IÑAKI LLAMOSAS-DENON ATHLETIC PEÑA

"Aniztasun funtzionala duten Athleticzaleak taldearen esparru guztietan sartzea aldarrikatzen dugu"

Pablo Martínez Canibe 2022ko eka. 10a, 11:49

Aurkezpen eguna Athleticeko jokalari eta entrenatzailearekin (Argazkia: Denon Athletic peña)

Aurten egin dute aurkezpen ofiziala eta 2019an sortu zen Denon Athletic peña. Aniztasun funtzionala duten pertsonek sortutako ligako lehen futbol peña ofiziala da. Futbolean inklusio osoa egotearen alde lan egiten dute eta aldi berean Athleticzale sutsuak dira. Egoitza San Mamesen dagoen La campa de los ingleses tabernan dute. Peñaren inguruan, San Mameseko eta beste zelaien irisgarritasunari buruz eta sortu zenetik Denon Athletic izandako bilakaerari buruz Iñaki Llamosas presidentearekin hitz egin dugu.

Nola bururatu zitzizuen peña sortzeko ideia? 
2018an, futbol irisgarriari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituen CAFE izeneko erakunde batek San Mamesen. Erakunde hau UEFAren mende dago, eta Europako zelaietan irisgarritasunaren eta inklusioaren alde lan egiten du. Ingalaterrako Ligan, batez ere, talde nagusiek desgaitasuna duten pertsonen zaleen klubak dituztela aipatu zuten eta hortik atera genuen ideia. Ofizialki 2019an eratu zen Denon Athletic peña, Eusko Jaurlaritzan erakutsi beharreko paper eta dokumentazio guztiagatik, eta denbora guzti honetan peña ofizial gisa parte hartu dugu. Baina taldeak protokolo bat eskatzen die peña guztiei. Gutxienez urtebete egon behar da martxan inaugurazioa egiteko eta 2020an egin behar genuenez, aurtengo maiatzaren 18ra arte atzeratu da. Gainera inaugurazioan, hainbat jokalari etortzeaz gain Marcelino etorri zen sorpresa bezala. 

Beste talde batzuetan zuen antzeko zaleen peñak daude?
Espainiako taldeetan begiratzen hasi ginen, eta ikusi genuen liga osoan Atletico Madrilek eta Rayo Vallecanok besterik ez zutela desgaitasunen bat duen pertsonen zale taldea. Horren harira pentsatu genuen guk zerbait egin behar genuela. Athletic ligako gotorlekua izan behar du aspektu honetan. Orain 82 bazkide gara, 50 dibertsitate funtzionalarekin. Guztira Athletic-eko berrogei bazkide inguru.

Zerk ezberdintzen zaituzte beste peñetatik?
Peña desberdin bat gara. Normalean auzo edo herri batekoak izaten dira, eta bazkideak gutxi gorabehera leku berekoak izaten dira. Baina guk, dibertsitate funtzionala dutenez, leku guztietako jendea daukagu. Baita Euskal Herritik kanpo ere, Bartzelonan edo Valladoliden. Horretaz gain, besteak bezalakoak gara. Urteko kuota ordaintzen da bazkide izateko eta jarduerak egiten ditugu. Taldeak kanpoan jokatzen dutenean gure egoitzan elkartzen gara eta ahal dugunean taldea ikustera joaten gara. Porrak eta zozketak egiten ditugu. Hala ere, pandemiarekin ezin izan dugu gauza hauek egin. Peña batekoa izateak gehiago hurbiltzen zaitu taldera, eta pasio handiagoarekin bizitzen duzu. Aktibitate handia dugu. Hasieratik atera dugu merchandising-a. Kamiseta bufandak, motxila pinak, eranskailuak. Banderak. Bere burua ikusteko.

Zelai zaharrean nola ikusten zenituen partidak?
Nik 25 urte daramatzat bazkide izaten eta zaharrean kornerraren eta atezainaren artean ikusten nuen. Zelaiaren parean nengoen. Harmailetan sartuta nengoen. Hala ere, euria egiten zuenean gehiegi bustitzen nintzen. Belar usaina heltzen zitzaidan. Orain erosoago gaude, eta hain inklusiboa ez den arren, zelai berrietan asko hobetu da irigarritasuna. Baina oraindik diseinu-akatsak daude. San Mamesen eraztunean, gure eserlekuak dauden lekuan, ikuspena ez da guztiz egokia. Jendea zutik jartzen da edo gol bat ospatzen du eta ez dugu ondo ikusten. Diseinuarekin hobetu ez zen gauzetako bat da. Beti iruditu zaigu inklusiboagoa harmailetan egotea, eta ez gauden lekuan. Zelaian bertan egotea da egokiena.

Zein hobekuntza eman dira?
Egokitutako bainu asko daude, baina zelai zaharrean ez zegoen halakorik. Harmaila bakoitzeko ostalaritza-zerbitzuek mostradore baxuago bat dute. Museoa ere, irisgarria da. Hainbat zerbitzu guri egokitzea lortu dugu. Hala ere hobetzeko gauzak daude. Lezama oraindik hobetu daiteke, izan ere, nahiz eta nahiko hobetu den, zelai batzuk ez dute guretzat zehaztutako gunerik. Entrenamendu-zelaiak eta Ibaigane ere ez dira irisgarriak. Izan dugun beste arazoetako bat aparkatzearena izan da. Lehen, autoz etortzen zen jendeak hiru ordu lehenago etorri behar zuen tarteren bat aurkitzeko, eta, beraz, partidaren ordua txarra bazen ez zen etortzen. San Mamesen barruan aparkatzea eskatu dugu, baina azkenean 12 plaza eman dizkigute EITBko aparkalekuan eta beste 44 zelaitik gertu.

