Manifestazio handia Bizkaiko garbitzaileen bigarren greba egunean

uriola.eus 2022ko api. 27a, 13:08

Atzoko greba egunari jarraipena eman diote eta manifestazioa egin dute Plaza Biribiletik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Negoziatzeko eskatu diote patronalari, lan hitzarmen duin bat lortze aldera. Maiatzaren 10ean,11n eta 12an izango dira beste hiru greba egunak.

 

Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketa-sektoreak mobilizatzen jarraitzen du. Hilabeteak daramatzate negoziazio mahaiaren eduki faltaren aurka protesta egiten, eta gaur apirilaren eta maiatzaren artean deitutako bost greba egunetako bigarrena eraman dute aurrera. Jende dezente batu da Plaza Biribilean hasi den manifestaziora. "Negoziazioa da bide bakarra" eta "garbitzaileak borrokan" oihuak nagusitu dira ibilbidean zehar. Atzoko martxan egin zuten bezala, CEBEK patronalaren aurrean amaitu dituzte eguneko aldarriak. Maiatzean borrokan jarraitzeko eskatu diete bertaratutako guztiei. 

11.000 langile dira sektore honetan, eta urtean ez dira 16.000 eurotara heltzen. Sindikatuek azaltzen duten moduan, askok lanaldi partzialarekin jarduten dute: "Soldata arrakala nabarmena da". Horregatik, grebaren bidez KPI-aren araberako soldatak eta 1.200×15eko ordainsariak eskatzen dituzte.