoziaketarako eta lankidetzarako jarrerarik ez izatea, eta bat etorri dira gizarte politiketan gehiago inbertitzeko beharra azpimarratzean, bereziki pandemiak utzitako ondorioen ostean. "Aurrekontuak ez ditu bilbotarren egungo egoerari eta beharrei aurre egiteko egiturazko neurriak jasotzen", adierazi du EH Bilduko Jone Goirizelaiak. Koalizio moreko Ana Viñalsek ere antzeko ikuspuntua plazaratu du: "Egiaztatu dugu gastuen banaketak ezin duela bermatu gizartearen aldetik bidezkoa izango den susperraldia".
Inbertsio handiagoa eskatzen dute auzo elkarteek
Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ohar bat argitaratu du gaur hasieran onetsi den aurrekontu zirriborroaren harira, eta planteamendua "indartzeko" eskatu dute.
Gizarte Ekintza arloan, oro har, "igoera txiki eta eskasa" egon dela uste dute, eta salatu dute larrialdizko ostatu zerbitzuaren partida %6,53 jaitsi izana "bizi dugun osasun eta gizarte larrialdiko egoeran".
Bestalde, uste dute "kezkagarria" dela Gizarte Kohesioan ez sartu izana Herritarren Bizikidetza Sustatzeko Programa.
Horrez gain, jarduera ludikoen eta jaien antolatzaileei emandako laguntza ere azken urteetan bere horretan mantendu izana ez dute begi onez ikusten, eta, gainera, zenbait ospakizun ezin izan direnez egin, laguntza hori eragileekin adostutako beste xede batzuetara bideratzea.
Emakumeen Etxea eraikitzeko premia ere ikusten du federazioak, eta kritikatu egin dute horretarako partidarik ezarri ez izana.
Azkenik, osasun arloko irabazi asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak aurreko ekitaldian 35.000 euroan murriztu direla gogorarazi dute, eta azpimarratu dute oraingoan ere ez dela "konpondu" egoera hori.