"Hainbat zerbitzu guri egokitzea lortu dugu. Hala ere hobetzeko gauzak daude"

Beste herrialde batzuetan irisgarritasuna hobea dago?
Ingalaterran harmaila oso bat dute mugikortasun urriko pertsonentzat, eta eguraldi txarra egiten badu, jendeak pantailetatik ikus dezan prestatutako aretoak dituzte. Ingalaterrako zelaietan ere helduentzako ohatilak daude komunetan. San Mamesen hauek jartzea aldarrikatzen ari gara, zerbitzu hori behar duen jendea dagoelako. Arazo hauek gora behera, Espainia mailan San Mames zelai onena da.

Zein da hurrengo urteetarako helburua?
Gure borroka nagusia inklusio osoa lortzea da, irisgarritasun hobea lortzea. Obrak egiten dituzte eta ez dute gurekin kontatzen eta akatsak egiten dituzte. Adibidez, Lezaman obrak egin dituzte, eta entrenamenduak belarraren parean ikusten ditugu, eta hesiak begien parean harrapatzen gaitu. Xehetasun batzuen jarraipena egin behar dugu.

Hauteskundeetako hautagaiekin hitz egin duzue?
Bi aurrehautagairekin bildu gara. Gure peña zein den jakinarazi diegu eta gure beharrak zein diren. Orain arte izan dugun komunikazioarekin jarraitu nahi dugula ere azpimarratu diegu. Azken lau urteotan bide garrantzitsua egin dugu, eta gauza asko egin ditugu Athletic dibertsitate funtzionala duten pertsonengana hurbiltzeko, baina oraindik bide luzea dago egiteko erabateko inklusiora iristeko. Bide horretan ekarpenak egiten ditugu. Ahal dugun guztian laguntzeko prest gaude. 

Finaletan mugikortasun urriko pertsonentzako sarrerak daude?
Zuzendaritza honekin, eskaera bat egin genuen: finalera iristean, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako sarrerak egotea. Orain arte gainerako bazkideekin sartzen ginen zozketan, eta ez zuen zentzu handirik. Logikoena da mugikortasun urriko pertsonentzako lekuak gordetzea, eta, eskatzaile gehiago badaude, zozketa bat egitea. Eta horrela egingo zen azken aldian, nahiz eta pandemiagatik ezin izan ginen joan.

Aniztasun funtzionaleko pertsonen peña bakarra Athletic-ena dena kontuan hartuta, esan daiteke talde berezia dela?
Athletic, defendatzen ditugun balioen estandartea da. Genuine peña daukan talde bakarra Athletic da. Balio handia da Athletic izatea peña hauek dituen taldea. Horretaz gainera beste taldeetako zaleentzat erreferentzia gara. Sevillako peña batekin harri gara harremanetan, eta peña nola sortu dugun galdetu digute.

"Gure borroka nagusia inklusio osoa lortzea da, irisgarritasun hobea lortzea"

Aniztasun funtzionaleko pertsonak sortutako peña bat izan arren, aniztasun funtzionalik gabeko pertsonak ere osatzen dute. Zergatik?

Aniztasun funtzionala duten Athleticzaleak taldearen esparru guztietan sartzea ulertzen eta aldarrikatzen dugu. Halaber, ulertzen dugu inklusiboak garela eta horregatik gure inklusio-proiektuaren aldeko zaleak gurekin batera egotea guztiz logikoa ikusten dugu. 

Zergatik erabaki zenuten zuen egoitza La campa de los ingleses izatea?
Egoitza San Mames ondoan edukitzea enblematikoa izateaz gain, lau bainugela egokituta dituen establezimendua delako eskatu genuen hura izatea gure egoitza. Nekez aurkituko genuen ostalaritza-establezimendu hoberik. Hor ikusten ditugu partidak.

Beste peña batzuekin harremana daukazue?
Peña ofiziala izateko baldintzetako bat peñen elkartean izena emanda egotea da. Beraz hor barruan gaude, gainerakoekin harremanetan. Izan ere, peñen elkarteak bidaia bat egiten duenean, gu haiekin joaten gara. Bidaiak irisgarriagoak izatea aldarrikatu dugu ere. Orain arte ohiko garraioan bidaiatzen genuen eta mikrobus egokitua jartzea lortu dugu. Bidai batzuetara joan bagara ere, ezin izan gara joan peñen kongresura, sortu berriak baitgara. Izan ere peña gazteena garenez, lau urtean behin, peñen elkartean egiten diren hauteskunde batzordean egon beharko gara. Ia 700 peña daude batzordean eta zonaka doa, ordezkari ezberdinekin. Hauteskunde-batzordea peña zaharrena eta gazteena osatzen dute.

"Peñen elkarteak bidaia bat egiten duenean, gu haiekin joaten gara"

Nola izan da funtzionamendua pandemiarekin eta konfinamendu garaian?
Komunikazioa whatsapp bidez izan da. Hainbat jarduera egin ditugu ahal izan dugun moduan: marrazkiak, balkoietan banderak edo bufandak jarri, argazkiak bidali... Sariak eman genizkion banderarik originalenari, bufandarik originalenari edo argazkirik originalenari.