ELAk lau eguneko grebarako deialdia egin du Hotel Occidental Bilbaon

uriola.eus 2023ko eka. 22a, 13:03
ELA Sindikatuak Occidental Bilbao hotelean antolatutako elkarretaratzea. Argazkia: ELA Sindikatua.

Sindikatuak Barceló Hotel eta Ressort taldearen hoteleko langileek hitzarmena negoziatzeko pairatzen duten blokeo egoera salatzeko mobilizazioak antolatu ditu ekainaren 27an, 28an, 29an eta 30ean.

Begoñako auzoan kokatutako hotelean 50 langile inguru daude gaur egun. ELAk adierazi duenez, hoteleko enpresa komiteak lau eguneko greba egitea erabaki du, aipatutako blokeo egoera salatzeko: ekainaren 27tik-30era.

Langileek KPIak bermatzen dituzten soldata igoerak, lan karga onartezinak murriztea, arau orokor gisa egiten diren aparteko orduak kontrolatzea eta ordaintzea eskatzen dute. Azken batean, batzordearekin berriz elkartzea eta hitzarmena negoziatzea eskatzen diote enpresari.

Horrekin batera, hotelaren aurrean elkarretaratzeak ere egingo dituzte grebaren aurreko egunetan: ekainaren 23, 24 eta 25ean.