Aste Nagusiak badu afixa

uriola.eus 2024ko eka. 25a, 12:08

Argazkia: Mario Larrinagaren "Azul Agosto" izango da aurten Aste Nagusiaren irudia.

Mario Larrinaga Gonzalezen “Azul Agosto” lanak irabazi du afixa txapelketa.

Zeruko grisak tokia utzi dio urdinari, eta urdinez jantzita etorri da baita aurtengo Aste Nagusiaren afixa izango dena: Mario Larrinaga Gonzalezen “Azul Agosto”. Arriaga Antzokiko pregoia irudikatzen duen irudiak bikain irudikatzen du Aste Nagusien hasierako irrika eta zirrara, dagoeneko zenbait bilbotarrek sentitzen dutena egutegian gorriz markatutako egunetarainoko asteak kontatzen dituzten bitartean.

303 proposamenen artean izan da hautatua Larrinagaren lana, 172 diseinu grafikoko profesionalek eta 131 diseinuaren zaleek eginak. 87 afixa burutu dituzte bilbotarrek, 54 Euskal Herriko beste txokoetako artistek eta 145 estatuko sortzaileek, baita Peru, Kuba, Errumania, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Brasil, Ekuador, Bolibia eta Finlandiako 17 artistek ere.