Aste nagusirako atzerako kontaketa abian da

uriola.eus 2023ko uzt. 17a, 14:55

Urtero bezala, Bilboko Konpartsen Federazioa osatzen duten konpartsa desberdinek Konpartsakide Eguna ospatu zuten Areatzan joan den larunbatean.

2023ko Bilboko Aste Nagusirako oraindik hilabete bat falta den arren, joan den larunbatean, uztailak 15, Bilboko konpartsa desberdinek Alde Zaharreko kaleak festaz eta ilusioz bete zituzten. Era horretan, goizeko 11k aldera dagoeneko hasi ziren egun osoan zehar luzatuko ziren gauzak antolatzen. Hala, goizetik arratsaldera arte hainbat ekitaldi desberdin eraman zituzten aurrera.

Jai egunari hasiera emateko, konpartsa desberdinek Pintxo Txapelketan parte hartu zuten, orotara 20 pintxo baino gehiago prestatuz. Sari banaketari hasiera eman aurretik, konpartsetako zenbait kidek ardo dastaketaz gozatzeko aukera izan zuten. Bien bitartean, beste zenbaitek Elkarlan Uholde Tourran parte hartu ahal izan zuten Karmelo Landaren eskutik. Landak 1983ko uholdeen eraginak azaltzeko ibilbide gidatu egin zuen, Bilboko Konpartsek gertaera horretan izandako papera azalduz; izan ere, aurten 40 urte betetzen dira Bilbon oroitzen diren uholde okerrenetatik. Zentzu horretan, esanguratsua izango da aurtengo edizioari jarritako izena “83-23 Elkarlan Uholdea”, aipatutako efemerideari erreferentzia eginez.

Eguerdi aldera, 14:30etan pintxo lehiaketaren sari banaketari ekin zioten. Aurtengo edizioan Trikimailu konpartsa izan zen garaile “Marijaiaren Bikinia” izeneko pintxoari esker. Ondoren, behin pintxoei esker sabelak berotu eta gero, konpartsen arteko bazkaria egin zen.

Arratsaldeari dagokionez, 17:00etan Bingo Musikatuaren txanda izan zen. Bazkal osteko animoa pizteko, parte hartzaile bakoitzari abesti desberdinez osatutako kartoi txiki bat eman zitzaion; jarraian, abestien hasierak jartzen hasi ziren eta jendeak bere kartoian ageritako abestiren bat identifikatu ahala, horietako bakoitza markatu behar zituen ilara edo bingoa osatu arte. Bada, pixkanaka pixkanaka humorez antolatutako joku honek giroa berotu zuen 19:00etan hasi zen Urrats erromeriarako. Getxotarrek aparteko ikuskizuna eskaini zuten egunari amaiera emateko eta Aste Nagusirako gogoak piztuz.