Inauteriez betetako asteburua

uriola.eus 2023ko ots. 9a, 08:42

Otxarkoagako, Errekaldeko, Miribillako eta Deustuko aratusteek hasiera emango diote 2023ko Bilboaldeko mozorro garaiari.

Ostiral honetan, otsailak 10, Deustun eta Miribillan mozorro giroan ekingo diote festaz betetako asteburu entretenigarri honi. Deustuarrek 20:00etan kuadrillen gauarekin abiatuko dute euren asteburu berezia; mozorroentzako, mahai jolasen tematika oinarri izanik, Done Petri Plazan izango da txupinazoa. Bertatik abiatuta, baffle poteoa ospatuko dute kuadrillen arteko desfilea hasi aurretik. Ondoren, mozorro onenak sarituko dituzte eta jai giroaz gozatzeko luntx batekin bukatuta. Miribillan, aldiz, 17:30etan hasiko dituzte inauteriak, Frontoiko zabalgunean tailer desberdinak antolatuko dituzte; 19:30etan txokolatada gozoa izango dute lehen egunari amaiera emateko.

Larunbata, otsailak 11, egun luzea izango da 4 kasuetan. Hain zuzen ere, egun honetan abiatuko dira Otxarkoagako eta Errekaldeko auzoetan aurtengo inauteriak. Lauretan, antzekotasunak aurkitu daitezke egitarauari dagokionez. Goizean, umeentzako tailerrak eta jokuak izango dira nagusi; arratsaldean, berriz, kontzertuak eta erromeriak. Zentzu honetan, aipatzekoa izango da Deustuko kasuan ez bezala, gainontzekoetan, larunbatean ospatuko direla mozorro lehiaketak.

Azkenik, igandean Deustun eta Errekalden soilik izango dira ekitaldiak, batik bat, desfile nagusia ospatzeko.