Autonomo txikiak TicketBAI-en aurka

uriola.eus 2024ko eka. 18a, 16:35

Argazkia: TicketBAIk Kaltetuen Elkartea

Hainbat autonomo eta enpresa txikik Ticketbaik Kaltetutakoen Elkartea sortu dute.

2024 hasi bezain pronto jarri zen indarrean TicketBAI derrigorrez (2020aren urrian hasi zen borondatezko epea) Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Hiru foru Ogasunen eta Eusko Jaurlaritzaren proiektu komuna da TicketBAI, zeinaren eraginez, jarduera ekonomikoa egiten duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek erakundeek fakturazio-software bat erabili behar duten, foru-ogasunek beren jarduera ekonomikoen diru-sarrerrak kontrolatu eta faktura bakoitza zuzenean Ogasunak jaso dezan.

Neurri hau nahitaez indarrean jartzeak enpresa txiki eta autonomoen desadostasuna eragin du. “Enpresak eta autonomoen lanpostuak sortzea gero eta zailagoa izan dadin etengabe egiten ari dira lan aldundiak”, neurri hauek EAEko autunomoen kopurua etengabe jaitsiarazi duela salatu dute TiketBAIk Kaltetuen Elkarteak, izan ere, azken 15 urteetan 22.000 autonomo gutxiago daude bertan. BPG gutxiago dutela ere azaldu dute, eta kupoaren %6,24a izango balute gisa ari dra ordaintzen, zifra %5,89ra jaitsi denean. Autonomoen egoera gero eta eskasagoen aurrean, azken hamarkadan funtzionarioen eta zergen aparatua hirukoiztu egin dela salatu dute “egunen batean geratuko diren lanpostu bakarrak funtzionarioenak izango dira, gainerakoak dirulaguntzen menpe egongo direlarik”.

TicketBAI sistemaren inplementazioak autonomo eta enpresa txikien egoera are gehiago zailtzen duela dio plataforma sortu berriak. Alde batetik, informatizatu eta softarea eguneratzeko behar berriak gastu berriak dakartza, zenbaitetan baliabide teknikoak eguneratzean inbertsio handia egin behar delako. Kasu askotan, aldaketa hau egitea zailtasun gehien dituzten enpresa eta norbanakoei eskatzen zaiela salatu du plataformak. Horrez gain, prozesu honen digitalizazio eta automatizazioak saltoki eta zerbitzuen eta erabiltzaileen datuak ziberrerasoen arriskuan jartzeak kezka sortu du enpresa eta autonomoen artean, baita Administrazioak datu guztiei sarbidea izanda, haien intimitatean eduki dezakeen eraginean ere.

Informatikarik gabe bizitzeko eskubidea

Behar informatikoen aurrean, plataformak informatikarik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatu du, sistema berri bat ezartzera behartu ezin dituztela argudiatuta, eta auzo-merkataritza txikiaren aldeko haien jarrera plazaratu dute, “Merkataritza bizitza da, eta horrela da gure denda txikiek bizitasuna ematen dietelako gure auzoei, herriei eta hiriei, bai maila ekonomikoan, bai maila sozialean. Izan ere, gure saltokiek argitasuna, segurtasuna eta garbitasuna ematen dituzte, eta mugimendu eta dinamismo ingurune bat sortzen dute, non gizarte harremanak sortzen diren”.

David eta Goliath

Ustez gardentasuna sustatu eta ogasun-delituen murriztearen alde egiteko indarrean jarritako neurriak, Oligopolio EAEn egoitzarik ez duten multinazional erraldoien konpetantzia eta iruzur fiskalaren aurka eraginik ez izatea leporatu diote TicketBAIen inplementazioari, “Horregatik sortu dugu Ticketbaik kaltetutakoen elkarte hau, pertsona guztiek datuak babesteko dituzten eskubideak defendatzeko eta administrazioen gehiegikeria eta kontrola gelditzeko”.