“Nik uste, orokorrean, Bilbok aurrera egin duela lau urte hauetan, baina ezin gara konformatu”

uriola.eus 2023ko mai. 17a, 10:15

Atzo ekin genion maiatzaren 28ko Bilboko udal hauteskundeetako hautagaien elkarrizketei. Bilbo hiria irratiko lankideekin batera, Nora Abete PSEko alkategairekin izan ginen. Hala, hurrengo asteetan zehar, bi hedabideen artean ordezkaritza duten alderdietako hautagaia euskaldunak elkarrizketatuko ditugu, eta datozen lau urteko Bilborentzat dituzten proposamenak aztertuko ditugu.

Abete 1985ean jaiotako Bilbotarra da eta Mugikortasuneko eta Iraunkortasuneko zinegotzia izan da azken legealdian; horretaz gain, aurretik ere bestelako lan ardurak izan ditu Bilboko Udalean. Hautagaiak hiri berdinzaleagoa, modernoa, bizi kalitate ona eskaintzen duena jasangarriagoa eta dinamikoagoa lortzean jarri zuen fokoa. Elkarrizketan zehar, gai ugari landu zituen alkategai sozialistak.

Aurreko denboraldiaren balorazioa

“Lau urte zailak izan dira eta erabaki zailak hartu behar izan ditugu. Nik uste orokorrean Bilbok aurrera egin duela, baina ezin gara konformatu. Horregatik, aurrerago egin behar dugu”. Egin gabe geratu diren gauzei dagokionez, Abetek ez du uste gauza larregi geratu direnik egiteko. Oro har, PSEk EAJrekin osatu duen koaliziozko udal gobernuak zuen plan estrategikok bete egin dutela uste du. “Esango nuke, Bilbo orain hobeto dagoela”.

Dena den, bi alderdien akordioa berresteko aukerari buruz galdetuta, goizegi dela adierazi zuen, alkate izateko asmoa eta ilusioa erakutsiz.

Hurrengo lau urteetarako lan ildo nagusiak

“Gure erronka nagusiak izango dira: klima aldaketa, erronka demografikoa eta jasangarritasuna. Izan ere, hobeto bizitzeko behar dugu hobetu zaindu, hobeto hazi eta hobeto bizi”.

Etxebizitza

Bere alderdiak Espainiako etxebizitza legea Bilbon aplikatzeko erakutsi duen interesaren inguruan, honakoa adierazi zuen hautagai sozialistak: “Sozialistok argi dugu etxebizitza arazo bat dela pertsona askorentzat eta, bereziki, gazte askorentzat. Horregatik, 2015ean, oposiziotik Euskadiko legea bultzatu genuen eta Espainiako legea martxan jarriko dugu”. Zentzu horretan, etxebizitza eskubidea bermatzeko “aterki” bat izateko asmoa erakutsi nahi izan zuen.

Mugikortasuna

Amaitzear dagoen legealdi honetan Abetek izan duen postua dela eta (Mugikortasuneko eta Iraunkortasuneko zinegotzia), auzi honek aparteko pisua hartu zuen elkarrizketan. “Mugikortasuna iraultza bat izan da gure hirian. Ikuspuntua aldatu dugu. Lehen zirkulazioa deitzen zen eta sozialistok heldu ginenean, osasuna eta mugikortasuna lotzeko hausnarketa egin genuen”. “Beraz, bizitzaren kalitatea hobetzeko, mugikortasun politikak sustatu behar ditugu”.

Turismoa

Sozialistak argi eta garbi utzi nahi izan zuen begi onez ikusten duela turismoa. “Bilbo mapan kokatzen duelako eta diru-iturri delako”. Hala ere, onartu zuen aktibitate turistikoa neurtu beharra dagoela, arautzearen garrantzia azpimarratuz. Era horretan, turismo jasangarriaren alde egin zuen; edozein kasutan, egungo Bilbon momentu honetan turismoa arazo bat denaren idea baztertuz.  

Auzoak

Bilbo bi erritmora bizi den hiri bat dela dioten iritziei buruz galdetuta (erdigunea eta auzoetakoa), hautagaiak onartu zuen badaudela auzo batzuk (Sarrikueren adibidea jarri zuen) zenbait zailtasun bizi dituztenak, irisgarritasunaren aldetik, esaterako. “Badakigu garbiketaren kasuan, adibidez, auzo batzuetan desberdina dela, eta hori ezin dugu onartu”. “Guk beti defendatuko dugu hiri bakarra dela eta denok eskubide berdinak izan behar ditugu”.

Euskara

Euskaldun berria zela adierazita heldu zion PSEko hautagaiak euskararen auziari. “Niretzat oso esperientzia interesgarria eta aberasgarria izan da. Nire ama hizkuntza ez den arren, nik geroz eta gehiago entzuten dut Bilbon”. Ildo horretan, udaletik euskararen normalizaziorako egiten den lana azpimarratu nahi izan zuen. Azkenik, Bilboko gizarte eragile euskaltzaleekin elkarlanean aritzeko jardunaren harira, udalean duten Euskara Batzordearen papera aipatu zuen.

 

Sakatu hemen elkarrizketa osoa entzun nahi baduzu!