Gaur gauean zehar hainbat garbitzailek itxialdia egingo dute Ibeni kaian dagoen Hika Ateneoan. Gora Garbitzaileak kolektiboaren ekimena da, eta helburua, azaldu dutenez, "ez da soilik protesta ekintza bat izatea, baizik eta topaketa, hausnarketa eta ahalduntze kolektiborako ekintza ere bai". Iluntzeko zortzietan hasita, 12 orduz egongo dira bertan, eta biharamunerako deitutako protestekin bat egingo dute.
Izan ere, bihar, goizeko bederatzietan hasita, "martxa motela" egingo dute, EITBren egoitzan hasita. Bi ordu beranduago (11:00etan), aldiz, greba egun hauetako manifestazio nagusia abiatuko da Plaza Biribiletik.
Etzi lanera itzuliko diren arren, protesta ekimenen egutegia ez da amaituko. Hala, bi aste barru berriz ere aterako dira kalera garbitzaileak, maiatzaren 10ean, 11n eta 12an, hain zuzen ere.