Athletic-en presidentetzarako hauteskundeak

Óscar Perarnau izango da Arechabaletaren kirol zuzendaria

uriola.eus 2022ko eka. 23a, 17:21

Arechabaleta eta Perarnau gaurko aurkezpenean (Argazkia: Arechabaleta Taldea)

Espanyolen 22 urtez lanean egon den kataluniarra izan da Arechabaleta Taldea hautagaitzak aukeratutakoa. Bestalde, Bielsak lehenengo urtean 500 entrenatzaileentzako kurtso bat emateko konpromisoa hartu du eta hautagaitzak aztertuko duen beheragoko taldeentzako metodologia bat prestatu du.

Iñaki Arechabaletak gaur goizean aurkeztu du kirol proiektua. Hiru hautagaietan azkena. Astelehenean aurkeztu zuen Marcelo Bielsa entrenatzaile gisa eta gaur arte itxaron du kirol zuzendaria aurkezteko. Óscar Perarnauk esperientzia handia izan du beheragoko mailetako futbolean. 22 urtez egon da Espanyolen lanean. Garai horren erdia entrenatzaile gisa igaro du, eta ondoren kirol zuzendaritzako arduraduna izan da.

Protagonismo handiena, berriz ere, Marcelo Bielsarentzat izan da. Rosarioko entrenatzaileak ordubete inguruko azalpena eman du 30 urteetan zehar sortu duen metodologia bati buruz. Lehen taldeko entrenatzailea izango bada ere, beste mailetarako balio dezakeen metodologia hori eskainiko du, Ócar Perarnauk azter dezan. Horren bidez, Bielsak lortu nahi du berak alde egiten duenean ere metodo horrek Lezaman jarrai dezala. 

"Ezarri aurretik, kirol-zuzendariak onartzea nahi dugu. Urtebeteko balioa izango luke eta epe hori amaitzen denean Lezamako eta gure egiturako langile profesional independenteek ebaluatuko dute. Honek ez dauka zerikusirik Bielsak lehen taldean izango duen lanarekin", azaldu du Arechabaletak. Entrenatzaile argentinarrak azaldu duenaren arabera, metodo hau duela sei urte azaldu zuen 50 talderentzako hitzaldi batean, baina ez zuen itxaropen handirik sortu. Horren ondorioz onartu du agian ez dela baliagarria. 

Metodologia honekin Bielsak ariketa espezifikoak dituzten entrenamenduak ezarri nahi ditu jokalarien gaitasunak ahalik eta gehien hobetzeko. Helburu hori lortzeko, hitzartutako taldeetako entrenatzaileei formazio bat eman nahi die. Azaldutako beste metodoan aipatu du talde bakoitzeko lehiaketa-arloko, metodologia-arloko eta prestakuntza fisikoaren arloko pertsona bana kurtso baten bidez heztea nahi duela. 

Arechabaletak metodo hauek aztertuko ditu, eta aurrera ateratzen bada, Bielsak aipatu duen moduan, hainbat urtetarako geratuko den formazioa izango da. Perarnauk, bere aldetik, aipatu du aukera oso ona dela taldearentzat, baina sakon aztertu behar dela argitu du. Bere lana ahalik eta ondoen egiteko Rafa Alkorta, Andoni Ayarza eta Andoni Bombínekin batu nahi duela aipatu du, Lezama hobeto ezagutzeko. 

Hautagaitzen azken orduak

Hauteskunde kanpainaren azken orduak falta direla, Barkalak bere taldea itxi du. Ainhoa Tirapuk zuzendutako emakumezkoen sekzioak Edurne Burgoa batu du taldera. Ondarrutarra, Athleticen entrenatzailea izan dena, emakumeen egituraren metodologia-arduraduna izango da. Hau izan da Barkalaren azken mugimendua, eta gaur arratsaldean hauteskunde kanpaina itxiko du prentsaurreko batekin. Carlton hotelean izango da, 17:30ean. 

Azken orduko albiste bezala, IZAN Athletic-ek azaldu du Denon Athletic peñarekin izandako bileraren ostean aniztasun funtzionala duten bazkide eta Athleticzaleen egoeraren normalizazioa sustatzeko konpromisoa hartu duela eta klubaren instalazio guztietan irisgarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko eta San Mameseko ikusgarritasuna hobetzeko konpromisoa hartu du. Olabeagan emango dio amaiera kanpainari 19:00etan, eta bihar egun osoz egongo da bere taldearekin Antxi tabernan. Arechabaleta, bere aldetik, La Catedral tabernan egongo da.